euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

20 aldeko boto eta 3 zurirekin, Hugo Andiazabal da FEVAko lehendakari berria 2014-2016 eperako

2014/04/28

Joan den apirilaren 26ko FEVAko hauteskundeetan hautatu diren agintari berriak (argazkia EuskalKultura.com)
Joan den apirilaren 26ko FEVAko hauteskundeetan hautatu diren agintari berriak (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Ezusterik gabe, joan den larunbatean egindako hauteskundeen ondorioz, orain arte FEVAko diruzain eta Junin hiriko Arbola Bat Euskal Etxeko lehendakari zen Hugo Andiazabal hautatu dute Argentinako euskal etxeek FEVAko lehendakari berria. 20 aldeko eta 3 bozka txuriko emaitza berarekin, Javier Ederra idazkari eta Pedro Mauregui Larranda diruzain atera dira. Biltzarra bukatuta, Sara Pagola eta Asier Vallejorekin bildu ziren Laurak Bateko bilkurara. Euskal etxeetako kideen aurrean izan zuen agerraldian, diru laguntzei buruz, Gaztemunduz eta Memoria Historikoa berreskuratzeko programei buruz hitz egin zuen Vallejok.

Buenos Aires, Argentina. FEVAko azken bi lehendakari hauteskundeetan gertatu bezala, joan den larunbatekoetan ere zerrenda bakarra aurkeztu da eta nabaria izan da euskal etxeen artean bertaratze eta partaidetza maila eskasa. Gogora dezagun 2010ean Ricardo Basterrak 22 botorekin lortu zuela lehendakaritza eta 2012an, 19k eman ziotela karguan jarraitzeko aukera. Aldiz, 2008an, bi zerrenda aurkeztu zirela, 49 bozka ibili ziren lehian, azkenean Felipe Eiheragibelek aurrea hartu ziola Alejo Martin-i 26-23. 2014 honetan, 20 bozkak legitimizatu dute Hugo Andiazabal-en hautagaitza, boto zuriak hiru.

2014ko FEVAko hauteskundeak 2014 01

[Apirilaren 26an burututako biltzarrean parte hartu zuten euskal etxeetako ordezkariak (argazkia EuskalKultura.com)]

Biltzarra goizeko 10ak aldera hasi zen azken bolada honetan hil diren hiru lagun oroituz: FEVAko lehendakari ohi Juan 'Tito' Gaillour eta Felipe Eiheragibel, eta Federazioko batzordekide izandako Agustin Asensio ekarri zituzten gogora bilkuraren agendarekin sartu aurretik. Apirilaren 26a izanik, Gernikako Bonbardaketa ere gogora ekarri zuten.

Bozketari dagokionez, aldeko 20 bozka eta 3 bozka txurirekin aurkeztutako zerrenda bakarra izendatu zuten garaile. Hona hautetsi berriak:

-Hugo Andiazabal (lehendakari), kargu pertsonala (Arbola Bat, Junin)
-Javier Ederra (idazkari),kargu pertsonala (Union Vasca, Bahia Blanca)
-Pedro Mauregui Larranda (diruzain), kargu pertsonala (Zingirako Euskaldunak, Chascomus)

-Batzordekide titularra, Marta Abarrategui, Euskaldunak Denak Bat (Arrecifes)
-Batzordekide ordezkoa, Ana Victoria Idígoras, Euskaldunak Denak Bat (Arrecifes)

-Batzordekide titularra, Verónica Zulaica, Denak Bat (Cañuelas)
-Batzordekide ordezkoa, Catalina Etchevers, Denak Bat (Cañuelas)

-Batzordekide titularra, Cristina Arregui, Zazpirak Bat (Rosario)
-Batzordekide ordezkoa, Alicia Igarzabal, Zazpirak Bat, (Rosario)

-Batzordekide titularra, María Susana Mendizabal, Gure Etxe Maitea (Olavarria)
-Batzordekide ordezkoa, Hilda Isabel Eyherabide, Gure Etxe Maitea (Olavarria)

-Kontu ikuskatzailea, Xabier Zubillaga, Euzko Etxea (Necochea)
-Kontu ikuskatzailea, Monica Mercedes Azpiazu, Lagunen Etxea (Laprida)
-Kontu ikuskatzailea, Maria Angeles Oñederra, Toki Eder (Jose C. Paz)

Lehendakaritza eskualdatzea

Biltzarraren baitan, azken lau urteotan FEVAko lehendakaria izan denak kargua eman aurreko bere azken hitzak zuzendu zizkien bildutakoei. Hitzaldian, euskal kulturaren alde lan egiten jarraitzeko engaiamendua adierazi zuen Ricardo Basterrak: “Hasten diren gauzak bukatu ere egiten dira. Nire kudeaketa gaur amaituko da eta une honetan Federazioak izan dituen zuzendaritza batzorde guztiei eskerrak eman nahi dizkiet gaur daukagun FEVA eraikitzeko egin duten ahaleginengatik. Gure Federazioa pozteko moduko ahalegina da eta harro gaude”.

“Badaude, halaber, azken urte hauetan FEVAren alde lan handia egin duten eta aipatu nahi ditudan pertsona batzuk, horen artean Carlos Sosa, berari zor diogulako instituzioa zabalagoa izateko baldintzak ezartzea. Carlos Sosarekin batera, Isidro Legarreta ere aipatu nahi dut, berarekin izandako elkarrizketek ere asko lagundu zidatelako nire jardunean. Eta jakina, esker beroak luzatu nahi dizkiet bai batzordeko nire laguntzaile guztiei zein euskal etxeetako kideei, egin duten lanagatik. Aurrera begiratzen jarraitu behar dugu, lan handia egin behar baitugu oraindik ere euskal kausaren alde. Nik hala egingo dut nagoen lekuan nagoela”, adierazi zuen.

Hugo Andiazabal presidente hautatu berriak, bere aldetik, bertaratutakoak agurtu eta bere agintealdian batasuna eta partaidetza bultatzea lehentasun izaten jarraituko dutela iragarri zuen.

Gure Esku Dago

FEVAren Biltzarraren barruan, La Platako Unibertsitateko Euskara eta Kultura Irakurlegoko irakasle berriak, Dani Oiarbide idiazabaldarrak, Gure Esku Dago Dinamikaren aurkezpena egin zuen. Aurkezpenarekin batera, Euskal Herrian ekainaren 8an Durango eta Iruñea artean egingo den Giza Katearen berri eman zuen eta maiatzaren 11an, ‘Buenos Aires Celebra’n kate argentinar bat egitera gonbidatu zuen.

2014ko FEVAko hauteskundeak 2014 02

[Hugo Andiazabal, Dani Oiarbide eta Cesar Arrondo Gure Esku Dago dinamikaren aurkezpenean (argazkia EuskalKultura.com)]

Asier Vallejo eta Sara Pagolaren bisita

Ordubatak aldera, Eusko Jaurlaritzako Sara Pagola, Asier Vallejo eta Andoni Martin, Ordezkaritzako Mariana Satostegui eta Shanti Arrieta lagun, Laurak Bat-en instalazioetan bilduta zeuden euskal etxeetako ordezkariekin elkartu ziren. Agurtu ondoren, Vallejok Euskadiren egoera ekonomikoa, eta honekin lotuta, Eusko Jaurlaritzak ematen dituen diru-laguntzei buruzko zenbait azalpen eman zituen. Gobernuak bultzatzen duen Gaztemundu programa aurten dantza irakasleei egongo dela zuzenduta ere iragarri zuen eta uztailean burutuko dela. Partaide kopurua igoko dela esan zuen, baita ere, iazko 15etik 25era hain zuzen. Azkenik, Memoria Historikoa berreskuratzeko proiektua martxan dagoela ere aipatu zen.

Sara Pagolak, bere aldetik, Ordezkaritzak bultzatzen dituen aktibitatean parte hartzera gonbidatu zuen, esaterako Toti Martinez de Lezea idazle gasteiztarrak maiatzaren 7tik aurrera burutuko dituen hitzaldietan.

2014ko FEVAko hauteskundeak 2014 03

[Ricardo Basterrak eta Hugo Andiazabal-ek jaso zituzten Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak. Ezker-eskuin, Ricardo Basterra, Sara Pagola. Hugo Andizabal eta Asier Vallejo (argazkia EuskalKultura.com)]

Arratsaldean euskal mandatariak Buenos Aireseko Liburu Azokara bertaratu ziren Magdalena Mignabururen Euskal Aberria Argentinan liburuaren aurkezpenera eta iluntzean Euskaltzaleak Euskaltegia bisitatu zuten, bertako kideekin Aberri Eguna ospatzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia