euskal diaspora eta kultura
2011/06/27
PUBLIZITATEA
San Frantzisko, Estatu Batuak. NABOk berak aitortzen du haurrentzako Udaleku hau dela bere ekimenen artean garrantzitsuena, geroa lantzen baitu eta bertatik aterako baitira denbora askorik pasatu gabe euskal etxeetako eta NABOko gidari, buruzagi eta partaide izango diren gizon-emakumeak. Urtero, Estatu Batuetan eta Kanadan zehar barreiatuta dauden 43 euskal etxe eta elkarteetako 10 eta 15 urteko haur eta gaztetxoak biltzen dira jolas- eta formakuntza-helburuak dituen ekimen honetara.
San Frantziskoko Euskal Etxeari egokitu zaio aurtengoan antolaketa, eta horrekin batera berrikuntza ere, lehenengoz eta froga-gisa aste beteko bi txandatan antolatu baita, adinaren arabera, orain artean txanda bakarreko ia bi asteko Udalekua egin ondoren. Lehenengo txanda, 13-15 urteentzakoa ekainaren 18an hasi zen eta joan den larunbatean San Frantziskoko Basque Cultural Center-en (BCC) egindako Last Performance (azken emanaldia) delakoarekin amaitu da, azken emanaldi honetan Udalekun zehar ikasitakoa modu ludikoan taularatu eta saio horretara ikusle etortzen diren guraso, familiako eta lagunen aurrean erakutsiz.
Eta txanda baten amaierak bestearen hasiera markatu zuen, orain eta datorren larunbatera arte 10-12 urteko haurrak ari baitira Udalekuaz gozatzen, hauen kasuan azken emanaldia datorren larunbatean, uztailaren 2an izango delarik, leku berean, esan nahi baita BCCren ekitaldietarako aretoan.
Formato aldaketa, azken urteotan Udalekun parte hartzeko gero eta gehiago izan diren eskabideei erantzun egokia eman eta inor kalean ez uzteko egin da, bitartekoak hazi ez diren bitartean, haur-kopurua asko hazi baita, ehundik gora igo arte. Horrek aurrekontuetan, giza baliabideetan eta antolaketa kontuetan dauka eragina. Besteak beste, behar da esan, haurrari 250 dolarreko kuota kobratzen bazaio Udalekun parte hartzeko, egiazko gastuak haur bakoitzeko 600 dolarrekoak direla bi asteko Udalekun. Diferentzia euskal etxe antolatzaileak, donazioek eta NABOk ezarri ohi dute. Behar da kontuan hartu baita ere haur partaideek euskal etxe antolatzaileak bere bazkide eta lagunen artean bolondres aurkeztu zaizkion edo lortu dituen familien etxeetan egiten dutela lo, eta kopuru gero eta handiagoen aurrean ez dela erraza familia askoz gehiago lortzea.
2011eko Udalekuk bloga sortu du, http://gureudaleku.blogspot.com helbidean eta bertatik segi daiteke haurrek egiten dutena euskara, euskal kultura klaseetan, pilota eta joko garbin, txistuan, musika eta kantuetan eta Udaleun ematen dituzten gainerako klase eta tarteetan. Hamar bat begirale dauzka Udalekuk, zenbait laguntzailerekin, gehienak San Frantzisko eta Estatu Batuetakoak eta bateonbat Euskal Herrikoa.
Aurreko larunbatekoa bezala, datorren larunbateko 'azken emanaldia' zuzenean emango da internetez. Xehetasunak oraindik plazaratu ez badira ere, informazioa NABOren webgunean agertuko da. Aski hemen begiratzea, aste honetan zehar ipiniko baitute: http://www.nabasque.org/NABO/Udaleku.htm
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus