euskal diaspora eta kultura
2012/11/30
PUBLIZITATEA
Santa Rosa, Argentina. Urte osoa iraun duen bazkari ziklo bat egin dute La Pampa probintziako Zelaiko Euskal Etxea-ko lagunek erakundearen hogeigarren urteurrenaren baitan. Ez da, ordea, elkarretaratze gastronomiko soila izan eta sukaldaritza alderdiarekin batera, arte eta argazki erakusketak ere gauzatu dituzte, areto berean, tartean ‘Euskal Irudiak’ izenekoa.
Baina zikloa bere amaierara heldu zen eta azaroaren 18an sail horretako urteko azken bazkaria partekatu zuten Santa Rosako euskaldunek Joaquin Ferro kaleko etxean. Egunaren programa erakargarria izan zen oso eta ehun bat lagun bildu ziren areto nagusian. Alde batetik, Euskal Herriko zein Argentinako platerek osatutako menua eskaini zitzaien gonbidatuei. Bestetik, omenaldi bat egin zitzaien La Pampako bi musikariri. Euskal jatorrizko Lalo Molina Larrazabalek eta Carlos de Urquizak abesti batzuk eskaini zituzten eta, urtetako euren merezimenduak kari, opari bana jaso zuten euskal etxeko arduradunen eskutik.
Bazkari zikloa itxi zen arren, oraindik ere egun batzuk geratzen zaizkio urteari eta abenduaren 14an euskal etxeko kide baten liburua aurkeztuko da euskal etxean bertan. Nestor Mazzolo Cazanovek argitaratu berri duen ‘Pequeñas elegías al canto del agua’ liburuari buruz hitz egingo du Zelaiko Euskal Etxean antolatuko den ekitaldian.
Urte berriari begira
Mugimendu handiko egunek indar handia ematen diete Santa Rosako hiriko euskaldunei urte berria bizkor hasteko. 2013an burutuko diren proiektu batzuk dagoeneko iragarri dituzte Zelaiko Euskal Etxea-koek. Uztailean, esaterako, Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrenari buruzko erakusketa egongo da ikusgai Santa Rosan.
Baina urteak baldintza handi bat izango du: lekua hobetu eta edertzeko lanak egingo dira 2013an. “2012a oso urte ona izan da, beste gauza batzuen artean euskal etxetik urrun zeunden lagun batzuk hurbildu direlako berriro erakundearen hogeigarren urtemugan. 2013an euskal etxean egingo ditugun berritze lanek ere ilusioz betetzen gaituzte etxea politago geratuko delako. Pozik gaude eta prest, gainera, Santa Rosa aldean egingo diren gizataldeen ekitaldi guztietan parte hartzeko”, adierazi zaio Santa Rosako Zelaiko Euskal Etxetik EuskalKultura.com-i.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus