euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2008ko Gurrutxaga Txakolina, 'Wine of the week' aukeratu du AEBetako Los Angeles Times egunkari ospetsuak

2009/08/20

Gurrutxaga Txakolin botila bat, Estatu Batuetan merkaturatzen den itxura eta etiketarekin (argazkia Jay L. Clendenin/Los Angeles Times)
Gurrutxaga Txakolin botila bat, Estatu Batuetan merkaturatzen den itxura eta etiketarekin (argazkia Jay L. Clendenin/Los Angeles Times)

PUBLIZITATEA

Ez daukagu geuk txakolinarekin obsesiorik, baina egiari zor, nazioartean --eta Estatu Batuetan bereziki-- gero eta oihartzun handiagoa eta trataera hobea ematen ari zaizkie txakolinei, eta halaxe gertatua da aste honetan ere, Los Angeles Times egunkariak --AEBetako hiru garrantzitsuenetakoa berau-- 'Wine of the Week' (Asteko Ardoa) gisa hautatua baitu, kasu honetan 2008ko Gurrutxaga txakolin xuria, Bizkaiko Txakolina jatorri izendapenari atxikia. Beraz, lehenengo eta behin zorionak Gurrutxagakoei, eta ondotik txakolingileei eta oro har euskal ardogintzari ere, euskal produktuak euren kalitateagatik, eta gero eta hobe egiten ari den merkaturatze eta zabalkundeari esker ere apreziatuak eta estimatuak baitira Estatu Batuetakoa bezain merkatu lehiakor eta zorrotza den batean.

Los Angeles, Estatu Batuak. Txakolinak bere osotasunagatik saltzen du eta deitzen du zale eta kritikarien arreta Estatu Batuetan. Eta hala behar du izan, baliatu behar ditu eskuragai dituen arma guztiak Estatu Batuetan itzela den lehiari aurre egiteko. Baita izenaren 'berezitasuna' ere, eta etekin komertziala atera, hemen jendearentzat 'txakoli' (bai, normalean enerik gabe) oso izen arraroa eta ahoskatzeko zaila baita, baina horri ere buelta behar zaio eman eta tasun bilakatu aurretik oztopo izan zitekeena.

Baina geuk jardun eta jardun eta gauzak esan ordez --EuskalKultura.com-en artikulu bat baino gehiago idatzi izan dugu txakolinaz eta Estatu Batuetan daukan harreraz-- hobe hona ekartzea Los Angeles Times egunkarian gaur bertan, asteazkena, abuztuaren 19an, S, Irene Virbila kritikariak argitara eman duena 'Wine of the Week' izendatzeko. Hona S. Irene Virbilak sinatzen duen artikulua euskaratua:

--------------------------------
Wine of the Week: '2008 Gurrutxaga Txakoli(na)'

Pasa ezazu une jostalari bat izen hori ahoskatzen, ardo-denda batera sartzen zarenean; nahikoa da, ordea, jakitea Txakolina dela (chaw-Ko-lee ahoskatua) eta Espainiako Euskal Herrikoa dela, Bilbo ingurukoa eta ekoizlearen izena 'Guru'-rekin hasten dela. Hartu honakoa gogoan ardoei buruzko trivial-ean ari zaren hurrengorako: ardo hau egina da %60 Hondarribi Zuri Mahatsa-rekin, %20 Mune Mahatsa-rekin eta %20 Txori Mahatsa-rekin: ez dira, ez 'egunero erabiltzeko moduko' izenak.

Gaurkoan aipatzen ari garen Gurrutxaga ardoa ardo xuabea, usain xuabekoa da, tupusteko azidotasuna azaltzen duena Ganny Smith sagar mota eta zitroinezko puntu batekin. Alkoholean apala (%10,5a baizik ez), daukan kilikagarritasun natural leunak edari perfektoa bilakatzen du eguraldi beroak jotzen duenerako.

Ongi hoztua zerbitzatu ostrekin euren maskorretan edo itsaski hotz platerkada batekin. Emankorra lurrin erara eginiko muskuilu eta txirlen lagun, baita ere, jakina, arrain erreaz.

Eskualdea: Bizkaiko Txakolina

Prezioa: 19 dolar inguru

Estiloa: xuabe eta freskoa

Zerekin bat egin dezake: itsaski hotzak, muskuilu eta txirlak lurrin erara, arrain errea

Non lortu (Los Angelesen): K&L Wine Merchants, Hollywood (323) 464-9463, www.klwines.com; Wine Exchange, Orange (714) 974-1454, www.winex.com; eta Woodland Hills Wine Company, Woodland Hills (818) 222-1111 www.whwc.com.

---------------------------------------------
(jatorrizko artikulua Los Angeles Times-en, hemen)



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia