euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"2013, urte ezin hobea izan da" heldu den ekainean 25 urte beteko dituen Chacabucoko euskal etxearentzat

2013/12/20

Guillermo Larregui Euskal Etxeko txikien dantza taldea abenduko tabernan (argazkiaEE)
Guillermo Larregui Euskal Etxeko txikien dantza taldea abenduko tabernan (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Lehendakari duen Pablo Pavesarentzat, mugimendu handiko urtea izan da hau Buenos Aires probintziako Guillermo Larregui Euskal Etxearentzat. "Martxotik hona egindako lan eta ahaleginek bere fruituak eman dituzte eta erakundean antolatutako azken tabernan berrehundik gora lagun bildu ziren", diosku. “Honek oso bultzada sendoa ematen digu datorren urteari begira. Izan ere, 2014ean mende laurdena beteko dugu eta hasiak gara pentsatzen bi urtebetetze jai egin beharko ditugula dauzkagun lagun guztiei leku egiteko”, adierazi dio EuskalKultura.com-i.

Chacabuco, Argentina. Bolada polita eta emankorra darama Chacabucoko euskal etxeak. Hala adierazten digu elkarteko lehendakariak, Batzorde berriaren eskutik urrats handiak eman direla aurten esanez, "horien artean Villa Mariako Euskal Astean parte hartu ahal izana: bederatzi urte pasatu ditu gure euskal etxeak Aste Nazionalean era ofizialean aurkeztu gabe, baina 2013 honetan bere dantza taldea berriro ere bildu zen jaiaren emanaldi nagusiko programara", azpimarratu du.

Ahitzen ari den urtean egindakoak zerrendaratzekoan, urtean zehar lagunak biltzeko topaketak ere antolatu dituztela argitzen du Pablo Pavesak. Lau taberna burutu dira –apirilean, ekainean, irailean eta azkena, abenduan– "zein baino zein arrakastatsuagoa". “Joan den ostiraleko tabernan jendez gainezka zegoen aretoa, ez zen beste inor kabitzen. Are gehiago, inguruko euskal etxeetako lagunak ere etorri ziren, tartean Los Toldos, Bragado eta Chivilcoy-ko batzuk”, agertzen du. Elkarretaratze hauetan, segitzen du, “hainbat mokadu eskaintzen baditugu ere, gehienak euskal plater tipikoak dastatzera datoz, hala nola tripakiak edo txorizoa sagardo erara. Gure Emakume Taldeak prestatzen ditu, FEVAko sukaldaritza tailerretan ikasitako errezetekin”, berresten du.

Chacabucoko urtearen azken taberna 2013 01

[Villa Mariako Anfiteatroan aurkeztu ziren dantzariek etxeko 2013ko azken tabernan ere dantzatu zuten, iragan asteburuan (argazkiaEE)]

Euskal etxeko buruak adierazten digunez, "oso urte oparoa" izan da hau erakundearentzat eta komunitatearengandik jasotako erantzun bikainak" 2014a oraindik ere hobea iragartzen du". “Datorren urtean gure 25. urtemuga ospatuko dugu, urte osoko egitarau batekin. Mus Txapelketa, Pilota Lehiaketak eta tabernak izango ditugu. Horretaz gain, aldizkari bat argitaratuko dugu. Lan handia daukagu aurretik eta urtarrilean bertan hasiko gara. Programa osatu eta txukundu behar da oraindik baina badakigu urtebetetze jaia ekainaren 19an ospatuko dugula. Hala ere, ziur aski bi elkarretaratze beharko ditugu egin etxeko aretoan 200 pertsona baino ez baitira sartzen eta gure kalkuluen arabera, azkoz gehiago izango baikara”, jakinarazi digu Pavesak.

Bukatzen ari den urte honetan Euskal Herrirako bidaia bat ere antolatu zuten Chacabucoko euskal etxekoek eta gogoangarri eta arrakastatsutzat definitzen dute esperientzia. Hurrengoa noiz gauzatuko duten galdetzean, 2015ean izango dela esan digu etxeko buruak. “Datorren urteko lehentasuna gure 25. urteurrena izango da; ondorioz, eta behar den denbora eskaini ahal izateko, bidaia hurrengorako uztea erabaki dugu”.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia