euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

1842an, gaur duela 178 urte, Montevideoko prentsan euskaraz argitaratutako testu baten berri eman dute

2020/09/04

Alberto Irigoyen eta Xabier Irujok eman dute ezagutzera Amerikako prentsan topatutako zaharrena den euskal testu hau
Alberto Irigoyen eta Xabier Irujok eman dute ezagutzera Amerikako prentsan topatutako zaharrena den euskal testu hau

PUBLIZITATEA

Ameriketako prentsan orain arte aurkitu den euskaraz argitaratutako lehenengo testuaren berri eman digute gaur euskal diaspora gaietan espezialdutako Alberto Irigoyen eta Xabier Irujo ikertzaileek. Abisu bat da, Montevideoko Antuña poliziaburuak sinatua, eta 1842ko irailaren 4an --gaur duela 178 urte-- eman zen argitara. Orain arte, Montevideo bertako 1843ko maiatzeko beste idatzi bat jotzen zen Ameriketan euskaraz argitaratutako lehen testutzat. Guztia agertzen digute bi ikertzaileek segidako artikulu honetan.

Xabier Irujo eta Alberto Irigoyen. 1842ko irailaren 4an, igandea, Le Messager Français egunkariaren lehen orrialdean txertatutako albistea orain arte aurkitu dugun Ameriketako prentsan euskaraz idatzitako lehen berria da. Duela 178 urte idatzitakoa.

Egoera larria zen Montevideon. Gerra Handiaren testuinguruan (1839-1851), Fructuoso Rivera-ren Colorado-ek Manuel Oriberen Blanco-ek hiriburuaren aurkako erasoa espero zuten. Irailean Oriberen tropak ez ziren Montevideora iritsi baina hirian inbasiorako prestatzen ari ziren eta bertakoen derrigorrezko konskripzio deialdia zabaldu zen. Noski, atzerritarrak soldadutzaz salbuetsita zeuden. José Antuña, Montevideoko buruzagi politiko eta polizialak sinatutako euskarazko testuak azaltzen du errepublika armetan dagoela eta, gizon guztiak zerbitzu militarrera deitu dituzten arren, “penarequin ichusten” zuten nola askok ez zuten kasurik egiten. Antuñak azken hauek atxilotzeko agintea luzatu zuen eta, atzerriko biztanleen artean atxiloketak ekiditeko -errepublika armekin defendatzeko betebeharrik ez baitzuten- azken hauek, euren artean anitz euskaldunek, bere herrialdeetako koloreak zituen kokardoa ikusgai eraman zezaten agindu zuen.

Poliςiaco avisua
Républica guςia harmetan [c]a[u]sicen delacots
eta nola hemengo semiac oro cerbiçurat
galdeguinac bactira, penarequin ichusten
dugu badela ainhits orai artecan casuric
eguin estutenac. Gauςa hori dela cau[s]a,
eta nahis evitatu cembait estranyerri policiara[t]
preso yoatia es yaquines cein naçionetacoac
diren. Poliςiaco chefac ordenatcen du egunetic
hasiric estranyer guciec bereen nacionaco
cocarda ibil deçaten, guisa hortan ecaguciaatic
no[r] diren heirco semiac eta nor es.
[Antuña]

Testuari begira, Iparraldeko euskaldun batek idatzitako oharra dela dirudi. Esate baterako, adierazgarria da poliziaren “chefa”-ren aipamena eta “ainhits” aditzondoaren edota “estranyerri” formaren erabilera. Bizkaian eta Gipuzkoan “orain” forma hobesten den bitartean, Iparraldean “orai” erabiltzen da batez ere, nahiz eta “orai” Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldeko hiztunen artean ere erregistratzen den. Oro har, XIX. mendeko lehen hereneko Uruguaiko euskaldun gehienak Iparraldeko etorkinak ziren, nahiz eta 1839tik aurrera Hegoaldeko erbesteratuen eta emigranteen kopurua nabarmen handitzen hasi zen ere.

Biztanle gehienak etorkinak ziren 1842ko Montevideon eta bai kontsuletako ordezkariek zein gobernuko agintariek adostu zuten hiria defendatzeko ezinbestekoa zela atzerritarrak armatzea. Aipatutako oharra argitaratu eta gutxira, atzerritarren estatutua kendu zieten kanariarrei eta erroldatu zituzten. Italiako eta Frantziako legioak sortu ziren, baina Jean Thiebaut koronelak euskaldunak bere legiora erakartzeko ahaleginak egin zituen arren, azken hauek ez zuten erroldatu nahi, beraz, euskaldunei arreta berezia eskainiz, bigarren ohar bat argitaratu zen euskaraz 1843an Le Patriote Française egunkarian. Hiriaren defentsan borrokan arituko ziren atzerritarrei gerra ondoren lurrak eta abereak emango zietela argitzen zuen oharrak. Euskaldunek euskaldunen agintepean borrokatuko ziren euskaldunez osatutako unitateetan. Gobernuak Juan Bautista Brie de Laustan Garaziko naparra izendatu zuen Chasseurs Basques izeneko euskal batailoiaren buru. 659 tropek osatutako unitate honek eta 600 soldadu mantendu zituen batez beste gerrak iraun zuen zortzi urtez.

Oriberen tropek euskal soldaduek osatutako unitatea izan zuten ere, Oribe Boluntarioen Batailoia hain zuzen. Santurtziko El Mello herrian jaio zen Ramón Bernardo Artagabeitia Urioste izan zen 689 gizon izatera iritsi zen unitate honen buru. Euren kanpamentua “Oribe Erri” izendatu zuten. Horien artean asko karlista ohiak ziren, Hegoaldekoak nagusiki, baldintza okerrenetan zazpi urtez (1833-1839) tropa liberalei aurre eginik borrokan aritu ondoren, Espainiako gobernuko agintariak Bergarako bake akordioa sinatzera behartu zutenak. Haien ospea handia zen eta soldaduen behar handia zegoenez, euskal jatorria aitortu zitzaien, euskal agindupean zeuden euskal batailoietan soilik zerbitzatzeko eskubidea bai eta Zazpi Urteko Gerran izan zuten maila eta soldata mantetzeko eskubidea ere.

Horrela, 1842tik aurrera, Euskal Herrian urtetan borrokan aritu zirenak berriro ere gerra egingo zuten aurrez aurre, bi ejertzito ezberdinetan. 1843ko otsailean hasi zen setioak zortzi urte baino gehiago iraun zuen, 1851ko urriaren 8ra arte.

Orain arte, 1843ko maiatzean Montevideoko Le Patriote Français egunkarian argitaratutako artikulua egunkari amerikar batean euskaraz idatzitako lehen testua zela defendatu izan ohi da baina, bistan da, azken hau zaharragoa da. Ameriketako egunkari batean oso-osorik euskaraz idatzitako lehen testuetako bat da. Hego Amerikako kazetaritza modernoaren historia Perun hasi zen, 1790ean Diario Erudito, Económico y Comercial de Lima agertu zenean. 1807an Estrella de Sur agerkariaren lehen alea argitaratu zen, Banda Oriental-eko kazetaritzaren historiari hasiera emanez eta 1810ean La Gaceta de Montevideo sortu zen. Kontinente oso bateko hemeroteketan berrien bila jarraitu behar badugu ere, orain arte aurkitu dugun egunkari amerikar batean euskaraz idatzitako idazkirik zaharrena dugu hau.

Bitxikeria gisa, irailaren 13ko Le Messager Français egunkarian, “moral oneko” gizon gazte bati buruzko iragarki bat argitaratu zen, zamaltzain edo eraikuntzan lan bila zebilena eta frantsesa, gaztelania eta euskaraz hitz egiten zekiena. Urriaren 1eko alean beste iragarki bat txertatu zen, frantsesez, gazteleraz eta euskaraz hitz egiten eta ongi idazten zuen gazte batena, negozio-etxe bateko hiru hizkuntzetan idatzitako gutun-trukeaz arduratuko zena. Horrek adierazten du garai hartako Montevideon euskara merkataritza-transakzioetarako erabiltzen zela.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia