euskal diaspora eta kultura
2013/05/10
PUBLIZITATEA
Arrecifes, Argentina. 'Biblioneta' proiektua --gaztelaniazko 'biblioteca' eta 'furgoneta' hitzen nahasketa izaki 'biblioneta'-- liburutegi ibiltari bat baino ez da, 700 bat liburu daramatzan liburutegi mugikorra. Liburuekin batera, beste adierazpen kultural batzuk ere eskaintzen dituzte ‘Biblioneta’ko sortzaile eta kontalari/dinamizatzaileek, beti literaturarengana hurbiltzen laguntzea xede.
[Argentinako errepide luzeetan barrena egiten ari diren bidaiak Arrecifes herrira ekarri zuen ‘Biblioneta’ apirilaren amaieran. Bertan, Euskaldunak Denak Bat-ek deiturik, euskal etxearen aurrean aparkatu zuen, ‘Ipuinaren Ordua’ zikloaren 2013ko lehenengo elkarretaratzean parte hartzeko (argazkiaEE)]
Arratsaldean zehar, irakurtzeaz gain, entzun, margotu eta jolastu ere egin zuten neska-mutikoek euskal etxeko areto nagusi eta patioan.
[Neska-mutilek ‘Biblioneta’k zeramatzan liburuak eskuratu eta baliatu ahal izan zituzten Euskaldunak Denak Bat-en Lucio Echaniz Liburutegiak antolatutako ekintaldian (argazkiaEE)]
‘Ipuinaren Ordua’ren 2013ko zikloari hain modu arrakastatsuan hasiera emanda, bigarren emanaldiaren data iragarri du jadanik euskal etxeak: bihar larunbata, hain zuzen ere, arratsaldeko 3:00etan, etxeko tabernan. Bigarren topaketa honetan ere umeak, ipuinak, jolasak eta irudimena izango dira atzera protagonista.
[Arrecifeseko eskoletako 3 eta 11 urte arteko umeak taldeka bildu ziren ‘La Vasca’ ezizenaz ezaguna den euskal elkarte arrecifestarrean. Eskoletako maisu-maistrak ere parte hartu zuten literatur ekitaldian (argazkiaEE)]
FEVAko Txistu Tailerra
Beste arlo batean, musikarenean hain zuzen, Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxea Txistu Tailer baten egoitza izango da maiatzaren 18an. FEVAk sustatutako ikastaro trinko honek helburu nagusitzat dauzka txistulariak eta txistularien irakasleak trebatzea eta txistularien partaidetza bultzatzea euskal jaietan.
Klaseak larunbateko goizeko 10etatik arratsaldeko 7etara luzatuko dira, eta txistulari edota musika irakurtzen dakiten lagunei dago zuzenduta. Jose Gutierrez izango du tailerrak koordinatzaile.
Igandean, berriz, Txistulari Elkarretaratzea antolatu du Euskaldunak Denak Bat-ek. Topaketan klaseetan ikasitakoa gauzatzeko aukera izango dute musikariek. Bazkariko txartelak $80 balio ditu (edariak ez daude barne) eta erreserbak egiteko centrovascoarrecifes@gmail.com helbidera behar da idatzi.
Zuzendaritza Batzorde berria
Euskaldunak Denak Bat-eko arduradunek oroitarazi dute, azkenik, apirilaren 27an erakundearen Urteko Batzarra gauzatu zela, batzordeko kargu batzuk --tartean lehendakariordea eta idazkaria-- berritze aldera. Lehendakaritzari datorren urtera arte ez zaio tokatzen berritzea, beraz Omar Gorostidyk jarraitzen du euskal etxeko buru.
[Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordea (argazkiaEE)]
Honela geratu da osatua zuzendaritza datozen hamabi hilabeteetarako:
-Lehendakari: Omar Gorostidy
-Lehendakariorde: Ana Idigoras
-Idazkari: Lujan Valiela
-Idazkariorde: Graciela Robles Zabala
-Diruzain: Maria Magdalena Boveda Aldazabal
-Diruzainorde: Maria Ines Altonaga
-Batzordekide
titular: Cesar
Solanes Aurtenechea, Cristina Rodriguez, Maria Angelica Lugaro Gabilondo, Rosana
Diaz, Analia Visciarelli
-Batzordekide
ordezko: Eduardo
Villa, Alicia Biain Azarola, Diana Cellotto de García Bilbao
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus