Euskaldunen hizkuntza maite duten lagunak mundu osoan daude sakabanatuta; baina multzo bezala, Argentina da Diasporakoen artean euskara ikasle eta irakasle gehien dituen herrialdea. Horra zergatik ENE ospatzeko deialdiak euskal etxe zerrenda luze batetik luzatzen diren abenduaren lehenengo astean… ospatu ere, hilabetean zehar ospatzen dira. Gaurko artikuluan, 2014ko ENE ospakizun argentinarren bigarren argazki galeria.
Buenos Aires, Argentina. Hamaika aukera luzatzen dituzte urtero Argentinako euskal etxeek Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Batzuek komunitate mailako aldarrikapenak egiten dituzte hizkuntzaren berri eman edota bere egoera zein den jakinarazteko; beste batzuek, gehienbat euskara ez dakitenei begirako ekintzak antolatzen dituzte, euren arreta erakartzeko. Nolanahi ere, jai giroa gailentzen da topaketetan "euskara bera baita ospatzeko arrazoi on bat". 2014ko ENE ospakizun argentinarren bigarren argazki galeria osatzeko, Arrecifes, Buenos Aires (Eusko Kultur Etxean eta Euskaltzaleak-en), Cordoba (Gerora-n), Chivilcoy, San Juan eta Villa Maria hirietan egindako ekitaldiak.