euskal diaspora eta kultura
2014/07/04
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Urtero bezala, aurten ere Sanferminak maite dituzten argentinarrak egunak zenbatzen ibili dira egun berezi hauek noiz iritsiko. Baina heldua da, iritsi da unea, ordu batzuk baino ez dira falta ‘Gora San Fermin’ oihu egin ahal izateko. Hona hemen Argentinan zehar egingo diren hainbat ospakizunen berri:
Arrecifes, Euskaldunak Denak Bat. Sanferminak ospatzeko Taberna uztailaren 8an izango da, gaueko 9etan. Sarrerak 60 peso balio ditu.
Azul, Gure Txokoa. Uztailaren 7an, arratsaldeko 7etan, meza bat emango du Hugo Manuel Salaberry Monsinoreak hiriko Katedralean. Mezan euskal etxeko lagunek eskaintza egingo dute eta diru-bilketa eta mezako irakurketaz ere arduratuko dira. Elizkizunak bukatzean Agur Maria errezatuko da euskaraz eta gaztelaniaz eta biziarteko kide izendatuko du euskal erakundeak Salaberry Monsinorea. Elizako espaloian txupinazoa jaurtiko da.
Bolivar, Nafar Etxea. 2014ko San Fermin festa ekainaren 22an hasi da Bolivarren, nafar etxearen 60. urteurreneko jaien baitan. Astelehen honetan, hala ere, jarraituko dute Santuaren eta etxeko hildakoen omenezko meza batekin. Uztailaren 11an Mus Txapelketa burutuko dute eta 12an, San Fermin afaria. Afalostean etxeko dantzariek dantzatuko dute eta goizeko 3etan, Iruñeko Entzierroa ikusiko dute, zuzenean, internet bidez
Buenos Aires, Nafar Etxea: ekitaldiak etzi hasiko dira, meza batekin San Fermin Parrokian. Mezaren ostean, nafar etxean bilduko dira kideak pintxoak dastatu eta dantza egitera. Ohiko bazkaria uztailaren 9an izango da eta txupinazoarekin hasiko da eguerdian. Txupinazoa bota eta gero, dantzari, kiliki eta buruhandiak kalera aterako dira dantza egitera. Bazkaldu eta gero, ikuskizunak egoitzako areto nagusian jarraituko du, dantzarekin eta Rocio del Cielo-ren abestiekin.
Buenos Aires, Euskaltzaleak: topaketa gaur bertan izango da, gaueko 10etan. Sukaldari nafarrek prestatuko dituzte pintxo eta kazuelak.
Buenos Aires, Laurak Bat: uztailaren 12an etxeko kide eta lagunak bilduko dira Independentziaren Eguna eta San Fermin ospatzeko. Festa gaueko 9etan hasiko da.
Chascomus, Zingirako Euskaldunak. San Ferminen omenezko bazkaria uztailaren 6an izango da Marcha erakundearen instalazioetan. Eusko Hazia taldeko kideek dantzak eskainiko dituzte. Helduentzako menuak 80 peso balio ditu (edaririk gabe) eta umeentzakoak, 40.
Coronel Pringles, Eusko Biltzar. San Fermin eta Argentinako Independentziaren Eguna ospatuko dituzten pringlesatrrek ekintza askotako programa batekin. Uztailaren 7an, arratsaldeko 7:30etan, ‘Hay vuelta de hoja’ liburuaren erakusketa egingo da elkartearen egoitzan. Uztailaren 9an, berriz, txokolate-askaria egingo dute eta uztailaren 13an, meza. Zeremonia Santa Rosa de Lima Parrokian izango da, goizeko 11etan eta bukatzean ‘Beti Dantzari’ taldeko gazteek euskal dantzak oparituko dizkiote bildutako publikoari. Honekin batera, euskal etxetik jakinarazten dute uztailaren 12an San Fermin zozketa egingo dela.
La Plata, Euzko Etxea. Gaur hasiko da San Fermineko programa Luis Luquezen "Eneko Aritza I. Errege Baskoina" hitzaldiarekin. Biharko, kirol ekintza bat iragarri dute laplatatarrek. Etxeko pilota lekuan xare erakustaldia egingo dute Santiago Gramajo, Iñaki Gil Najera, Alan Correa, Nicolas Zanabria, Mikel Gil Najera eta Andoni Etcheverry pilotariek. Azkenik, tradizio handiko bazkaria uztailaren 6an izango da, eguerdiko ordu 1etik aurrera, Toki Alai aretoan. Sarrerak 20 peso balio ditu (bi pintxo eta edari bat). Taskan, berriz, oilaskoa eta kazolak salduko dira. Arratsaldean dantzari eta musikarien emanaldiak burutuko dira. Txupinazoa ere ez da faltako.
General Roca, Gure Etxea. Hitzordua uztailaren 9an da, eguerdian, eta proposamena, pintxoak, paella eta ardo ona partekatzea.
General Rodriguez, Eusko Aterpea. San Fermin Mus Txapelketarekin ospatuko dute rodrigueztarrek Iruñeko jai nagusia. Lehiaketa uztailaren 6an, arratsaldeko 3etan hasiko da.
Maipu, Anaitasuna. Sanferminetako egitaraua uztailaren 6an hasiko da, goizeko 10:30etan, meza batekin. Euskal etxeko kideek San Fermin santuaren estatuatxoa tronuratuko dute eta euskal etxeko hildako kideen omenean otoitz bat zuzenduko. Dantzariek ere hartuko dute parte Aurreskua dantzatuz. Goizeko 11:30etan plaza dantzak egingo dira eta arratsaldean askaria eta zine emanaldia egongo dira euskal etxean.
Mendoza, Nafar Etxea. Jaia uztailaren 6an izango da, eguerdian, Guaymallengo Azokako instalazioetan. Festari hasiera emateko, Alma Navarra koruak abestuko du eta kideak prozesioan sartuko dira aretora, santuaren irudia eramanez. Segidan, abesbatzak abesti nafarrak eta argentinarrak kantatuko ditu etxeko dantzari helduek dantza egiten duten bitartean. Jarraitzeko, dantza flamenkoak ere taularatuko dituzte dantzariek. Dantzari gazteek itxiko dute emanaldia Nafarroako koreografia tipikoekin.
Mendoza, Denak Bat. Uztailaren 6an, eguerdiko 12:30etan, babarrunak eskainiko dizkie euskal etxe mendozarrak bere egoitzara bertaratzen diren lagunei. Umeentzat ustekabeak ere prestatuko dituzte. Antolatzaileek gonbidaturik, Kataluniako Etxeko abesbatzak abestuko du jaian. Sarrerak 100 peso balio ditu, janaria, edaria eta postrea barne.
Olavarria, Gure Etxe Maitea. Dantzatuz ospatuko dituzte Olavarriako lagunek Sanferminak. Hitzordua bihar da, erakundearen egoitzako tabernan.
Pergamino, Lagun Onak. Afaria eta musika ikuskizuna eskainiko dituzte pergaminotarrek uztailaren 5ean, gaueko 9:30etan. Willi Chalon kantariak animatuko du San Fermin jaia.
Río Cuarto, Gure Ametza. Cordobako probintzian, San Fermin Taberna gauzatuko du Gure Ametza euskal etxeak gaur zortzi. Gaueko 10:30etatik aurrera, Manuel Campoamor Ascacibarrek prestatutako pintxoak eta Edurne Bilbao eta Cynthia Sanchez Benitez-en tortilak dastatuko ahal izango dituzte gonbidatuek. Txartelak 80 peso balio ditu.
Rosario, Nafar Etxea: gaur hasiko dira ospakizunak bere mendeurrena betetzen ari den nafar etxe honetan. Iluntzeko 8etan 1987. eta 1988. urteetako Sanferminetako filmazioak proiektatuko dira eta horren ostean lagunarteko afaria egingo. Bihar, berriz, San Fermin festen hasiera ofiziala, eguerdiko 12etan, txupinazoarekin. Segidan bazkaria eta iluntzeko 7:30etan, edade guztietako etxeko dantzarien emanaldia. Igande goizean, omenaldi bat egingo zaie erakundeko hildako kideei Nafarroa Plazan eta arratsaldean, kalejiraz, egoitzatik 25 de Mayo Plazara joango dira dantzari, buruhandi eta zaldikoak. Eguneko programa Hiriko Katedralean egingo den mezarekin bukatuko da. Uztailaren 7an, iluntzeko 8etan, prozesioa izango da eta 9etan, afaria. Menua: kaldereta. Biharamunean, San Fermin Banketea hiriko udaleko, unibertsitateko eta Espainiako Kontsulatuko agintariak lagun. Afalostean, erromeria eta goizeko 3etan, Iruñeko Entzierroa ikusiko da, zuzenean. 2014ko ekitaldiekin bukatzeko, uztailaren 9ean, Argentinako Independentziaren Egunean, txokolatea txurroekin eta pattarra, eta dantza taldeen emanaldia. Arratsaldeko 7etan, ‘Gaixoa ni’, festei amaiera emateko.
Rosario, Zazpirak Bat: uztailaren 12an, paella, euskal tortilla eta kalimotxoa prestatuko dituzte Gaztedi Zutik taldeko dantzariek San Fermin ospatzeko. Afaria etxeko pilotalekuan izango da eta erromeriak lehenengo pisuan jarraituko du. Sorpresak ere prestatu dira.
Tandil, Gure Etxea. Igandean, uztailaren 6an, goizeko 11etan, meza Santa Ana Parrokian, abesbatzako kideak eta dantzariak lagun. San Ferminen omenezko elizkizunaren baitan, etxeko hildakoei ere eskainiko zaie otoitza. San Fermin Bazkaria, berriz, uztailaren 9ean izango da.
Trenque Lauquen, Euskal Sustraiak. San Fermin Taberna uztailaren 12an izango da, larunbata. Musika, dantzak eta janari ona izango dira gaueko protagonista.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus