Bakersfield, AEB. Koronabirusaren krisia, ekarri dituen konfinamendu eta murrizketak gogor jotzen ari diren urte honetan, ilusio eta itxaropen distira sortzen du begi-ninietan eta irriño alaia ezpainetan joan den larunbatean Kaliforniako Bakersfielden bezala jendearen Euskal Etxearekiko laguntza eta sostengu bizia ikusteak. Aurtengo ekitaldi gehienak eta erakundearen sostengu diren Euskal Besta eta agorrileko Bakersfieldko Azokako partaidetza bertan behera geratuta, Euskal Etxeak deia egin zuen joan den larunbatean "drive thru" ekitaldi batean parte hartzeko, erakundearen ekonomiak arnas apur bat hartu ahal izan zezan.
Zenbakiak berez dira adierazgarriak: 400 autotik gora pasatu ziren Euskal Etxe aurretik ibilgailutik jaitsi gabe lehiatilatik manatuak jasotzeko. Janaria jasotzeko zabaldutako hiru orduko tartean --16:00etatik 19:00etara-- momentu batzuetan 800 metroko kotxe ilada sortu zen eta 1.800 sandwich baino gehiago saldu ziren, eta horiekin batera 375 saltsa, 400 ontzi babarrun eta 380 ontzi tomate. Erraz esaten da. Orotara, 30.000 dolarretako salmenta, hiru ordutan, Euskal Etxetik EuskalKultura.eus-i adierazi zaionez.
(Euskal Etxea salmentarako zabaldu aurretik Kristie Onaindiak autoen ilarak jarraitu beharreko ibilbidea aurkeztu zuen. Mila esker Kristie eta KCBCeko lagunok!)
Kern County Basque Club euskal etxeko Maria (Bernal) Toretta eledunak esker bereziak eman nahi izan dizkio Bakersfieldeko herriari, erakutsitako sostengu maila ikaragarriagatik, eta baita, jakina, bertako euskal komunitateko kideei ere. "Alimalekoa izan da erantzuna", esan du. "Aukera egokia izan da, sostengua erakutsi eta urtero Azoka garaian elkartzen garenean jendeak dastatzen duen janaria, aurten dastatu ahal izan ez duena, dastatzeko, normaltasun txiki bat ekarriz pandemia garai honetan".
Zorionak Bakersfield!