euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

17. urteurrena ospatu du Paranako Urrundik EEak, eta 'Mikel Ezkerro' izena ezarri dio bere egoitzako areto nagusiari

2017/06/01

Euskal dantzak Paranako Urrundik-en 17. eta 'Presencia Vasca'ren 27. urteurren bazkarian
Euskal dantzak Paranako Urrundik-en 17. eta 'Presencia Vasca'ren 27. urteurren bazkarian

PUBLIZITATEA

"Merezimendu osoz Urrundik-en lagun kuttun bati", honela azaldu du Paranako Euskal Etxeko lehendakariak joan den astean Mikel Ezkerrori egin zioten omenaldia. Batetik, euren egoitzako areto nagusiari 'Mikel Ezkerro' izena ipiniz, eta bestetik omenaldi saioa gauzatuz hiriko Urrundik Euskal Etxearen eta Presencia Vasca irratsaioaren urteurrenak ospatzeko bildutako jendearen aurrean. Ezustean harrapatu zuten Ezkerro, urteurren horiek ospatzera joana Paranára.  Urteurren programako bazkariak ehundik gora lagun batu zituen.

Paraná, Argentina. Bi eguneko programa antolatu zuten Urrundik Elkarteak eta ‘Presentzia Vasca’ irratsaioak euren urtemugak ospatzeko. Aktibitateak maiatzaren 27an, larunbat arratsaldean, hasi ziren Mikel Ezkerro iristearekin batera. Euskal-argentinar historia eta kultura sustatzaile eta zabaltzaile ezaguna dantzari gazteen entsegua ikustera sartu zen, behin saioa bukatuta, eta Parana hiria bisitatzen duen bakoitzean egiten duen bezala, gazteekin geratu zen solasean. Larunbatean bertan, errekonozimendu bat egin zion instituzioak. Zeremonia hunkigarri batean bere izena jarri zioten paranatarrek Euskal Etxeko areto nagusiari. “Arrazoi ugari daude gure lagunari omenaldi bat egiteko: euskal kulturaren alde egiten duen lana, gazteekin daukan harremana eta Urrundik jaio zenetik eman digun laguntza konparazio”, azaldu digu Euskal Etxeko lehendakari Juan Carlos Borrasek.

Biharamunean, Urrundik-eko eta irratsaioko lagunek bazkari jendetsu batekin ospatu zituzten urtebetetzeak hiriko Circulo Hotelean. Juan Carlos Borrasek eman zien ongietorria gonbidatuei eta Mikel Ezkerrok ere hartu zuen hitza, erakundeari zorionak adierazi eta jasotako omenaldia eskertzeko.

Bazkalostean, ikuskizun artistikoak aurkeztu ziren: Euskal Etxeko txikiak eta helduak euskal dantzez arduratu ziren; Juan Cabrera eta Vanesa Palleiro dantza argentinarrez; eta Hego Amerikako eta Argentinako kanta tradizionalak ere entzun ahal izan ziren, kasu honetan Juan Carlos Borrasek eta Oscar Gilesek osatutako bikoteari esker. Hiriko beste kolektibitate batzuetako kideek lagundu zituzten euskaldunak euren ospakizunean, tartean Esloveniar errepublikako Carlos Bizai kontsulak. Zozketek, opariek eta brindisak ere bazkaloste animatu baten osagai izan ziren.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia