euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2014ko Euskal Aste Nazionaleko Lehiaketetan parte hartzeko gonbitea luzatu du La Platako Euzko Etxeak

2014/06/20

Bahia Blancako Union Vasca-ko kideak euren saria jasotzen Rosarioko Euskal Astean, 2012an
Bahia Blancako Union Vasca-ko kideak euren saria jasotzen Rosarioko Euskal Astean, 2012an

PUBLIZITATEA

Euskal etxe antolatzaileko euskara taldeak bultzaturik hiru lehiaketa hezurmamituko dira aurten ere Euskal Aste Nazionalari begira: Idazlan lehiaketa, idaztea gustuko duten euskara ikasle eta irakasleei dago zuzenduta eta gaia ‘Euskal etxeko oroipenak’ izango du; Kartel lehiaketaren bidez, berriz, 2015eko euskara klaseak sustatzeko afixa aukeratu da; Txikien postalenak, azkenik, euskal etxeetako umeen lana erakustea du helburu. Euskal Astea azaroaren 2tik 9ra egingo da baina lehiaketetako lanak bidaltzeko epea irailaren 12an agortuko du.

La Plata, Argentina. Erakundearen 70. urteurreneko ekitaldietako parte, Euskal Aste Nazionala La Platako euskal etxera bueltatuko da. Aktibitateen egitaraua azaroaren 2an hasiko da, 9raino luzatzeko, beti ere ekintza nagusiak azken asteburura bilduz. Asteko programa xehetua osatze bidean da, baina zenbait atal eta  proposamen zehaztuta daude dagoeneko, euskararekin lotura dutenak kasu. Euskara lehiaketen ardura Euzko Etxea-ko euskara taldeak hartu du bere gain eta hona antolatu dituen hiru sailetan parte hartzeko egokitu dituen jarraipideak:

‘Euskal Etxeko oroitzapenak’ Idazlan Lehiaketa

Norgehiagoka honetan Argentinako euskal etxe guztietako ikasle eta irakasleek har dezakete parte eta xedea du euren euskal etxeetan bizi izan dituzten bizipenak gogora ekartzea. Idazlanak banaka zein taldeka (gehienez hiru partaide) aurkez daitezke eta pertsona edo talde bakoitzak lan bat baino gehiago aurkez ditzake hala nahi izanez gero.

-Gaia: Idazleek, euskal etxean bizi izandako pasadizo edo esperientzien oroitzapenak kontatuko dituzte.

-Aurkezpena: testua euskaraz izango da, izenburua behar du izan eta A4 tamainako orrian idatzia behar du, 12 neurriko letra erabiliz, times new roman delako motan, lerro artean tarte bikoitza utziz, 100 hitz gutxienez eta 500 gehienez. Testu mota (deskripzioa, narrazioa, elkarrizketa…) idazlearen/dazleen erabakia izango da. Testuaren egileak izengoitia aukeratu behar du lana sinatzeko eta banaka edo taldeka egin duen argitu beharko die antolatzaileei, dagokion kategorian sailka dezaten.

Gutunazal itxi batean honako datuak ezarriko ditu: egilearen edo egileen izenak eta euren benetako datuak, alegia: izen-abizenak, NAN, telefono zenbakia, helbide elektronikoa, herriaren eta euskal etxearen izenak, euskal etxeko euskara arduradunaren izena, ikaslea edo irakaslea den, eta ikaslea baldin bada, zein urratsetan dagoen eta irakaslearen izena.

-Saria: euskal etxe antolatzaileak hautatuko dituen hiru adituk osatuko dute epaimahaia. Kategoria bakoitzeko irabazleak diploma/aipamena bat jasoko du.

Kartel Lehiaketa

Argentinako euskara klaseak iragartzeko erabiltzen den afixa Euskal Aste Nazionalaren baitan burutuko den lehiaketa honetatik atera ohi da. Ikasle eta irakasleek har dezakete parte, banaka edo taldeka, kartel bat edo gehiago aurkeztuz. Gaia, 2015eko euskal etxeetako euskara klaseen zabalkundea izango da, eta neurria 0,35 x 0,50 metrokoa. Ezin dira lau kolore baino gehiago erabili eta ez dira arkatzez egindakoak onartuko. Kartelarekin egilearen izengoitia jarri behar da, eta gutunazal itxi batean bere benetako datuak: izen-deiturak, NAN, telefonoa, emaila, herria, herrialdea eta euskal etxea, euskal etxeko euskara erreferentea, eta euskara ikasle den edo ez. Sarituak diploma/aipamena jasoko du; kartela euskara klaseak sustatzeko materialetan erabiliko da.

Txikien postalak

Eta euskal etxeko txikienek ere izango dute euren lekua Euskal Astean. Postal erraldoiak egingo dituzte Euskal Asteko publikoaren aurrean erakusteko. Postalak zorion agurrak (Eguberriak, Urte Berria, Euskararen Eguna…) banatuko dituzte, eta kartulina batean egingo dira, teknika librea erabiliz. Parte hartzea taldeka egingo da eta talde bakoitzak postal bakarra baino ezin izango du bidali. Postalarekin batera, eta A4 tamainako orri batean, haur parte hartzaile bakoitzaren datuak --izen-abizenak eta adina; taldearen irakaslearen izena, eta herriaren eta euskal etxearen izenak-- atxiki beharko dira.

Hiru lehiaketa hauetarako lanak bidaltzeko epemuga irailaren 12a da eta igortzeko helbidea honakoa:

Centro Vasco Euzko Etxea La Plata
Euskal Asteko (Idazlan lehiaketa) /(Kartel Lehiaketa) / (Txikien postalak)
Calle 14 esq. 58 Nº 1245
CP:. 1900. La Plata – Pcia de Buenos Aires, Argentina

Sari-ematealdia Euskal Asteko agur bazkarian burutuko da, azaroaren 9ko eguerdian.

-Euskal etxe antolatzailearen webgunea: www.centrovasco.com



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia