euskal diaspora eta kultura
2011/01/03
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Egia esatearren, webgunean ipini ditugun oharrez gain, guk ez diogu inori zorion christma edo emailik bidali, denbora faltagatik gehienbat. Hala ere, eskuzabalak izan dira gurekin hainbat lagun, eta besteak beste honako lekuetatik eta ezaugarri hauetako mezuak bidali dizkigute. Mezua bidali digu, esaterako, Miamitik, Estatu Batuetatik, Boni Guenecheak, Miamiko Euskal Etxetik agiantza onak igorriz 2011erako. Lapridatik beste hainbeste egin du Maria Ester Arrondok, 'Lagunen Etxea' Euskal Etxetik. Brasildik, baina bertan uda sasoinean daudenez kasu honetan Uruguaiko Colonia del Sacramientora mugituak, hondartza fresko bat agertzen den postala, eta desioak frantsesez, portugesez, ingelesez eta euskaraz bidali dizkigute Teresa eta Bernard Otondo lagunek.
KOLONBIA, ARGENTINA, EUSKAL HERRIA...
Medellindik, Kolonbian, 'El Taller' Arte Galeriako Fernando Díaz eta Libe de Zulategik eta Medellingo Euskal Etxeak, "Eguberriak Bakea, Osasuna eta Maitasuna lagun goza" ditzagula opa digute. San Luisko Euskal Etxetik, Argentinan, Juan Ramon Escudero Alzolak "Zorionak eta Urte Berri On" esaten digu, "Bakea, Maitasuna eta Zoriona" desiatzearekin batera. Arrasatetik, Gipuzkoan, EKAI Center-eko Errukane Aperribaik "Zorion eta Urte Berri On" desioak bidaltzen dizkigu, euskaraz, baina baita ere gaztelaniaz, ingelesez, alemanez eta frantsesez.
Izen bereko probintziako hiriburu den Santa Fetik, Argentinan, bertako Gure Etxea Euskal Etxeko zuzendaritzakoa den Maria Carmen Lasartek agiantzak eta postala bidaltzen dizkigu, argazkiak bere aitonak sorleku izan zuen Arabako Gatzaga Burandon (Salinillas) herriko paisaia elurtua agertzen duela: "Bakea, zoriona eta alaitasuna Gabon gauerako eta agiantza onenak datorren urteari begira" dira bere desioa. Argentinatik baita ere, baina General Villegasetik, Rekarte familiak --Sergio, Nekane Olazar eta Maite-- kuraia ematen du bidaltzen duen mezu elebidunean "gure ilusioen alde, esperantzaz, irmo, gailentzea xede" burrukatzeko eskatuz.
ARGENTINA, BELGIKA, BRASIL...
Argentinako Ayacuchotik, Fermina Mariezcurrena 'Euskal Odola' Euskal Etxeko lehendakariak postal animatu eder bat bidaltzen du, 'Olentzero joan zaigu' kanta entzuten dela, euskarazko testuaren transkribapenarekin eta erdal itzulpena testua azpi-idatzita. Bruselatik, Belgikan, Camila de Epalzak, eta Euskadiren Ordezkaritzak herrialde europar horretan, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez bidaltzen digu ohiko mezua. Hiru hizkuntzatan baita ere, baina kasu honetan euskaraz, portugesez eta gaztelaniaz, idatzi du Sao Paulo probintzia brasildarreko Itapevitik, bertako Eusko-Brasildar Etxeko lehendakari den Oskar Goitiak.
Argentinan, Patagoniaren hasieratik, Rio Negro probintziako Viedma hiritik, izai tankera hartzen duen agiantza paketa bidaltzen digu Susana Cano Garramuñok. Rosariotik, Santa Fe probintzia argentinarrean, Maria Teresa Vallet-ek "Zorionak benetan" eta "Eguberri On eta Urte Berri On Zoriontsua" dio bere izkribuan. Buenos Aires hiritik, Mariana Satostegui da mintzo zaiguna Euskadiren Ordezkaritzatik, bere agiantzak Donostiako Kursaal jauregiko gaueko ikuspegi batekin edertzen dituela. Lizarratik, Nafarroan, Estella.com.es webguneko masterra den Javier Hermoso de Mendozak, Lizarra bertako San Pedro de Larrua klaustro erromaniko elurtuaren argazki batez bidaltzen du mezua.
ARGENTINA, EUSKADI, URUGUAI...
Mar del Platatik, Argentinan, Olga Sonia de Hormaecheak Eguberri Zuhaitza osatzen duten hainbat desio bidaltzen ditu. Santa Fetik, Analia Sagardoy-k Eduardo Galeanoren poema igortzen du, "argiz, bakez eta maitasunez betetako besarkada handi batez". Bilbotik, bertako BEHA-AHEN (Bizkaiko Elizaren Historia Artxiboa) erakundetik eta Centroicaro.net artxibo digitaletik, Belengo bidean doazen Errege Magoen irudi bat 'Gabon Zoriontsuak-Feliz Navidad' dioten agiantzen laguntzaile da. Donostiatik, EuskoNewsGaztea-ko erredakzioak "Zorionak lantalde osoaren partez" esaten digu.
Bilbora itzuliz, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzietako Fakultateko dekano den Jose Angel Achon Insaustik postal biziduna bidaltzen digu Beatriz Muguerzaren bidez. Euskal Herritik atera gabe, Lokarri gizarte mugimendukoek "Amestu eta lan egin dezagun datorren 2011 honetan itxaropena errealitate bilaka dadin" da bidaltzen diguten guraria. Montevideotik, Uruguain, Susana Garrak Olentzeroren marrazki bat bidaltzen digu "Eguberri zoriontsua eta Urte Berri ezin hobea izan dezazuela denok bihotz bihotzez. Gracias por vuestra información de todos los días, saludos desde Montevideo" testuarekin.
ARGENTINA, ESTATU BATUAK, EUSKAL HERRIA...
General Rodrigueztik, Argentinan, Eusko Aterpea Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeak, elkarteko bazkideen izenean, Milurteko Berriaren lehenengo hamarkada aipatzen du bere zorionak ematerakoan. Buenos Aires probintziako hiriburutik, La Platatik, bertako Euzko Etxea-ko Zuzendaritza Batzordea da, Javier Clua lehendakariak eta Maria Fernanda Astigarraga idazkariak sinaturik, sasoinari dagozkion agiantza onak igortzen dituena. Beste Zuzendaritza Batzorde batek, kasu honetan FEVAkoak, ere bidaltzen digu bere christma, Buenos Aires hiritik, Bazkun Alkartasun honen kasuan, Ricardo Basterra lehendakariak eta Marta Abarrategui idazkariak izenpetua. Estatu Batuetako Las Vegas kasinoen hiritik, Amaya Beristain da bertako Lagun Onak Euskal Etxetik zuzentzen zaiguna, "Merry Christmas and a Happy New Year" esanez.
Beste postal bat Donostiatik, animatua hau ere, oraingoan Aguinagalde-Lopez familia bidaltzaile. Hiri horretako Udaletik, Sustapenetik, Txinan bizi den Judas Arrieta pintore eta komikilari hondarribitarrak eginiko postal batek edertzen ditu agiantzak. 2016an Europako Kultura Hiriburua izatearren lehian ari den hiritik, Euskadi Irratiko Julian Belokiren desioa "Eguberri jai ederrak eta urte berriari ilusio berrituz ekiteko gogo betea" helarazten digu. Eta Donostiatik baita ere, Erein argitaletxeak Xabier Lete poeta abenduan zendu berriaren testu batekin zuzentzen zaigu zorioak emanez.
EUSKAL HERRIA, ARGENTINA, PARAGUAI...
Iruñetik Euskarabideak eta erakunde horretako zuzendariak, Xabier Azanzak, bidaltzen ditu agurrak. Eta Iruñetik beretik, eta "Nortasuna, elkarrekin elkartasunez hitzak eta ekintzak lantzen" leloa lagun, Udalbidek eta Udalbiltza ofizialak esaten digute ohiko "Zorionak eta Urte Berri On". Viedma eta Patagonesko 'Beti Aurrera Aberri Etxea' Euskal Etxetik, Sonia Gastaminzak bidaltzen dizkigu agurrak eta gurariak. Eta Paraguaitik, Asuncion hiriburutik, bertako Jasone Euskal Etxeak ohiko agiantzak dizkigu opatzen, hauek ere euskaraz zein gaztelaniaz.
Oraingoan Arrecifestik, bertako Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeko partaide denez geroz, Xirula Mirularen argazki animatu ederra bidaltzen digu Marta Abarrateguik. Arrecifestik gertu dagoen Rosariotik, Zazpirak Bat euskal elkarte ia ehunurtedunarengandik, mezu elebidunak, euskara-gaztelania, "Bakea, itxaropena eta askatasuna mundu osoko herrientzat" aldarrikatzen du. Madril hiritik, Estatu Batuetako Diasporan txistu instruktore izandako Luis-Manuel Pe-Mentxakak "zorion desiorik zintzoenarekin" bidaltzen digu christma. Gasteiztik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik Pedro Maria Lasaga prentsa aholkulariak adeitasunez agur esan eta urte berrirako agiantza onenak bidaltzen dizkigu.
ARGENTINA, URUGUAI, KUBA...
Macachindik, Panpa argentinarrean, Miren Alazne Iruretagoyena laguna zuzentzen zaigu "Zorionakkkk, besarkadakkkk eta muxusssss" esanez, eta horrekin batera honako mezuaz: "Hosto bat zarelako nire bizitzako zuhaitzan, nire zorionik beroenak datozten jai handi hauetan", euskaraz zein gaztelaniaz. Donostiako Kutxaespaziotik, agiantza on gehiago; baita ere hiri beretik Ruano-Esparza senar-emazteek. Montevideotik, Uruguain, Euskalerria Euskal Etxetik datoz gurari onak. Eta Trenque Lauquendik, Alejandra Bengochea da igorlea.
Chascomustik, Argentinan, "agiantzarik onenak" 2011erako, bertako Zingirako Euskaldunak Euskal Etxearen izenean Maria Laura Eguren lehendakariak eta Pedro Mauregui idazkariak bidaltzen dituzte. Argentinako Cordobatik, berriz, Gure Txokoa Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeak. Argentinatik atera gabe, La Panpako General Acha herritik, zorion-mezua Valeria Garcia Oyarzabalek sinatzen du. Kubako Habanatik, ostera, Luis Felipe Vazquez-ek helarazten dizkigu bere agurrik beroenak.
EUSKAL HERRIA, ARGENTINA, KUBA...
Gipuzkoatik, Ormaiztegitik, Zumalakarregi Museoko lagunek bat egiten dute egunotako desio onekin, eta gauza bera egiten du Gasteiztik, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzatik, bertako Komunikazio idazkari nagusi den Silvia Colmenerok; eta Kultura Sailetik, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lourdes Auzmendik. Donostiatik, Elkar argitaletxeak; eta Kepa Korta Donostiako Estrategia Bulegoko zuzendari-koordinatzaileak. Gipuzkoako Lasarte-Oriatik, Baskimagen-go Jose Leon Huartek. Iurretatik, Bizkaia, Antton Mari Aldekoa-Otalorak.
Altsasutik, Nafarroan, Guaixe aldizkariko lankideek, Galiziatik, Pontevedratik, Kalandraka argitaletxekoek. Hernanitik, Gipuzkoa, Joxan Goikoetxea musikari eta soinujoleak. Argentinako Misiones probintziako Corpus Christitik, Olga Rosa Leiciaga bertako Eusko Etxea-ko lehendakariak. Kubako Habanatik, Pablo de la Torriente Brau Kultura Etxekoek. Cordobatik, Argentinan, hiriburu horretako Gerora Euskal Kultura Elkartekoek. Mar del Platatik, Denak Bat Euskal Etxeko lagunek, akitu berria den urtean Bigarren Mendeurreneko Euskal Argentinar Aste Nazionaleko antolatzaile izan ondoren.
ARGENTINA, ESTATU BATUAK, EUSKAL HERRIA...
Argentinako Buenos Aires probintzia barnealdeko Pehuajotik, "kariñoz", Kela Gorrik. Argentinako Cordobatik, Elba Mocoroak. Buenos Aires hiriburutik, Carlos Martinezek, bere izenean eta bere alter ego den hiriko Iparraldeko Euskal Etxeko Olentzeroren izenean. New York hiritik, Txikito euskal jatetxeko lagunek. Argentinar Panpako Carhuetik, Pedro Mari Aguirrek. Bidasoaldetik, Txapitelak. Buenos Aires hiriburutik, "Urte Berriak Euskal Herriaren alde ari garenon arteko elkar ulertzea ekar diezagula" desiatuz, Euskaltzaleak euskaltegi eta elkarteko bazkide eta lagunek.
Buenos Aires hiriburu argentinarretik atera gabe, Mexiko kaleko 1880a egoitza duen Ekin Dantza Taldeko zuzendari Aitor Alavak. Eta hiri bereko Iparraldeko Euskal Etxetik, bertako idazkari eta kultur inarrosle den Norma Riosek. Angelutik, Lapurdin, Ramuntxo Camblong-ek. New Yorketik Julen Abiok. Saltatik, Argentinan, Gure Etxea Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeak, Eta Estatu Batuetako Elko hiri nevadatarretik, Anacabe-Franzoia familiak, argazki batez, familia osoa (gurasoak Anita eta Mike, eta lau seme-alabak, Teresa, Andrea, Mateo eta Kristina) bildurik Andrearen gradu-hartzean islatuz, honako euskal testuarekin: "Gure etxetik zurera, Eguberri eta Urte Berri On Elkotik, besarkada handiak denoi, Franzoia familia".
ARGENTINA, URUGUAI, INGALATERRA...
Berez Argentinako Chacoko Resistenciakoa bada ere, bertako Euskal Etxeko kide izanik, uda hasieratik hona Gasteizen bizi den Judith Azcurrak ere zorionak eta urte berria hobetsi dizkigu. Bilbotik, Imanol Unzurrunzagak bidali dizkigu agiantzak. Uruguaiko Saltotik, 'Saltoko Euskaldunen Taldea' Euskal Etxeko Cristina Juanena lehendakariak. Espainiako Valladolidetik, Gure Txoko Euskal Etxeak. Argentinako Coronel Dorregotik, Juana Isabel Errazquin-ek. Mar del Platako Rincon Basko-Euzko Txokoa jatetxeko Jose Martin Azarlozak. Trenque Lauquendik, Euskal Sustraiak Euskal Etxeak.
Mar de Platatik ere, Adriana Hernandorenak. Bilbotik, Xabier Garcia Arguellok. Estatu Batuetako Boisetik, Idahon, Alberto Santanak; eta hiri estatubatuar beretik, Izaskun Kortazarrek. Uruguaiko Montevideotik, Maytia-Fernandez familiak. Ingalaterrako Londrestik, Londoin Basque Society-Euskal Elkarteak, elebitara: "wishing an auspicious start to the new year" edo "Urtea goxo-goxo hasi" esanez. Eta La Plata, Argentinatik, Elena S. Bilbaok, "hasieran den urte berri honek itxaropenak bete eta lan-urte emankorra ekar diezagun", "Gabetsiko zaituztet, herrialde austral eta polit honetatik" opatuz.
Urte berri on eta mila esker iazko urtean eskaini zenidaten guztiagatik. Besarkada bat Iruratik.
Nahia , 2011/01/10 22:49
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus