euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2008ko Michelin Gida: lau euskal jatetxek euren lehen izarra lortu dute; Euskal Herriak, guztira, 24 izar ditu

2007/11/23

Aurretik Lasarteko jatetxean zeuzkan bi izarrei, Kursaalekoa gehitu behar die Berasategik
Aurretik Lasarteko jatetxean zeuzkan bi izarrei, Kursaalekoa gehitu behar die Berasategik

PUBLIZITATEA

Urtero urduri samar dabiltza sasoi honetan mundu osoko goi mailako hainbat chef eta jatetxe arduradun. Michelin gida ospetsuak bere 'ebazpena' jakin arazten duen garaia da eta hainbatentzat izan litekeen azterketarik zailena eta erabakiorrena da honakoa, kategoriari eusteak, izarren bat gehiago lortzeak edo izarrak galtzeak harreman zuzena izan baitu jatetxea beraren arrakastarekin. Publizitaterik onena eta txarrena izan daiteke mutiko loditsuaren juzkua. 2008koan, jatetxe euskaldunek ez dute izarrik galtzen eta, irabazi, aldiz, lauk irabazten dute izar bana: Donostiako Kokotxa eta Kursaal-ek; Larrabetzuko Azurmendi-k; eta Urdaizko El Molino de Urdanoz-ek.
Plazaratu berria da Michelin gida ospetsuaren 2008ko edizioa. Gastronomiaren biblia modukoa izatera iristen den liburu gorriska honek gorteko juje edo epaileen ebazpenak baino balio edo axola handiagoa izan dezake sukaldari askorentzat, bertan gora-behera ibiltzeak antzeko mugimendua ekar baitezake bezeroei dagokienez. Juxtua izan ala ez, orrialde horiek diotena Jainkoaren hitzaren pareko hartzen dute makina bat zalek, eta bertan hitz bat edo bi honela edo hala ipintzeak garrantzi handia izan dezake toki bat biziarazi zein ixteko. Jarraian doazen datuak Hegoaldeari dagozkio soilik, Espainia eta Portugaleko gidatik atereak baitira. Frantziako datu xeheturik ez da heldu oraindik, eta Ipar Euskal Herriko emaitzak falta dira, beraz.

Gidaliburuaren espainierazko bertsioa egin duten begiraleak ez dira gaizki portatu euskal jatetxeekin. Izarrik galdu duen euskal tokirik ez dago aurten eta, aldiz, izar bana lortu duten beste lau jatetxe bildu zaizkio zerrendari. Zeuzkaten hiru izarrei eutsi diete Arzak-ek (Donostia), Martin Berasategi-k (Lasarte) eta Akelarre-k (Donostian); eusten diote baita ere aurretik zeuzkaten bi izarrei Mugaritz-ek (Errenteria) eta Zuberoa-k (Oiartzunen); eta beste lau sartu dira lehenengoz, izar bakarrarekin, hala nola Kokotxa eta Kursaal, Donostian; Larrabetzu-n (Bizkaia), Azurmendi-k, eta El molino de Urdániz-k, Urdaitz-en, Nafarroan.

Izar bakarreko lau hauek lehenagotik zeuden izar bakarrekoen zerrendari emendatzen zaizkio. Aurretik zeuden Etxanobe (Bilbao), Zortziko (Bilbao), Andra Mari (Galdakao), Fagollaga (Hernani), Alameda (Hondarribia), Miramon-Arbelaitz (Donostia) y Zaldiaran (Vitoria-Gasteiz). Azpimarratzekoa da Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroak, lauok daukatela jatetxe izardunik euren baitan. Hala ere, Donostialdea da jatetxe konzentraziorik handiena duen euskal hiria, hiru hiruko, bi biko eta bost bateko baitauzka: 24 artetik, 18 izar.


Lotura interesgarriak

'Llega la guía Michelín 'España y Portugal' 2008'
'La gastronomía estatal suma 6 tres estrellas, 11 dos y 117 una'

The New York Times-ek Donostia 'dastatzeko' gida argitaratu du
2007ko azaroaren 20an argitara emana

Argentinako euskal jatetxe batek saria irabazi
2007ko azaroaren 12an argitara emana

Juan Mari Arzak-ek gastronomia literatura saria irabazi du
2007ko otsailaren 22an argitara emana

Euskal liburu bat, 'Munduko euskal haur sukaldaritza libururik onena'
2007ko urtarrilaren 15ean argitara emana

Aduriz euskal sukaldaritza irakasle Tokion
2006ko azaroaren 25ean argitara emana

Michelín-ek zazpi euskal probintzien gida atera du
2006ko ekainaren 20an argitara emana

Bi euskal jatetxe munduko hamar onenen artean
2007ko apirilaren 18an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia