euskal diaspora eta kultura
2013/06/04
PUBLIZITATEA
Mendabia, Nafarroa. "Kanpoan den Nafarraren Eguna" 25. edizioara heldu da aurten, Mendabia herrian larunbatean egin zen jaiarekin. Foru Komunitatetik kanpo bizi diren ia 2.000 nafar bildu ziren Nafar Etxeen Federazioak antolatu zuen topaketara. Ekitaldiak Foru Gobernuaren eta Mendabiako udalaren sostengua izan zuen. Egitaraua zabal izan zen, eta, besteak beste, kalejira, entzierroa, antzerki emanaldia, erakusketak eta 600 lagunentzako bazkari herrikoia egin ziren.
Nafarroako hainbat agintari bertaratu ziren, hala nola, Kultur sailburua, Juan Luis Sanchez de Muniain; Iruñeko alkate Yolanda Barcina; Nafar Etxeen federazioko presidentea, Rosa Mary Ibañez; eta inguruetako beste zenbait alkate.
Jaiaren 25. edizioa
Honekin 25 urte bete ditu "Kanpoan den Nafarraren Egunak", eta urteurrena ospatzeko "Familia Albuma" izeneko erakusketa antolatu da. Lehendabizikoa 1989an ospatu zen Corellan. Harrezkero jaia honako herrietara heldu da: Lizarra, Olite, Zangoza, Tutera, Iruñea, Irunberri, Azkoien, Erronkari, Tafalla, Lodosa, Agoitz, Otsagabia, Milagro, Auritz, Fitero, Arguedas, Artaxoa, Funes eta Ultzama.
Eguna dianarekin eta errondailarekin hasi zen eta ondoren, hamaiketan, meza elizkizuna egin zen. Ondoren kalejira batek elizatik udaletxera eraman zituen partehartzaileak, erraldoi eta gaiteroek lagunduta. Udaletxean Mendabiako alkate Maria Jose Veranok suziria bota zuen eta jaia ofizialki abiatu zuen. Ondoren Mendabiako produktu dastaketa egin zen eta jota kantaldia eman zuen La Ribera Canta taldeak.
Eguerdian bazkari herrikoia izan zen polideportiboan eta 600 lagun bildu ziren bertara. Arratsaldean entzierroa eta antzerki emanaldia egin ziren eta eguna suzko zezenarekin amaitu zen. Asteburu osoan zehar "Mendabia iruditan" erakusketa izan zen ikusgai La Carrera aretoan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus