euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2009 PEN Idazluma emango diote bihar Diasporarekin lotura estua duen Txomin Peillen euskal idazleari

2009/06/10

Txomin Peillen Sarako Idazleen Biltzarrean eginiko argazki batean. Urtero hutsik egin gabe biltzen da bertara Bazko astelehenez idazle zuberotarra (argazkia EuskalKultura.com)
Txomin Peillen Sarako Idazleen Biltzarrean eginiko argazki batean. Urtero hutsik egin gabe biltzen da bertara Bazko astelehenez idazle zuberotarra (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Txomin Peillenek idazle zuberotarrak jasoko du PEN Idazluma 2009, euskal kulturaren alde zein adierazpen askatasunaren alde bizitza osoan egindako lanagatik. Bera ere Parisen sortua izanik Euskal Diasporarekin harreman estua duen Peillenek ederki asko ezagutzen du, bestalde, Ameriketako Diaspora ere eta ikertu eta idatzi izan du, esaterako, Rio de la Platatik euskal kulturari oro har, eta euskal literatura eta bertsolaritzari historikoki egin zaizkion ekarpen garrantzitsuez. Euskaltzaina eta egile emankorra, idazlea lehenengo Euskal PEN Klubeko sortzaileetarik izan zen 1951ean, eta birfundatzaile 1987an. Idazluma bihar Bilboko Liburu Azokaren baitan emango zaio, arratsaldeko 7:30etan, Jean-Louis Davant aurkezle.

Bilbo, Bizkaia. Euskal PEN Klubetik adierazi dutenez, Txomin Peillen lehen Euskal PEN Klubaren sorreran izan zen 1951ean, besteak beste Jokin Zaitegi, Federico Krutwig, Andima Ibiñagabeitia eta Jon Miranderekin batera. PEN Club Vasco Idazkortz izenpean, Biarritzen izan zuen egoitza. Lehen saiakera hark, baina, bizitza laburra izan zuen. 1987an hainbat euskal idazlek berriro egin zuten ahalegina, orduko hartan Euskal PEN Kluba izenaz. Txomin Peillen ere izan zen orduko hartan. Egun Euskal PEN Klubaren ohorezko lehendakaria da.

Txomin Peillen Parisen jaio zen 1932ko azaroaren 17an. Ikerlaria, idazlea eta euskaltzain osoa da. Hamaika ikerketa lan egin ditu etnografiaz eta hizkuntzalaritzaz. Hamabi ipuin eta eleberri liburu argitaratu ditu eta bost sari lortu. Literaturan umorea, fantastikoa, politikazkoa, poliziakoa eta erotikoa landu ditu.

Ekitaldia ostegunean, Bilboko Liburu Azokan

PEN Idazluma ez da berez sari bat, baizik eta Euskal PENek jendaurrean egiten duen ekitaldia letren arloan buruturiko lana ezagutarazteko asmoz. Agerian utzi nahi da hitz askearen alde egindako lana, edo lan hori burutzeagatik jasandako erasoa. Txomin Peilleni PEN Idazluma bihar emango zaio, ekainaren 11n, Bilboko Liburu Azokaren baitan, Areatzan dagoen pabiloian, arratsaldeko 7,30etan, lagun duen Jean-Louis Davant euskaltzain zuberotarra aurkezle.

Aurtengoa PEN Idazlumaren bosgarren edizioa izango da. 2005ean Joan Mari Torrealdaik jaso zuen, euskal kulturaren alde eta frankismoaren garaiko zentsuraren inguruan egindako lanagatik. 2006an Harold Pinter idazle britaniarra eta Literatura Nobel saridunari eman zitzaion PEN Idazluma. Kasu hartan agerian utzi nahi izan zen Pinterrek literatura zokoratuen alde egindako lana, esaterako Mountain Language antzerki lanean hizkuntza kurdoaren alde egindakoa. 2007an Juan Jose Agirrek jaso zuen beneditarrek Lazkaon duten Artxibategian 1973tik egindako lanagatik.

Azkenik, iaz Adnan Hassanpour eta Hiwa Butimar idazle kurduek merezi izan zuten Idazluma. Biek heriotza zigorra jaso dute Iranen. Bilbon egindako ekitaldian, Leyla Hassanpour arrebari eta Hadi Butimar anaiari egin zitzaien omena, oroitarazi du Euskal PEN Klubak ohar batean.

Lotura interesgarriak

Euskal PEN Klubaren webgunea
www.euskalpen.org

Nazioarteko PEN Kluba
www.internationalpen.org.uk



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia