euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2011ko ekintza zikloaren amaiera eta etxe propioaren lehenengo urratsak Hegoalde Argentinarra euskal etxean

2011/12/20

Literatur ikasleak, euskal etxeak antolatutako tailerraren inauguraldian
Literatur ikasleak, euskal etxeak antolatutako tailerraren inauguraldian

PUBLIZITATEA

Mota askotako ekintzak garatu dira aurten Patagonia argentinarreko euskal etxerik australenean. Rio Gallegos herriko Discepolín Kultur Etxe eta Artisauen Kooperatibarekin batera, gitarra, literatura eta eskulan tailerrak gauzatu ditu bertoko euskal erakundeak 2011 honetan. Ekimenen artean, paleta txapelketak ere oso arrakastatsuak suertatu dira Argentinako hegoaldean. Horrez gain, eta euskal etxeko kultur arloko arduraduna den Martha Goyheix-ek prentsaurrean jakinarazi legez, bertako ordezkaritza batek Necocheako Euskal Astean hartu zuen parte eta euren etxe propioa eraikitzen hasteko lehenengo pausoak eman ditu etxeko Zuzendaritza Batzordeak: 3 zenbakidun errepidearen ondoan lurra prestatzeko lanak egiten eta alanbratzen hasi dira.

Rio Gallegos, Argentina. 2011ko ikasturte amaierarekin batera, herriko beste erakunde batzuekin harreman sendoak dituela azaldu zuen Hegoalde Argentinarra-k prentsaurrekoan. Izan ere, euskal etxeak eta Discepolin Kultur Etxeak elkarlanean gazte eta hirugarren adinentzako Guitarra eta Literatur tailerrak gauzatu zituzten. Tailerren baitan, “Aztarna immigranteak” txapelketa ere antolatu zuten elkarteek. Beste arlo batean eta “Colección Santa Cruz” delako Artisauen Kooperatibarekin, eskulan klaseak ere eman ziren.

Kirolak, eta batez ere, pilota paletak, garrantzi handiko lekua du Patagoniako euskaldunen egitarauetan. Eremu horretan “2011ko Euskara Egunaren lehiaketa” antolatu zuten euskal etxekoek Rio Gallegoseko Atletico Boxing Club-arekin, eta “Centro Vasco de Santa Cruz” izenekoa, Comandante Luis Piedra Buena herrian.

Euskal Astea eta etxe propioa

Beste alde batetik, Hegoalde Argentinarra euskal etxeko lagun talde bat Necocheako Euskal Astean hartu zuen parte. “Necocheatik hurbil bizi diren hemengo gazte batzuk joan ziren Euskal Astera euskal etxearen izenean; kide batzuen seme-alabak, iparraldean ikasten ari direnak”, adierazi dio erakundeko lehendakaria den Cesar Arizmendik EuskalKultura.com-i. Aipatzekoa da aurtengo Euskal Astean Sur Argentino Fundazioak eta probintziako euskal etxeak egindako “¡Gora Vasco! -Milonga de temple y carretilla-” filma proiektatu zela, Guillermo Larregik egindako bidaiaren 75. urtemugan.

Aldi berean, euskal etxetik jakinarazi digute euskal etxe propioa eraikitzeko bidean abiatu direla. 'Euskal Herria izeneko' eta 3 zenbakidun errepidearen ondoko onibarrean, lurra hobetzeko lanak hasi dituzte eta alanbrez itxi dute eremua. “Lanean hasi gara jadanik eta udaletxeko baimenak baditugu, baina oraindik ez dugu bukatzeko datarik ezta horren aurreikuspenik ere. Dirua lortzen joan ahala joango gara etxea altxatzen”, azaldu digu Arizmendik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia