euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2013. Urte Berri On! Buletina urtarrilaren 14tik aurrera segituko dugu kaleratzen

2013/01/02

2013. Urte Berri On! Buletinaren eguneroko plazaratzea urtarrilaren 14ean itzuliko da. Bitartean barne lanetara dedikatuko gara. Ohiko email, telefono, leku, Facebook eta Twiterren lokaliza gaitzakezu.
2013. Urte Berri On! Buletinaren eguneroko plazaratzea urtarrilaren 14ean itzuliko da. Bitartean barne lanetara dedikatuko gara. Ohiko email, telefono, leku, Facebook eta Twiterren lokaliza gaitzakezu.

PUBLIZITATEA

Kaixo, irakurle adiskide hori: urtero bezala sasoin honetan, EuskalKultura.com-ek egun batzuk hartuko ditu urte berriaren hasiera honetan barne-lanei ekiteko eta datozen egunetan ez dugu buletina plazaratuko. Aste t'erdi inguruko tartea izango da, urtarrilaren 14ean, astelehena, txintxo-txintxo itzuliko baikara zuekin urte osoan daukagun eguneroko hitzordura. Egun hauetan ere, dena den, zuen zerbitzura jarraituko dugu betiko legez, ohiko leku, email eta telefonoetan, baita Facebook eta Twitter-en ere. Segidako artikulu honetara, azken pare bat asteetan iritsi zaizkigun zorion-mezu eta urte berri agurrak bildu ditugu, usadio bilakatu denari jarraiki. Urte Berri On!

Donostia-San Sebastian. Urtero bezala, azkeneko egunetan gure erredakziora iritsi diren zorion-agur eta mezuak aipatuko ditugu jarraian, Argentinatik hasita, jasotako lehenengoa Buenos Aires probintzia barnealdetik baitator, Ayacuchoko Fermina Mariezcurrena eta familiak bidalia. "Amets bat betetzen denean, iratxo txikitxo baten irria dakar: helduden urtean, zure iratxoek irria iraunkor jantzi dezatela" dio, bi iratxoren irudiekin. Ayacucho bertatik, Euskal Odola Euskal Etxetik azken edizio honetako Sanferminetako afixaren irudia baliatzen dute zorionak bidali eta komunitateari eskerrak emateko "zuen bihotzak gure euskal izate eta sentitzeari zabaltzeagatik".

Seguruenik Argentinatik baita ere, baina nondik argitu gabe, Miguel Angel Fagoagak idazten du, hasten ari den urte berrian EuskalKultura.com-engandik "euskal eremuan sortzen den hainbeste material ona errezibitzen segitzea" espero duela, "besarkada bero bat... Jai zoriontsuak" gehituz. Buenos Aires probintzia hegoaldetik, Jean Etxepare euskal idazlearen sorleku izan zen Mar Chiquitatik, bertako Izatez Harro (sic) Euskal Etxetik, "Eguberria bihotzeko sentimendu onenak bilatu eta maite direnei bidaltzeko sasoin ona" dela dioskute, Zorionak eta Urte Berri On desiatzeko, ondoren, euskal eta argentinar banderak eta Olentzeroren marrazkia lagun.

Patagoniako Puerto Madryndik 'Etorritakoengatik' euskal etxe gazteko Nicolas Fagoaga lehendakariak idazten digu "Eguberri zoriontsuak eta proiektuz beteriko urte berria opatzeko, ongi pasatuz familia eta lagunekin". Portugaletetik edo Gasteiztik Oscar Alvarez Gila Diasporan espezializatutako historialariarena da zorion agurra, nahiz eta egon, munduko edozein lekutan egon daitekeen euskaldunen edo oro har emigranteen peskiza eta ikerketan. Donostiatik, "Zorionak gure lagun guztioi" dioskute elebitara Editorial Nereakoek.

Patagoniara itzuliz, Fundacion Patagonia Naturaletik, Facundi Gerli-k "atseginez agurtzen du festa hauetan". Pixkat iparralderago baina Argentinatik atera barik, Cesar Arrondok, Laprida edo La Platatik, pentsatzen dugu, zoriona eta urte berri ona desiratu ondoren, "gogoeta garai honetan, pentsaketa" eskatzen du instaño batez "askatasunik gabe edota etxetik urrun daudenentzat", dio, euskal presoak aipatuz, Hazparnetik Xarlo Etxezarretak egiten duen bezala, Olentzeroren figura eta Euskal Presoak Etxera esaldia biltzen dituen postalarekin.

Txinatik, Shanghaiko Euskal Etxeko lagunen postal digitala euskaraz, txineraz, ingelesez eta gaztelaniaz dator, mezua "Merry Christmas and Happy New Year" delarik. Donostian egoitza duen Etxepare Institututik, Mari Jose Olaziregiren Urte Berri mezua, berriz, hirueleduna da, hiri beretik idazten digun Euskal Idazleen Elkartearena eta Erein eta Elkar argitaletxeenekin bat eginez. Limatik, bertako Euskal Etxeko Raul Noblecilla lehendakariarenak dira zorion-agurrak. Eta Kaliforniatik, Los Angeles ondoko Chinotik, orain dela 60 urtetik gora bertako euskal komunitatearen biltoki den Centro Bascoko lagunek idazten dute, aldi berean euren azken janari eskaintzaren berri emanez.

Hendaiatik, Mutxiko Elkartea taldeko lagunek euren dantzariak dantzari ari diren potreta batez edertzen dute euren agiantza, euskara/frantses elebiduna. Eta Brasilgo Sao Paulotik, desio onen igortzaile diren bi mezuak bertako Eusko Brasildar Etxea-Casa Basco Brasileira delakoak eta elkarte horretako lehendakari Oscar Goitiak sinaturik datoz, hurrenez hurren. Vitoria-Gasteiztik, etengabe batera eta bestera ekile dabilen Veronica Domingo euskal-argentinarrak Down sindromedun Olentzero baten irudia bidaltzen digu, Veronica bera bolondres diharduen elkarte batek ekoitzia, inspirazio iturri dituela aitortuz; ea, gehitzen dugu guk, 2013an, horiek utzi gabe, lan ordaindu egokia topatzen duen Veronicak mardelplatatarrak, norbaitek eskainita. Mar del Platatik, hain zuzen, Olga de Hormaecheak jaiotza baten postal animatu eta koloretsua bidaltzen digu. Eta pixkat iparralderagotik, Avenalledatik, Magdalena Mignaburu Berhok Olentzero zakua lepoan baliatzen du "Eguberri on eta zoriontsu 2013" mezua helarazteko.

Cordobatik, izen bereko probintzia argentinarreko hiriburutik, agurra bikoitza dugu. Batetik, "Zorionak eta Urte Berri On" da Gure Txokoa Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeak iristarazten diguna, eta euren horrekin batera, Gerora kultur elkarteko lagunek, "Gerorak Eguberri eta Urteberri zoriontsuak izan ditzazuela opa dizue"nekoa. Arrecifesetik, Juan Lucio Agotegarayk sinatzen duen agiantzak "euskaldunen arteko Maitasuna, Uhin Ona eta Bakea" aipatzen du, baita "Euskal Erri Berri bat eraiki"tzea, "Giza Eskubideak", "Alkartasuna" eta "Elkarbanatutako Adiskidetasuna". Santa Rosatik eta Buenos Airestik Ricardo Basterra FEVAko lehendakariak, ikurriña osatzen duten gaztetxo dantzari baten irudiaz laguntzen du bere zorion-agurra.

Santa Rosatik ez urrun, Villa Mercedesetik, gurariek "Eguberri honek amets egiteko ahala biderka dezala" diote. Argentina ipar-ekialdetik, Iguazuko lurjauzien ondotik, Corpus Christiko Eusko Etxeko Olga Leiciagak eguberri-izai baten bidez gauzatzen du euren gurekiko oroitzapena, eta Lapridatik Ester Arrondok kolorez, musikaz eta mugimenduz janzten du bere agiantza. Ondoko Olavarria herritik, azken boladan berriz ere bizitasunera itzuli den Gure Etxe Maitea euskal etxetik, Maria Susana Mendizabalek Olentzero baten tarjeta igortzen digu, itxura eta estiloagatik Mattin Partarrieu artista eta marrazkigile hazpandarrari dagokiona.

Bilbotik, nahiz eta seguruenik bihotzaren zati bat Valparaison duela, hiriburu bizkaitarrean Txileko ohorezko kontsula den Iratxe Madariagak itsasoz bi aldeko bi munduak islatzen ditu bere postalean, Euskal Herriko mendia eta baserria eta Andeen magaleko hiria bildurik, zorion-mezua euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Bizkaiko hiriburutik baita ere, Euskararen Etxea eta Azkue Fundazioa Olentzero lagun agertzen zaizkigu, baliabide animatuz esanez, besteak beste, euskara dela egin dezaketen oparirik ederrena. Danok-Bizkaia-tik, berriz, "berri onen urte bat"en guraria bidaltzen dute. Lokarri, bere aldetik, "aurrera darraigu, zuen itxaropen agortezinari esker dena da posible" esanez zuzentzen zaigu elebitara. Eta Bilboko bere egoitza nagusitik, Euskal Telebistak, Eguberri honetan bete dituen 30 urteak hartzen ditu haintzakotzat, oroitaraziz urte kopuru horixe dela Eguberria elkarrekin ospatuz daramagun denbora.

Montevideotik, Juan Carlos Luzuriaga mintzo zaigu, adieraziz "zorionak Euskal Diasporaren aldeko informazio eta komunikazio proposamen honekin engaiatutako guztiei". Uruguaiko hiriburutik baita ere, Hernan Sorhuet-ek zera diosku: "Mila esker urte osoan zehar ematen diguzuen informazio guztiagatik; informatuta egotea ahalarazten digu baina, batez ere, edonongo gure euskal anai-arrebek egiten dutenaren jakitun egiten gaitu. 2013 zoriontsua". Kubatik, Habanatik hain zuzen, Pablo de la Torriente Brau Kultura Etxetik zuzentzen zaizkigu, urte berri 2013 ona desiratuz. Ezkio-Itsasotik, berriz, Igartubeiti Baserri-Museoko lagunen agiantzak heldu zaizkigu eta hiriburu gipuzkoarretik, ostera, Donostiako Sustapena erakundearenak, kasu honetan "Eguberria, hobetzeko pizgarri bat da" esaldia euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

1944ean sortu zenetik hona iaz lehenengoz egoitza propioa zabaldu duen Euskaltzaleak euskaltegi porteñoari dagokionez, zorion-mezua Buenos Aires erdigunetik igortzen digu, Zumetaren koloreak eta honako esaldia lagun: "Eskerrrik asko, lagunok, zuen laguntzari esker ere Euskarak etxe berezia baitu Argentinan, Eguberri eta Urte Berri On!", 'Euskaraz bizi' leloarekin. Eusko Jaurlaritzak hiriburu federal argentinarrean daukan Ordezkaritzatik, Mariana Satostegui-k sinatzen du mezua, Bilboko Guggenheim Museoaren ikuspegi eder bat bidaliz. Venezuelako Caracasetik, Jazoera buletinak eta Pedro Javier Arriagak lagunak agurtu eta iragartzen dute "2013an Caracaseko Eusko Etxeak zinez gure beharra izango du(ela), gure ideia, partaidetza eta maitasunaren beharra", honakoa galdegin edo aldarrikatuz: "eskaini diezaiogun Eusko Etxeari gure denboraren zati bat". Pasaiatik, Albaola elkartearen mezuak, bere laburrean, lotura du, nola ez, itsasoarekin eta, kasu honetan, itxaropenarekin: "Arraunean ametsen bila".

Mar del Platatik, Jose Domingo Ormaetxeak "Zorionak eta Urte Berri On" diosku eta San Juan hiritik, izen bereko Andeen magaleko probintzia argentinarretik, Carina G. Oyolak eta San Juango Eusko Etxeko Pio Baroja Liburutegiak "Urte Berriak elkartuta harrapa gaitzan" opa digu. Suziri eta etxafuego jauzi eder batekin, Amaya Zenarutzabeitiak eta bera buru duen Simon Bolivar elkarteak, bihotza Venezuela eta Euskadi artean erdibituta duenak, proiekzio eta agiantza txarrei muzin egin eta aurrerabideari era positiboan begiratzera gonbidatzen gaituzte baitetsiz "2013. urtea datozen 12 hilabeteetan izango dugun onena izango dela, beraz animo, egun berri bakoitza egun handia izango baita eta baita hurrengoa eta hurrengoa ere, Zorionak!".

Izen bereko probintziako hiriburu den Santa Fetik, Analia Sagardoy artistak, Max Urtizberearen "topa egitea" poema bidali eta bertako desioekin bat egiten du bere Eguberri-mezuan. Buenos Aires hiriburu federaletik, Ekin euskal argitaletxe historikoak bere "guraria agertzen du Eguberri, Urte Berri eta Errege Egun festa hauek bizitza, amodio eta bake ospakizun izan daitezen, urte berrian zehar luza dadin itxaropenarekin". Chascomusetik, Zingirako Euskaldunak Euskal Argentinar Etxeak bere agurra helarazten digu, "Eguberri eta Urte Berri jaiak kari, agiantza onenekin hasten ari garen urtearendako. Zorionak eta Urte Berri On!!!". 

Eta nondik argitzen ez duela Eduardo Aguilar-ek idazten du, honako hitz laburrez: "Eskerrik asko... Agur Jaunak..." Ostera ere Venezuela bihotzean daraman Euskadiren zati horretatik, Xabier Arozenak Zorionak opa dizkigu "zuri eta zure ekipoari eskerrak emanez Euskal Diaspora jakitun eukitzeagatik munduan barreiatutako euskaldunez, Urte Berri On 2013". Eta Bilbotik, Bizkaiko Elizaren Histori Artxiboko (AHEB-BEHA) lagunek ere "Eguberri On, Zorionak" adierazten dute. Ustez Loiolatik, Manolo Gisasola lagun jesuitak hauxe dio: "Gabon zoriontsua eta Urte berri on bat opa dizuet. Milesker bidaltzen dizkidazuten mezuengatik. Oso intesgarriak niretzako. Besarkada handi batez, nire eskerrak".

Necocheatik, bertako Ikastolako fundatzaile eta buruzagi den Xabier Zubillagak, Eguberri On mezua eman ondoren, besarkada bero bat bidali eta bere itxaropena agertzen du "hor bizi duzuen egoerak eta aldaketa politikoek eraginik izan ez dezaten EuskalKultura.com-entzat eta segi dezan izaten Diasporarentzat erreferente". Argentinako lekuren batetik, Isabel Perez Jauregui labur mintzo zaigu, "Urte Berri On, besarkada bat" esaldi soilaz. Rosariotik, Luis Maria Barrandeguy-k amaitu berria den urtean Zazpirak Batek ospatu duen Mendeurrena aipatu eta bere agiantza agertzen du "2013ak, azken urte honetan bezainbat proiekturekin harrapa gaitzan!". Banderaren hiri beretik, Alejo Contik "eskerrik asko denagatik" dio, emendatuz "2012 urte berezia izan da eta, espero dut 2013 oso urte ona izatea zuentzat. Besarkada bat munduko hegoaldetik!!".

Tokyotik, hiriburu japoniarreko Euskal Etxetik, Sho Hagio irakurle eta euskaltzale  nekaezin japoniar euskaldunak bost hizkuntza erabiltzen ditu bere Urte Berriko agurrean, hala nola euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa, japonierarekin batera. Bidaltzen digun postalak Kyotoko argazkia dakar "A Peaceful New Year" esaldiarekin. Lizarra-Estellatik, Estella.com webguneko kolegek ohiko Eguberri eta Urte Berri gurariez idazten digute. Eta Pampa erditik, Macachindik, beste lagun on batek, Alazne Iruretagoienak, Eguberri-powerpoint bat baliatuz helarazten dizkigu desio onak. Beste hainbeste egiten dute, Villa Mercedesetik, Echeverria-Mariako kideek. Errenteriatik, berriz, Eresbil Euskal Musika Artxibo Nazionaleko lagunek, bideo originala prestatu dute zoriontzeko, audioan Oi Betleem gabon-kanta ezagunaren koru bertsioa bildurik.

Buenos Airestik, Ignacio Cloppet abokatu eta idazlea gogoeta batzuk plazaratuz zuzendu zaigu, besteak beste esanez "ahal izan dezagula kontenplazioa medio gogoa sosegatu, arreta barneari begira ipini, izatearen sakonetara bidaiatu; Izadiari so egin eta sortua izan zen ororen edertasunera zentzuak iratzarri", "Oso Eguberri Zoriontsua eta 2013. urte emankorra". La Platatik, Graciela Iriondok ere hausnarketarako deia eginez mintzo zaigu, gogoetara deituz hain zuzen eta "Bake Besarkada" bat emanez. Buenos Aires probintziako hiriburu beretik, La Platako Euzko Etxeak "zorion eta prosperitate desio onenak" igortzen dizkigu. Gauza bera Lapridako Lagunen Etxea Euskal Etxetik Martin Adrian-ek. Eta General Rodriguez herritik, Olentzero handi baten figura baliatzen dute Gure Aterpea-ko lagunek egunok elebitara zoriontzeko.

Buenos Airestik, bertako Iparraldeko Euskal Etxetik, elkarte horretan urtero Olentzeroz beztitzen den eta ikazkin opari-emailearen lana betetzen duen Carlos Arturo Martinez-ek ere ohiko agiantza onak igorri eta "Gora gu ta gutarrak" esaldiarekin bukatzen du bidali digun mezua. Montevideotik, 2012an bere lehenengo mendea ospatu duen Euskal Erria Euskal Etxetik, euskaraz eta gaztelaniaz heldu zaigu agiantza, "Eguberri Zoriontsu eta Urte Berri On". Mexiko Hiritik, Itandehui Sandoval Rodriguez-ek bere esker ona adierazi eta desioa bidaltzen digu "zuk, zure familia eta lagunek Eguberri On eta 2013. Urte Emankorra izan dezazuen". Gauza bera Gernikatik Bakearen Museoak eta erakunde horretako zuzendari Iratxe Momoitiok; Necocheatik Euzko Etxea euskal etxeak; Arrecifestik Euskaldunak Denak Bat euskal etxeak; Ormaiztegitik Zumalakarregi Museoak; eta Gasteiztik Emakunde Institutuak.

Baionatik, Kepa Etchandyk Orhi mendiko ikuspegi elurtu ederraren lagun bidaltzen dizkigu "Urte Berri On, Bonne Année eta Feliz Año Nuevo" agiantzak. Eta Estrategia Donostia-San Sebastian-dik, Kepa Kortak, lau hizkuntzatan, gehituz #etorkizunaDugu (#hayFuturo) mezua. Iruñetik, Nafarroako Gobernuko Komunikazio Zuzendaritza Nagusiak euskaraz eta gaztelaniaz bidali digu mezua, "lana, pakea eta harmoniaz beteriko 2013 urtea" desiatuz. Eta, azkenik, Buenos Airestik, Mikel Ezkerrok, bere burua "Euskal Kulturako eguneroko irakurle gisa" aitortu eta berretsi ondoren, EuskalKultura.com egiten dugun guztiak agurtu eta opa dizkigu "Gabon eta Urte Berri On", "Euskal Kultura ereiten segi" hitzez amaituz.

[Artikulu hau bukatu eta gero jarraitzen dute heltzen agiantza eta zorion mezuek, mila esker guztiei. Hala ere muga nonbait ipini behar zelarik, hemen ipini dugu. Gogoratu, gehienbat Hego Euskal Herrian Eguberria eta Urte Berria desiatzeko ohitura handia dagoela, abenduko bigarren hamabostaldian normalean. Iparraldean, berriz, zorionak Urte Berria opatzeko bidaltzen da, normalean, eta urte berria hastearekin batera hasten dira heltzen. Berriz ere, Zorionak eta Urte Berri On, irakurle, gure agiantza onenekin 2013 honetarako!]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia