euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskarazko liburuak ere izango dira 2011ko Buenos Aires 'Liburuaren Munduko Hiriburu'ko Babel Dorrean

2011/02/22

Ezker-eskuin, Galiziako ordezkari Alejandro Dobarro; Espainia Enbaxadako kultur aholkulari Manuel Duran Gimenez Rico; Elvira Kortajarena Euskadiko ordezkaria; Marta Minujin artista; eta Kataluniako ordezkari Jordi Font (argazkia Irekia)
Ezker-eskuin, Galiziako ordezkari Alejandro Dobarro; Espainia Enbaxadako kultur aholkulari Manuel Duran Gimenez Rico; Elvira Kortajarena Euskadiko ordezkaria; Marta Minujin artista; eta Kataluniako ordezkari Jordi Font (argazkia Irekia)

PUBLIZITATEA

Mexikoko Guadalajarakoarekin batera, Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azoka da Latinamerikako garrantzitsuena. Aurten, eta Azokaren ibilbide nabaria goititzeko asmoz, Liburuaren Munduko Hiriburua izan da izendatua Argentinako hiri nagusia. Ekitaldi bereziak egingo dira testuinguru horretan, tartean bertako artista plastikoa den Marta Minujin-ek egingo duen 'Buenos Airesko liburu Babel Dorrea', hainbat hizkuntzatan argitaratutako 20 mila libururekin eraikitako dorrea. Proiektu erraldoi honetan Euskadik ere hartuko du parte; Euskadiren Argentinako Ordezkaritzak testuak bidaltzeko gonbitea luzatu die euskal erakundeei.

Buenos Aires, Argentina. Buenos Aires Hiriko Gobernuko Kultura Azpibatzordeak gonbidaturik, Elvira Kortajarena Euskadiren Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaiko Ordezkaria presente egon da Marta Minujin-en 'Buenos Airesko liburu Babel Dorrea' proiektuaren aurkezpenean. Minujin-en eskultura, 2011ko Liburuaren Munduko Hiriburu izendatua izan Buenos Airesko ekitaldien inaugurazioan ikusi ahal izango da, maiatzaren 7an.

24 metroko luzera izango du 'Buenos Airesko liburu Babel Dorre' honek eta 50 herrialdetako 20 mila libururekin eraikiko da. Hizkuntza eta genero askotako liburuak bihurtuko dira eskulturaren oinarri, tartean nobelak, ipuinak, olerkia eta hiztegiak, besteak beste. Liburuak herritarrek eta herrialde eta kultura eta hizkuntza horietako ordezkariek emango dituzte dohaintzan.

Babel liburu dorrea 2011 01

['Buenos Airesko liburu Babel Dorrea' proiektuaren maketa (argazkia Irekia)]

Eskulturaren erakustaldiak hiru aste iraungo ditu eta antolatzaileen arabera, 50 mila lagunek bisitatuko dute. Ekintza bukatuta, Buenos Airesko Lehenengo Liburutegi Eleaniztunera bilduko dira liburuak.

Euskararen presentzia segurtatu eta euskaldunen partaidetza bultzatzeko, Euskadiren Argentinako Ordezkaritzak Argentinako euskal erakundeetara jo du instituzioen artean euskarazko liburu multzo bat eskaini ahal izateko. Parte hartu nahi duten euskal etxeek materiala bidali ahal dute. Ordezkaritzak berak hartuko ditu bere gain bidaltze-gastuak, gehienez 10 ale euskal etxe bakoitzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia