euskal diaspora eta kultura
2008/08/29
PUBLIZITATEA
Laura Echezarreta eta Mauro Vitullo/Mar del Plata, Argentina. Urte askotan Mar del Plata hirian presentzia ez-egituratua izan ostean, bertako euskaldunek euren euskal etxe propioa sortzea lortu zuten 1943an, 'euskaltzaletasuna'ri hiri mailan presentzia handiagoa emanez. Denak Bat izena jarri zioten sortu zuten elkarteari. Bildu zituen helburua zera zen: '... euskal kultura zaindu eta zabaltzea, ekitaldi linguistiko eta musikalen bidez' (1). Zer dela eta izan zuten euren kultura zaindu eta zabaltzeko behar hori? Argentinar ohitura eta kulturarekin uztar zitekeela uste zuten? Kultur ekitaldi hauen bidez, agian, galdutako nortasuna berreraiki ahal izango zuten?
Zentzu honetan, lehen euskal aste hura euskal abertzaleek (2) aspalditik Mar del Platan bizi ziren eta 'argentinizatzen' hasiak zirenen euskal ondorengoen nortasuna berrindartzeko erabili zuten bideetako bat izan zen. 'Andoni de Astigarragak dio Euzkadiko Ordezkaritzaren predikuak eta euskal erbesteratuen presentziak euskal ondorengo askoren izpiritua aldatu zuela, nahiz eta ordurarte euskal abertzaletasunak ez zituen liluratu' (3).
Lehen Euskal Astea 1945eko irailaren 29 eta 30ean egin zen, Euskadiko patroi Aralarko San Migelen omenez. Jarduera tradizionalak egin zituzten, adibidez kalejirak, folklore jaialdia Ocean Rex aretoan, Udal Orkestraren laguntza izan zuten ikuskizunak, Lagun Onak abesbatzaren kontzertuak, eta Acción Vasca de Argentina taldeko dantzarien erakustaldiak.
Esan bezala, euskal kultura zabaltzea izan zen elkartearen helburu nagusienetako bat eta asmo horrekin herriko komunikabideak --irratia eta egunkariak-- erabili zituzten. Gure atentzioa herri mailan argitaratutako egunkariengan jarriko dugu. Mar del Platako 'Archivo Histórico Municipal Roberto Barilli'-ren bidez eskuratu ahal izan ditugun egunkariak honakoak izan dira: 'La Capital' eta 'El Trabajo'.
1945ko Euskal Astea egunkari bietan iragarri zuten. 'La Capital'-en berria 1945eko irailaren 26ean agertu zen lehen aldiz, eta ondoren 28, 29 eta 30ean; oihartzun horrek jaialdiak izan zuen garrantzia erakusten du. Berri gehienak gizarte atalean agertzen dira, garaiko Mar del Platako gizartearen ekitaldiak jasotzen zituen saila, hala nola dantza matinée-ak, urtemugak, ezkontzak, eta abar. Artikulu gehienetan egun horietan egin ziren ekitaldien kontakizun zabala aurkitu dezakegu, tartean marrazkiak.
Jaialdia hasi zen egun berean egunkariak jarraipen handia egin zuen, hain da horrela, orri berean eta leku asko betez, euskal asteari buruzko bi berri aurkitzen ditugula.
1945eko irailaren 30ean astearen egitaraua agertzen da berriz, baina oraingoan jaialdiaren lehenengo eguneko inpresioekin jantzia: 'euskal jaiek (…) prestakuntzan jarritako gogoaren arabera espero zitekeen distira izan zuten…'.
[Garaiko egunkarietan euskal astearen albistea]
Jarraian, 'El trabajo' egunkariak 1945eko Euskal Asteari eskaini zion jarraipena aztertuko dugu. Bertan irailaren 29 eta 30ean egitekoa zen euskal jaiari buruzko hiru berri aurki ditzakegu. Nahiz eta aurretik aztertu dugun egunkariko jarraipenarekin parekotasunak dauden -- adibidez sarri aurkezten dute jaien egitaraua--, azpimarratzekoa da albiste horietako bat lehen orrian agertzen dela, beraz, kioskotik pasatzen zen edonork jaiaren berri izango zuela pentsa dezakegu. Beste desberdintasun aipagarri bat jai egitarauaren zatikatzea da, euskal erromeria azpimarratuz.
Gogoeta bezala zera esan genezake, euskaldunek euren elkartea sortzerakoan zuten helburua, euskal ohitura, jaiak, dantzak eta kultura egiten duten beste jarduerak zabaltzeko helburua alegia, bete egin zutela. Hori erakusten dute aztertu ditugun egunkariek, 1945eko bi egun horietan egin behar ziren ekitaldien albistea behin eta berriz argitaratu baitzuten.
Egileak: Laura Echezarreta eta Mauro Vitullo. Abuztuaren 12a, Mar del Plata.
[1] Álvarez, Adriana. HISTORIA DEL CENTRO VASCO DENAK- BAT MAR DEL PLATA. Urazandi Bilduma. Vitoria-Gasteiz, 2002. 58. orr.
[2] Euskal abertzale izena ematen diegu Francoren diktadurapean euren lurra utzi egin behar izan eta euskal kultura atzerritik, kasu honetan Mar del Platatik, sustatu zutenei.
[3] Álvarez, Adriana. HISTORIA DEL CENTRO VASCO DENAK- BAT MAR DEL PLATA. Urazandi Bilduma. Vitoria-Gasteiz, 2002. 58. orr.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus