euskal diaspora eta kultura
2014/06/19
PUBLIZITATEA
Gral. Roca, Argentina. Komunitateari begirako ekintzak proposatu eta jendea euskal etxera erakartzeko garatzen duen ahaleginaren baitan euskal zine ziklo bat jarri du abian Rio Negro probintziako General Rocako Gure Etxea-k. Aktibitatea maiatzean hasi zen eta lehenengo emanaldian Alex de la Iglesiaren ‘La Comunidad’ (Komunitatea) proiektatu zen. Biharko topaketan, berriz, Emilio Martinez-Lazaroren ‘Ocho Apellidos Vascos’ komedia eskainiko dute.
Proiekzioarekin batera, atzo bertan 18 urte bete zituen euskal erakundeak afaria ere eskainiko die erakundearen egoitzara bertaratzen direnei. Berriz ere lanari ekingo diote Gure Etxea-ko sukaldariek dilista gisatuak prestatzeko. Hitzordua gaueko 9etan da eta sarrerak 100 pesotan daude.
Sukalde arloan, Argentinako janari tipikoak ere jango dituzte General Rocako euskal gizataldeko lagunek. Joan den maiatzaren 11an, eta 'betiko' tradizio bati jarraituz, herrialde honetan hain tipikoa den lokroa prestatu zuten etxeko sukaldariek.
Datozen hilabeteei begira, beste proiektu batzuk ere badituzte Gure Txokoa-ko kideek, tartean FEVAk Macachingo Eusko Alkartasuna euskal etxean burutuko dituen tailerretan parte hartzea. Gure Etxea-ko kide den Renan Urdinez-ek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “asmoa da gure dantzariek eta euren irakaslea den Maria de los Angeles de Narvaezek, irailaren 13an eta 14an Macachinen egingo den dantza klaseetan parte hartzea. Are gehiago, hemengo batzuk joan nahi dugu tailerretara, beraz ahal bada, talde gisa joango gara”, adierazi digu Urdinez-ek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus