‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdiaren bosgarren edizioa ospatu zen atzo Argentinako hiriburuko Mayo etorbidean eta, antolatzaileen arabera, 20 mila inguru lagun partaide. Eguerdian hasita, eta arratsaldeko 6ak arte, hainbat kultur adierazpen aurkeztu eta erakutsi zizkion euskal kolektibitateak Buenos Aires hiriari, dantzak, musika, sukaldaritza, kirolak, euskara eta jantzi tipikoak barne.
Buenos Aires, Argentina. Hiriburuko Kolektibitateen Zuzendaritzaren babesarekin eta Laurak Bat Euskal Etxea antolatzaile, ‘Buenos Aires celebra al País Vasco’ (Buenos Airesek Euskal Herria ospagai) jaialdi eguna izan zen atzo, bosgarren urtez jarraian eta ohiko arrakasta handiarekin. Izan ere, hiriko agintariez gain, hainbat hedabide ere bertaratu ziren Mayo Etorbidera, paregabeko festaren berri eman ahal izateko.
EuskalKultura.com-ekin hizketan, antolatzaileen izenean, Arantxa Anitua Laurak Bateko lehendakaria poz-pozik agertu zen eta ekintzaren helburu guztiak bete zirela jakinarazi digu: “Egun ederra izan da; pertsona ugari bildu dira –hedabideek esan dute 20 bat mila–, standetan asko saldu da eta hiriak ikusi ahal izan du euskal kultura zer den… horiek ziren gure xedeak eta uste dugu ondo baino hobeto bete ditugula”, azaldu digu Anituak.
Eguraldia lagun, arratsalde bikaina pasa zuten hiriburutarrek, euskal kulturaz gozatzen.
Urtero bezala, EuskalKultura.com jaiaren lekuko izan da eta bihar argazki galeria argitaratuko du.
Gaur, eta aurrerapen gisa, irudi adierazgarri batzuk.