euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2014 Nazioarteko Mus Txapelketako bikoteak jasoko ditu Mexikok Cancunen urriaren 20tik 25era

2014/09/08

2014ko urrian Mexikoko Cancungo Mundu mailako Mus Txapelketaren webgunearen azala
2014ko urrian Mexikoko Cancungo Mundu mailako Mus Txapelketaren webgunearen azala

PUBLIZITATEA

“Parte hartzaileak bihar bertan jasotzeko prest dago Mexiko”, esan dio Pablo Mendiburuk Euskalkultura.com-i, txapelketa urriaren 20ra arte hasiko ez den arren. Cancunen izango da 37. edizio hau eta “erabat baikor” agertu da Mendiburu. Berarekin batera, Juan José Echenique, Ramón Irigoyen, Juan José Arrieta, Agustín Palacios eta Josetxo Garaicoechea dabiltza antolaketa lanetan. Bosgarren aldiz egingo da txapelketa Mexikon, aurretik herrialdeko hiriburuan (1981ean eta 1989an) eta Acapulcon (1999an eta 2004an) antolatua izan ostean.

Mexiko Hiria, Mexiko. Proconvenciones enpresaren laguntza “profesionala” izan du Polancoko Euskal Etxeak antolakuntzan. “Horrelakoak antolatzen dituen Mexikoko enpresa liderra da”, esan du euskal-mexikarrak. “Ez genuen familia kontu bat izatea nahi, dena ahalik eta hobekien antolatuta egotea nahi genuen, horregatik kontratatu genuen enpresa hau”.

Enpresa horretaz gain, tenis ekipamendua egiten duen K-Swiss marka eta, oraingoz, izena plazaratu nahi izan ez duten beste bi babeslek lagundu dute txapelketa ekonomikoki. “Oso laguntza erabilgarria eta beharrezkoa”, Mendibururen hitzetan. Izatez, herrialde parte hartzaile bakoitzak 1.200 dolar estatubatuar jarriko ditu baina, gainontzekoa, antolatzaileek beraiek jarriko dute.

Tradizioak dioen legez, txapela jasoko dute txapeldunek, bai eta “munduko txapeldunak izatearen ohorea” eta eta baita ere Mendiburuk argitu gura izan ez duen sorpresa bat.

Hamabi arituko dira partaide. Euskal Herriaz aparte, Argentina, Uruguai, AEB, Kanada, Txile, Espainia, Peru, Venezuela, Australia, Frantzia eta Mexiko. Herrialde bakoitzak bikote bana ekarriko du Cancunera, Mexiko eta Frantziak izan ezik, hauek bina bikote ekarriko baitituzte. Mexiko, herrialde antolatzailea delako, eta Frantzia, egungo herrialde irabazlea izateagatik. Gauzak horrela, 14 bikotek jokatuko dute Munduko Txapelketa eta, horiekin batera, herrialde bakoitzeko delegatu bana etorriko da.

Norgehiagoka urriaren 20a eta 25a bitartean jokatuko da, baina antolatzaileek 19tik 26ra arteko egonaldiak espero dituzte. Moon Palace hotelean hartuko dute ostatu hara doazenek. Mendibururen hitzetan, “Riviera Mayako bost izarretako hotelen artean hamar onenen artean” dago hotel hau. 250 lagun espero dituzte, parte hartzaile, familia, lagun eta jarraitzaileen artean.

Antolatzaileek, kanpotarrek lurraldea ezagutu dezaten aprobetxatu nahi dute txapelketa. Horregatik prezio anitzeko bidaia mota desberdinak antolatu dituzte (www.mundialmusmexico2014.com webgunean dago informazio guztia, hori bai, soilik espainolez, ingelesez eta frantsesez; euskararen arrastorik ez dago bertan). Horien artean mexikarrentzat propio antolatutako egonaldi laburreko planak, “ez baikenuen nahi kanpotarrak bakarrik hurbiltzea –Mendibururen berbatan−. Gutxienez erdiak mexikarrak izatea nahiko genuke”.

Nazioarteko Mus Txapelketaz gain, Mus Txapelketa Irekia eta Golf Txapelketa ere antolatu dute. “Dagoeneko badakigu Frantzian eta AEBetan interes handia piztu dutela”, azaldu du bozemaileak. “Sorpresa asko egongo dira”, iragarri du Mendiburuk.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia