euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

1833an Argentinara emigratutako Goizueta-Latassatarren ehundik gora ondorengo bildu dira B. Aires probintzian

2007/10/26

Francisco Rosales y Cabral, María de las Mercedes "Marilusa" Cabral eta Pedro Glessner topaketan (argazkia Fernanda Goizueta)
Francisco Rosales y Cabral, María de las Mercedes "Marilusa" Cabral eta Pedro Glessner topaketan (argazkia Fernanda Goizueta)

PUBLIZITATEA

Deialdiak Salta, Formosa, Santa Fe, Córdoba, Mar del Plata eta La Pampa-tik etorritako senideak biltzea lortu zuen Villa Elisa herriko Cabaña El Rincón-en, Buenos Aires probintziako La Plata hiriburu aldean. Ez ziren falta izan ikurriñak ezta Argentinako banderak ere. Zuhaitz genealogiko erraldoi bat ere ipini zuten pareta batetan. Fernanda Goizueta antolatzaileak Euskalkultura.com-i adierazi dionez “topaketak harremanak estutzeko balio izan du dudarik gabe, bai aldez aurretik ezagutzen zirenen artean eta are gehiago ezagutzen ez zirenen artean”.
Pedro José Goizueta eta Lorenza Latassa nafarren ondorengoek ospatutako hirugarren topaketa izan da. 2001ean elkartu ziren lehengo aldiz eta 2004an bigarrenez. Gero eta senide gehiago erakartzea lortu dute, urriaren 13an eginiko azken bileran ehundik gora. Euren arteko askok ez zuten elkarren berri zuzenik, horregatik, bakoitza soinean identifikatzeko agiri bat zeramala ibili zen, aitaren, aitonaren eta birraitonaren datuekin.

Egoitzako pareta batean zegoen zuhaitz genealogiko erraldoiak begirada ugari erakarri zituen guztiek kokatu nahi baitzuten euren adarra. Hainbat argazki ere ipini zituzten zendutako pertsonen irudiekin eta familiaren zuhaitza baieztatzen duten agiriekin. Antolatzaileek euskal ikutua eman nahi izan zioten topaketari 1839an Euskal Herritik iritsitako senideen omenez, eta ekitaldiak ez zuen ikurrin faltarik izan.

[Goizueta-Latassa senar-emazteen ondorengoen adar bakoitzak zegokion argazkia atera nahi izan zuen elkarretaratzean. Honakoan Goizueta Delgado familia; Bence Pieres Goizueta familia; eta Raimundo Goizueta]

Parte hartzaileen artean adin mota guztietako senideak zeuden, zaharrenak 89 urte zituen eta gazteenak berriz bost hilabete baino ez. Elkarrekin argazki bat atera zutenean “oso une zirraragarria izan zen”, esan dio Fernanda Goizuetak Euskalkultura.com-i. Hunkigarria izan zen baita ere Carlos Fox y Goizuetak 89 urteko gizonak eta bere emazte Angélicak euren ezkontzaren 62. urteurrena bileraren baitan ospatu nahi izan zutenean, emendatzen du Fernandak.

Egun berezia gogoan izateko eskuz margotutako kafe pitxerrak zozketatu zituzten, ikurriñaz apainduak eta Euskal Herriko irudiak zituzten liburu-markatzaileak ere oparitu zizkieten bertaratutako guztiei. Bi foileto ere banatu zituzten; “Noiz eta zergatik etorri ziren gure arbasoak?” eta “Gure arbasoen lurraldea” izenburukoak eta Goizueta eta Latassa abizenen armarriak ere banatu zituzten inprimaturik.


Lotura interesgarriak

Goizueta-Latassa familia bilkuraren iragarpena
Euskalkultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 2an

Familiaren zuhaitz genealogikoa
www.linajes.com.ar/goizueta

Topaketako argazkiak
picasaweb.google.com

1. foiletoa: Noiz eta zergatik etorri ziren gure arbasoak?
Egilea, Claudio T. García Bes y Rosales Goizueta

2. foiletoa: Gure arbasoen lurraldea
'¿Por qué luchamos los vascos?' liburutik hartua

Bi deituren armarriak, bilkuran aurkeztutakoaren arabera
picasaweb.google.com

Goizueta udalerri nafarra
Wikipedia interneteko entziklopedia askean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia