euskal diaspora eta kultura
2008/12/30
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Miloi erditik gora izan daitezke Guda Zibiletik eta frankismotik ihesi erbesteratu behar izan zutenen kalteak ordaintzeko Oroimen Historiakoaren Legeak sustatu duen neurriaren estatu osoko pertsona onuradunak. Atzoz geroztik espainiar nazionalitatea eska dezakete 1936ko uztailaren 18a eta 1955eko abenduaren 31 bitartean erbestera joan behar izan zutenen ondorengoek eta baita Espainiako estatuan jaiotako gurasoen seme-alabek ere.
Eskabidea aurkeztu nahi dutenek 2010eko abenduaren 27a bitartean dute epea baina litekeena da epe hori bi urte horietaz gain beste urte betez luzatzea. Nazionalitate espainiarra eskatu nahi dutenek eskabideak aurkezteko inprimakiak zuzenean eska ditzakete Espainiako kontsulatuetan, edo internet bidez, Espainiako Kanpo Ministeritzaren webgunean (www.maec.es) edo Justizia Ministeritzarenean (www.mjusticia.es).
Aurkeztu beharreko dokumentazioa
Eskabideekin batera eskatzaileek gurasoen jaiotze-agiriak aurkeztu beharko dituzte (espainiar nazionalitateko gurasoak dituztenen kasuan). Eskatzaileak erbesteratuen bilobak baldin badira, aiton-amonen erbesteratu izaera baieztatzen duen dokumenturen bat aurkeztu neharko dute: espainiar administrazioak erbesteratuei emandako laguntzak jaso zituztela edo Nazio Batuen Errefuxiatuen Nazioarteko Bulegoko agiriak, adibidez. Era berean, alderdi politikoek, sindikatuek edo espainiar agintariek aintzat hartzen dituzten beste erakunde batzuetako agiriak zein erbesteratuak hartu zituzten herrialdeetako agiriak onargarriak izango dira.
Neurri honetaz baliatzen direnek ez diote aurreko nazionalitateari uko egin beharrik izango, espainiarra jatorrizko nazionalitatea izango litzatekeelako. Nazionalitate berria eskatzen dutenen seme-alabek ere nazionalitate hori eskatzeko aukera egon daiteke. Egoera horretan daude abididez onuradunen 18 urtetik beherako seme-alabak, Kode Zibilaren arabera, baina ez 18 urtetik gorakoak.
Milaka eskabide lehenengo egunetan
Neurria pozez hartu dute Argentina, Uruguai, Kuba, Txile, Venezuela, Mexiko eta Frantziako erbesteratuen ondorengoek eta asko eta asko izan dira lehen egun hauetan bertan eskabidea abian jarri nahi izan dutenak. Buenos Airesen, adibidez, Espainiako kontsulatuak eskabideak egiteko 10.000 txanda eman ditu jada. Mexiko DFko kontsulatuak neurri bereziak hartu ditu eskatzaileen beharrei aurre egin ahal izateko eta Caracaseko kontsulatuan egunean 100 eskabide bideratuko dituztela azaldu dute.
INPRIMAKIAK ETA HITZORDUA INTERNET BIDEZ
-Informazio gehiago eta aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko argibideak, Espainiako Justizia Ministeritzaren webgunean, hemen.
-Hainbat herrialdetako kontsulatuan hitzordu internet bidez eskatzeko, jo Espainiko Kanpo Ministeritzaren webgunera, hemen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus