euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

1936ko erbesteko euskal emakumeak eta euren ekarpena berreskuratzen du 'Non zeuden emakumeak?' liburuak

2008/01/17

'Non zeuden emakumeak?' liburuaren aleak
'Non zeuden emakumeak?' liburuaren aleak

PUBLIZITATEA

Hamaika Bide elkartearen Saturraran argitaletxeak plazaratu duen liburu honek 2005ean Donostian egin zen 'Euskal Emakumea eta Erbestea' mintegiko ponentziak aurkezten ditu. Bertan biltzen diren artikuluak iturri bikaina dira erbestean euskal emakumeek izan zuten garrantzia eta ekarpena ezagutzeko, are gehiago arlo honetan ikerketa gutxi egin direla kontuan hartuta. Liburuaren eta mintegiaren asmoa emakume hauen bizitza eta lana agerian jartzea da. Dagoeneko internetez eros daiteke.
Non zeuden emakumeak? La mujer vasca en el exilio de 1936 (Saturraran Argitaletxea, Donostia, 2007) izenburupean Euskal Erbesteen Kulturaren Ikerketarako Hamaika Bide Elkarteak gerra zibilaren garaian eta ondorengo urteetan emakumeek eginiko lana berraztertzen du. Liburuak, artikuluak zein azterketak biltzen ditu; ikerketa orokorrak aurki daitezke, esaterako kanon berri baterako hainbat emakumeen izenak proposatuz, edota emakumeen presentzia bertsolaritzan edo haien partaidetza kulturan eta literaturan.

Obrak --ia sei ehun orrialdetan-- emakume oso desberdinei buruzko lanak bildu ditu, tartean Maria de Maeztu, Balendiñe Albizu, Julia Álvarez Resano, Polixene Trabudua, Dolores de Salís, Ernestina de Champourcin, Sorne Unzueta, Pilar de Zubiaurre, Vicenta Llorente, Emiliana de Zubeldia… Ideologikoki ere aniztasuna da nagusi emakumeen artean: emakume kontserbadoreekin batera emakume komunistak, abertzaleak eta anarkistak aurkituko ditu irakurleak. Baina guztien elementu erkideak errepublikaren aldeko leialtasuna eta Euskal Herriaren aldeko lana izan ziren.

Liburuak jasotzen dituen artikuluetako bat Breve diccionario de mujeres vascas en el exilio da, Mari Karmen Gil Fombellida historialariarena. Bertara Diasporako ehun bat emakumeren biografiak biltzen ditu Gil Fombellidak, horien artean Aurora Arnaiz, abokatua eta Zuzenbide katedraduna Mexikon; Ernestina de Champourcin, poeta eta idazlea; Maritxu Anatol, kontrabandista, espioia eta Comete sareko kidea Bigarren Mundu Gudan; Teresa de Escoriaza, idazle, kazetari eta guda korrespontsala Marokon; edo Sorne Unzueta, idazle, poeta, andereño, margolari eta euskaltzalea, besteak beste.


Lotura interesgarriak

Saturraran argitaletxea
www.editorialsaturraran.com

Saturraran argitaletxeak katalogoa jarri du sarean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 20an

Erbesteari buruzko 8. Nazioarteko Mintegia
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 23an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia