euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2013ko literatur lehiaketako sariak eman ditu eta 3. edizioa deitzekotan da Buenos Airesen IEE-CVF

2014/02/05

Sari-ematean, Ernesto Cornejo Saravia, Miguel Corvalan Singh irabazlea eta Hector Sanjuas (argazkia IEE)
Sari-ematean, Ernesto Cornejo Saravia, Miguel Corvalan Singh irabazlea eta Hector Sanjuas (argazkia IEE)

PUBLIZITATEA

'Euskaldun bati gertatutakoa' du izenburu Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeak 2012an lehenengoz antolatu zuen nazioarteko ipuin lehiaketak. Proposamena asko hazi da geroztik eta 2013ko edizioak arrakasta handia lortu zuen, hirurogeitik gora idazle partaide lortuz. Emaitzak ikusita, hirugarren deialdi bati ekiteko asmoa dutela jakinari dute antolatzaileek, abenduan, 2013ko lehiaketaren sari emanaldian adierazi zutenez.

Buenos Aires, Argentina. 'Euskaldun bati gertatutakoa' izenburu eta gai harturik, nazioarteko ipuin lehiaketa antolatu zuen 2013an, bigarren aldiz, hiriburu argentinarreko Iparraldeko Euskal Etxearen Kultura Azpibatzordeak. Erakundeak izendatutako epaimahaiak– Rosa Misciagna, Julio Barbaro, Hector Sanjuas, Cesar Arrondo eta Emilio de Candido partaide – lan handia izan zuen irabazleak aukeratzeko, ez bakarrik idazle kopuruagatik (60 bat lagunek hartu zuten parte) testuen kalitateagatik ere baizik.

Doi-doi 2013. urtea bukatu aurretik garaileen zerrenda jakinarazi zen eta abenduaren 28an, Moreno kaleko egoitzan burutu zen ekitaldi batean, sariak eskuratu zitzaizkien lanen egileei. Diplomak, dominak eta plakak banatzeaz gain, ipuin sarituak irakurri ziren, tartean instituzioko lehendakaria den Ernesto Cornejo Saraviak eskatutako euskal pilotari buruzko bat.

Irabazleei dagokionez, bi kategoriatan banatu ziren. Kategoria orokorrean honakoak saritu ziren:

-1. saria: Tucumango Miguel Mario Corvalan Singh
-2. saria: Misiones probintziako Corpus Christiko Olga Leiciaga
-3. saria: Olivoseko Enrique Martinez
-4. saria: Buenos Aires hiriburuko Celia Scicolone
-5. saria: Sestaoko (Bizkaia) Francisco Conejo Hidalgo

Erakundeko kideen arteko kategorian, hiriburuko Enrique Levantini geratu zen lehenengo sariarekin. Sariez gain, aipamen, diploma eta agiri bereziak ere eman zitzaizkien parte-hartzaileei.

Iparraldeko Euskal Etxea Ipuin Lehiaketa 2014 01

[Etxeko lehendakariak eskaturik, euskal pilotari buruzko ipuin bat irakurri zen sari emanaldian (argazkiaIEE)]

Ospakizuna topa egite batekin bukatu zen eta kopak altxatzeko momentuan lehiaketaren arrakasta aipatu zuten euskal etxearen Kultura Batzordeko lagunek. “Oihartzun handia izan du aurten 'Euskaldun bati gertatutakoa' lehiaketak; izan ere Argentinatik ez ezik, Amerikako eta Europako beste hainbat herrialdetatik ere jaso ditugu idazlanak. Hau guztia gogoan asmoa da 2014an berriro ere antolatzea, oraindik ere arrakasta handiagoa izango dugulakoan” adierazi dute antolatzaileek.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia