euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bigarren urtez Tucumango euskal kolektibitatea, Yerba Buenako Gizataldeen Azokako partaide

2011/12/22

Tucumango Euskal Kultur Elkarteko neskak: Araceli, Micaela, Isabella, Caterina, Iara y Anghela Gambini Astigarraga, erakundeko erregina (argazkia EE)
Tucumango Euskal Kultur Elkarteko neskak: Araceli, Micaela, Isabella, Caterina, Iara y Anghela Gambini Astigarraga, erakundeko erregina (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Bigarren urtez antolatu du aurten Tucuman probintzia argentinarreko Yerba Buena herriak bertako Gizataldeen Azoka. Abenduaren 3an izan da eta iazkoan bezala, honetan ere anitz kolektibitatek hartu zuten parte jaialdian, tartean gizatalde andaluziar, alemaniar, boliviar, japoniar, arabiar, sardiniar, piamontear, friuliar, veneziar, laziar eta argentinarrak, euskaldunekin batera. Festa, herriko Marcos Paz Plazan egin zen, eta eguraldiak gehiegi lagundu ez bazuen ere antolatzaileek adierazi dute 2.500 bat lagunek bisitatu zituztela azokako standak.

Yerba Buena, Argentina. Argentinako herri askotan egin ohi den legez, Tucuman probintziako Yerba Buenan ere, bildu ziren gizatalde atzerritarren ordezkariak azoka bat antolatzeko asmoz. Proiektua iaz gauzatu zen lehendabizikoz eta aurten Azokaren II. edizioa burutu da, abenduko lehenengo asteburuan.

Tucumango Euskal Kultur Elkartearen eskutik, Euskal Herriko adierazpen kulturalek ere euren leku berezia izan zuten Yerba Buena-ko Azokan. Izan ere, herriko Marcos Plazan ezarritako standen artean, euskaldunena ere bazegoen, ikurrinez eta Euskal Herriko beste hainbat adierazgarri eta ikurrez apainduta.

Tucumango euskal etxeko lehendakari Juan Jose Lopez Galdonak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, euskaldunen standean, “mota askotako oroigarriak saldu ditugu. Irabaziak ez dira batere handiak izan baina kide berriak egiteko oso aukera ona izan da, eta hori da egun gure helburu nagusia”. “Standean eskainitakoaz aparte, ikuskizun txiki bat aurkeztu genuen: Gure neska talde batek, euskal jantziz eta txistu grabazio batek lagunduta, koreografia bat eskaini zuen”, azaldu du.

Yerba Buenako Gizataldeen Azoka 2011 01

[Eskuinean, Tucumango Euskal Kultur Elkarteak Yerba Buenako II. Gizatalde Azokan muntatutako standa (argazkia EE)]

Tamalez, festak ez zuen eguraldiaren konplizitaterik lortu. Jai egitarauak bi egunez luzatu behar zuen arren, eguraldi kaskarra zela eta larunbateko ekitaldien ondotik, igandekoak bertan behera utzi behar izan ziren. Hala ere, eta antolatzaileek emandako datuen arabera, 2.500 bat bisitari izan zituen azokak.

Bertako euskal etxearen egoerari dagokionez, “zoritxarrez ez dugu egoitzarik”, azaldu digu Galdonak. “Hilabetero egiten dugu lagun arteko afari bat eta normalean edadeko jendea da biltzen dena… gazteak oraindik ez dira parte hartzera ausartzen. Egoitza beharko genuke, baina lortu ezina da guretzat, oraingoz, behintzat”, azaldu duTucumango Euskal Kultur Elkarteko lehendakariak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia