euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2012ko ‘Buenos Aires-ek Euskal Herria ospatzen du’ euskal argentinar festa jendetsuko irudi berriak

2012/10/09

'Buenos Airesek ospatzen du' jaialdiaren sintesia: dantzariak eta ikurrinaren koloreak eta Argentinako banderarenak bat eginez (argazkia BA celebra al País Vasco)
'Buenos Airesek ospatzen du' jaialdiaren sintesia: dantzariak eta ikurrinaren koloreak eta Argentinako banderarenak bat eginez (argazkia BA celebra al País Vasco)

PUBLIZITATEA

Hamabost egun inguru falta dira Argentinako Euskal Aste Nazionala has dadin eta urtero bezala lagun ugari bilduko dira, aurten Rosariora, euren euskaltasuna ospatzeko. Jakina denez, Mendeurrena ospatzen du aurten Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeak eta ospakizunen barrura ekarri dute bertakoek Argentinako euskaldunen urteko elkarretaratze handiena den hau. Baina Euskal Aste Nazionala euskaldunen jai nagusia bada ere, iaz Argentinako hiriburuan sortutako ‘Buenos Aires celebra al Pais Vasco’ delako jaialdiak askoren ninietan segitzen du baita ere. Buenos Aires Udalak antolatutako ekimen honek euskal gizataldeko ordezkariak ez ezik, milaka eta milaka buenosairestar ere batu zituen hiriko Mayo Etorbidera. Aurretik argitaratutako irudien osagarri ekarri ditugu hona argazki berriok, Argentinako euskal taupaden erakusgarri.

Buenos Aires, Argentina. Argentinako hiriburuko Udala deitzaile eta sustatzaile, abuztuaren 26an gauzatu zen aurten Buenos Aires celebra el País Vasco (Buenos Airesek Euskal Herria ospagai) jaialdia. Laurak Bat euskal etxeak antolaturik, eta hainbat euskal etxe eta euskal erakunderen engaiamenduarekin, erakustaldia egun hartako eguerdiko 12tik iluntzeko 6ak arte luzatu zen. EuskalKultura.com-ek orduan ere eskaini zituen irudien osagarri, hona hemen euskal txoko, txosna eta agertokien arteko argazki ibilbide berri bat:

Bs Asek ospatzen du 2012 01

[Eguraldia gora behera, Buenos Aires hiriak ‘baietz’ esan zion berriro ere euskal gizataldeari eta lagun mordoak bisitatu zuen erakustaldia. Egun osoan zehar, kalitate handiko ikuskizunez gozatu ahal izan zuten Mayo Etorbidera bertaratu ziren buenosairestarrek (argazkia BA Celebra Al País Vasco)]

Bs Asek ospatzen du 2012 022

[Mota askotako ikuskizunak eskaini zizkieten antolatzaileek bisitariei. Tartean, euskal musika egiten duten talde argentinarrenak. Jaialdiko agertoki nagusian Lagun Onak abesbatza, eta Ixilik, Baietz eta Maral musika taldeek Euskal Herriko soinu eta doinuak ekarri zituzten Buenos Airesko erdigunera (argazkia BA Celebra Al País Vasco)]

Bs Asek ospatzen du 2012 03

[Euskal jai gehienetan bezala, dantzariek ere izan zuten Euskal Herriko kultura zer den erakusteko ardura. Dantzek, kalean zein taula (edo kaxa) gainean, liluratu egin zuten publikoko jendea (argazkia BA Celebra Al País Vasco)]

Bs Asek ospatzen du 2012 04

[Euskal Herriko zortzigarren lurraldea Diaspora bada, ‘Buenos Airesek ospatzen du’ festa zortzigarren lurralde horren ikurra bihurtu zen abuztuaren 26an. Mayo Etorbidean kokatuta zeuden standetan, Euskal Herriko kultur arlo guztietako informazioa eskuratu ahal izan zen, tartean, euskara, genealogia, argitalpenak, hezkuntza, gizarte laguntza, turismoa, irratia eta erakundeei buruz. Txikiek ere izan zuten ondo pasatzeko leku berezi bat (argazkia BA Celebra Al País Vasco)]

Bs Asek ospatzen du 2012 05

[Euskal tradizio eta kulturaz ari bagara, ezin kirolak kanpoan utzi: ez kirol tradizionalenak ezta urteen poderioz tradizional bilakatu direnak ere (argazkia BA Celebra Al País Vasco)]

Bs Asek ospatzen du 2012 06

[Euskal musika entzuteaz gain, jaialdian parte hartu zutenek euskal musika tresnak ikusi eta ukitzeko aukera ere izan zuten. Jendeari interes handia piztu zion ehunka urte dituzten piezak ezagutzeak (argazkia BA Celebra Al País Vasco)]

Bs Asek ospatzen du 2012 07

[Eta euskal jaia ez litzateke seguruenik ez ‘euskal’ ezta ‘jaia’ ere izango janaririk gabe. Gainera, euskal sukaldaritzako plater tipikoenak -bero beroak- oso ondo sartu ziren neguko arratsalde hotzean (argazkia BA Celebra Al País Vasco)]

Bs Asek ospatzen du 2012 07b

[Dastatzen ez ezik, euskal errezetak prestatzen ere aritu zen publikoa izen handiko Itziar Aguirre eta Borja Blazquez sukaldarien eskutik (argazkia BA Celebra Al País Vasco)]

Bs Asek ospatzen du 2012 08

[Erraldoi eta buruhandiek lagundu zituzten chefak ‘sukaldeko’ betebeharretan (argazkia BA Celebra Al País Vasco)]

Bs Asek ospatzen du 2012 09

[Jai giroa gailendu bazen ere, Euskal Herriko egoera politikoaz ziharduen lekurik ere muntatu zen eta aldarrikapenak ere entzun edo irakurri ziren (argazkia BA Celebra Al País Vasco)]

Bs Asek ospatzen du 2012 10

[Jaiari amaiera emateko, zuriz, berdez eta gorriz ‘margotu’ zuten etorbideko airea milaka eta milaka papertxo hegaltatuek. Dantzan eta abesten agurtu zuten aurten ere Buenos Aires hiria bildutako euskaldunek (argazkia BA Celebra Al País Vasco)]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia