Urteroko euren hitzordua izan dute Argentinako euskal etxeetako txikiek joan den asteburuan, Llavallolgo Euskal Echea eskolako instalazioetan. FEVAk proposatutako egitarauari jarraituz, mota askotako eta adinen araberako jolasetan aritu ziren hainbat euskal etxetatik propio joandako umeak.
Llavallol, Argentina. Arrecifes, Buenos Aires (Laurak Bat eta Euskal Echea), Cañuelas, Chascomus, La Plata, Lomas de Zamora, Maipu eta Pergaminoko euskal etxeek esan zioten baietz aurten FEVAk luzatutako gonbiteari eta Llavallolgo Euskal Echea eskolako kirol-zelaian bildu ziren Federazioak urtero antolatu ohi duen Umeen Topaketaren 18. edizioan parte hartzera.
Elkarretaratzea gosari gozo batekin hasi zen –ez dezagun ahaztu kasu batzuetan ehundaka kilometro egin behar dituztela euskal etxeetako ordezkaritzek Llavallolera iristeko– eta behin indarra berreskuratuta eta denborarik galdu gabe, jolasteari ekin zioten neska-mutilek. Hamabi bat jolas zirkuitu prestatu zituzten aurten antolatzaileek umeentzat: Oztopo lasterketa, Gurpil erraldoia, Hitz pareak, Sokatira, Bikote-saltoka, Izokinak harrapatu, Euskal puzzleak, Izarra, Arrautza erreleboa, Zapatila bila, Saski pilota eta Margoak. Eta jolasez aparte, kantak, dantzak eta kometak ere izan ziren Topaketan protagonista.
Bazkaldu eta askaria hartzeko momentuan, ezinbestekoa izan zen euskal etxeetako helduen lana. Ehun bat lagun bildu ziren irakasle, monitore, sukaldari, guraso eta bestelako laguntzaile helduen artean. Agintarien artean, bertaratu ziren Euskal Echea-ra FEVAko lehendakariorde Arantxa Anitua eta Jaurlaritzako ordezkari Sara Pagola.