Donostia-San Sebastian. Martxoaren 31 izan da aurten Aberri Egunaren data ofiziala Euskal Herrian, eta Diasporan ere erreferentzia eguna gisa balio izan du, data horren inguru malgu batean antolatu eta ospatu baitira Aberri Egunarekin bat egiteko ekitaldiak, EuskalKultura epe horretan iragartzen joan denez artikulutan zein agendan ere. Sail horretako azken artikulua dugu gaurko hau, azken datu eta argazki sortarekin. Modu, estilo, ekitaldi-mota eta ezaugarri askotako ekitaldiak izan dira, elkarren bilgarri euskal nazioa ohoratu eta goratzea. Duela gutxi gogoratzen genuen datorren asteburuan egingo duela oraindik ere Aberri Eguna ospatzeko bere hitzordua Las Vegas-eko Lagun Onak Euskal Etxeak (AEB) eta General Rodriguez-ko Eusko Aterpeak (Argentina), berriz, maiatzaren 12an egingo duela berea.
Aberri Eguna euskal etxe historikoek sakon ospatu izan duten data da, bereziki Gerra Zibilako erbesteratuak iritsirik, eta EE gazteek ere gogoz eutsi diote, azkenetako bat Trujillokoa
Montevideoko Haize Hegoak martxoaren 31an bertan ospatu zuen Aberri Eguna. Txileko Santiago Euzko Etxeak, berriz, joan den asteburuan ospatu berria du, apirilaren 14an, bere egoitzako Amalur jatetxean. Peruko Trujilloko Euskal Etxeko lagunek afaria partekatu zuten, martxoaren 30an. Eta Venezuelako Caracasko Eusko Etxeko kideek, urtero egin ohi duten bezala, Aberri Eguna ojore eta solemnitate guztiarekin gauzatu zuten, ikurriña eta venezuelarra mastetara ereserkiak lagun igoz, egun berean euskal elkarte caracastarraren 74. urteurrena ospaturik (bideoa hemen).
Kubako hiriburuan bilera informal bat egin zuten bertan bizi diren euskaldunek eta euskara eta euskal kultura ikasten ari diren lagunek euskal jendearentzat jadanik topagune mitikoa den Habanako ‘La Bombilla Verde’ tabernan. Estatu Batuetan, New Yorkeko Eusko Etxean bildu ziren bazkide eta lagunak, atxikimendua eta alaitasuna lagun, musika, dantza, mus partidak eta adiskideen arteko giro ona ezaugarri izan zituen ekitaldian, "urtean egiten dugun elkarretaratze nagusi eta bereziena", azpimarratu digute. Frantziako hiriburuko Euskal Etxea ere izan zen Aberri Eguneko ospakizunen parte. Parisen egun osoko programa garatu zuten: musa, mutxikoak, dantzak, taloak eta kantak (Bideoa, hemen). Palma de Mallorcako Artea Euskal Etxeak, berriz, Son Rapinya Frontoian ospatu zuen, "Ikusi mendizaleak" abestia grabatuz (bideoa hemen) eta ondoren pintxo pote bat partekatuz.