Hirugarren eguna du gaur Deustuko Unibertsitatean, Goi-Hezkuntzako Erakunde Jesuiten Mundu-Batzarrak. "Transforming Our World Together" (Mundua elkarrekin eraldatuz) 300dik gora errektore eta buruzagi, munduko 200dik gorako unibertsitate, college eta goi-hezkuntzako erakunde jesuitetatik etorriak, Bilbo eta Euskal Herria hautatu dute elkargune. Izan ere, biharko saioa Loiolako Santutegian egingo da eta bertan sinatuko dute International Association of Jesuit Universities (IAJU) erakundearen sorrera ofiziala.
Bilbao, Bizkaia. International Association of Jesuit Universities-IAJU Batzarraren inaugurazio-ekitaldia atzo egin zuten Deustuko Unibertsitatean, Batzarra berez uztailaren 8-12an egitekoa delarik. Jesusen Lagundiko Arturo Sosa aita generala buru duen topaketan, mundu osoko jesuiten goi mailako hezkuntzako berrehun unibertsitate, college eta erakundetako 300 errektore eta agintaritik gora elkartu dira. Inaugurazio ekitaldian, Espainiako errege Felipe VI.a izan zen buru, lagun zituela Sosa aita generala, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Deustuko Unibertsitateko errektore Jose Maria Guibert, egunean zehar entzun ahal izan zirelarik baita ere Goi-Hezkuntza Kongregazioko prefektu kardinale Giusppe Versaldiren eta kardinale Gianfranco Ravasi hitzak.
“Transforming Our World Together” leloari jarraiki, erakunde jesuiten eta munduko erronka nagusienetariko batzuk hautatu ditu Batzarrak hausnarketarako eta sakontzeko gai: lidergo zibikoa eta politikoa, ingurumen eta ekonomia arloetako justizia, egoerarik ahulenean dauden sektoreentzako hezkuntza, bakea eta adiskidetzea edo erlijioen arteko elkarrizketa.
IAJU Jesuiten Unibertsitateen Munduko Elkartea sare berria eratzea
Batzarrean maila goreneko hizlariak mintzatuko dira, hala nola dagoeneko aipatutako Gianfranco Ravasi kardinala eta Giuseppe Versaldi kardinala, edo gaur asteartez mintzatu diren Pankaj Mishra eta Gaël Giraud SJ. Batzarrean IAJU Jesuiten Unibertsitateen Munduko Elkarteko zuzendaritza batzorde berrirako erabakiak eztabaidatuko dira eta unibertsitateen arteko lankidetzarako aukera berriak, eskualdeetako sareak eta nazioarteko elkartea bera ere aztertuko.
Karga sinboliko handiko unea izango da biharkoa, Loiolako Santutegian IAJU Jesuiten Unibertsitateen Munduko Elkartea izeneko sare berria sinatu eta eratuko denean, esaterako. Elkarteak izaera juridikoa, egitura, egonkortasuna eta bultzada emango dio mundu osoko jesuiten unibertsitate sareari.
Munduko jesuiten unibertsitaterik ospetsuenak ari dira parte hartzen parte batzarrean. Euren artean daude Georgetown University, Santa Clara University, Loyola Chicago, San Francisco University, Pontifikal Gregoriarra (Italia), Javeriana Bogotá, Iteso (Mexiko), Cordobako Universidad Católica (Argentina), Manilako Ateneo edo Tokioko Sofia. Jesuiten unibertsitate eta goi-eskolen arteko lehenengo bi batzarrak Mexikon (2010) eta Melbournen (2015) izan ziren.
Mundu osoko hiri multzo hautatu baten artean aukeratu zuten Deustuko Unibertsitatea 2018ko Batzarraren egoitza izateko. Izan ere, bilkura Bilbon izateak aitorpena eta babesa emango dizkio Deustuko Unibertsitateari eta Bilbori, oro har. Horrez gain, Elkartea eratzeak aukerak zabalduko dizkio Deusturi nazioarteratzeko eta mundu osoko beste erakunde batzuekin sarean lan egiteko.