euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2015eko jardueren ziklo hasieran, dantzak eta Emakumearen Eguneko omenaldiak Pergaminoko Lagun Onak-en

2015/03/12

Emakumearen Eguneko omenaldian sariak jaso zituzten emakumeak, euskal etxeko kideez inguratuta (argazkia EE)
Emakumearen Eguneko omenaldian sariak jaso zituzten emakumeak, euskal etxeko kideez inguratuta (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Dantza klaseak otsailean hasi dira Pergaminon bi helburu argirekin: ‘Buenos Aires-ek Euskal Herria ospagai’ jaialdia eta Euskal Aste Nazionalerako emanaldiak prestatzea. Horiekin batera urtean zehar beste hainbat zeregin izango dituzte Lagun Onak-eko kideek; joan den ostiralean, esate baterako, etxeko emakumeak lagundu zituzten Emakumearen Eguna dela eta egindako omenaldian. 

Pergamino, Argentina. “Mujeres Todo Terreno” (Lur Orotako Emakumeak) izeneko kanpaina jarri du martxan Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta Buenos Aires probintziako Pergamino hiriko Udalak. Eta kanpainaren muina genero indarkeriaren kontra borrokatzea izan arren, emakumeek gizartean izan duten eta duten eragina aldarrikatzeko aitzakia ere bada. Kari horretara, eta Eguna ospatzeko egindako jardueren artean, omenaldia egin zien Udalak hiriko kolektibitateetako emakumeei, Argentinako presidente izandako Arturo Illiaren jaioetxean, martxoaren 6an.

Euskal gizataldeari dagokionez, bost emakumek jaso zuten diploma bana Udaleko agintarien eskutik: “Emakume hauek berez euskal jatorririk ez badute ere, ezinbestekoak izan dira euskal etxearen garapenean, haien senarren ondoan izan baitira, eta euskal kultura bereganatu eta zabaltzen lagundu dute, bereziki sukaldaritzaren arloan. Lan asko eta musutruke egin dute, eta hori eskertzekoa da”, adierazi zuen zeremoniaren aurkezleak Dolly Bartoli de Arregui, Teresa Di Santo de Erbiti, Maria Ines Ferreira de Arregui, Maria Mercedes Lavandeira de Irizar eta Elisa Sanchez de Artolazabal andreei euren oroigarria eskuratzeko deitu aurretik, euskal etxetik adierazi zaigunez.

Euskal dantzak

Bestalde, goiz hasi dira aurten dantza eskolak Pergaminoko euskal etxean. Goiz eta oso talde jendetsu batekin. Lagun Onak-etik adierazi digutenez, “arrakasta handia izan dugu aurtengo deialdiarekin; urteak ziren hainbeste lagun biltzen ez genituela euskal etxean dantza egiteko, eta poz-pozik gaude. Bi helburu finkatu ditugu; alde batetik maiatzean egingo den ‘Buenos Aires-ek Euskal Herria ospagai’ izeneko festara joatea; eta, bestetik, urte amaieran Macachinen ospatuko den Euskal Aste Nazionaleko dantzaldian aurkeztea”.

Bi dantza talde daude Pergaminoko Lagun Onak-en eta ostiraletan elkartzen dira entseatzera, hasi berriak arratsaldeko 6etan eta aurreratuak, 7:30etan, biak Miguel Garcia Bernaus dantzari arrecifestarra arduradun. Erakundetik gogorarazten dute hilabete bakoitzeko bigarren ostiralean, entsegua bukatutakoan, tabernak antolatzen direla euskal etxeko egoitzan. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia