euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

1600 lagun bildu zituen bazkari batekin bukatu zen atzo Macachin-en Argentinako 2015 Euskal Astea

2015/11/02

Macachingo Euskal Asteko bazkarietako bat, ostiralekoa, Michelena kiroldegian
Macachingo Euskal Asteko bazkarietako bat, ostiralekoa, Michelena kiroldegian

PUBLIZITATEA

Bozkarioa giro eta gustura bertan bizi izandako programa, harrera eta arretarekin bukatu zen atzo La Pampako Macachinen 2015eko Euskal Aste Nazionala. Parte hartzaileak zein antolatzaileak bat etorri ziren baioespen onarekin. Izan ere, hori guztia berdintzen erronka polita utzi diote Euskal Astearen lekukoa jaso eta 2016ko edizioko antolatzaile izango den Necocheako Euzko Etxeari. Artikulu honetan pasa den asteburuko Macachingo errepaso orokorra egingo dugu, baina bihartik aurrera eta aste osoan zehar 2015eko Euskal Aste Nazional argentinarrak eman duenaren kronika grafiko zehatza eskainiko du EuskalKultura.com-ek.

Macachin, Argentina. Erronka gainditua, eta ederki gainera. Macachingo Euzko Alkartasuna Euskal Etxeak lasai asko eutsi dio Argentinako Euskal Aste Nazionala bezalako ekitaldi bat antolatzea berez den erronkari, erronka are gehiago gogoan harturik Pampa zabalaren erdian, inguruan zelaiak besterik ez dituen sei mila lagun eskaseko herria dela Macachin. Herri txikia izanik, hotel eta ostatu mailako eskasiak irudimenez, borondatearen indarrez eta herri osoaren partadeitzaz bideratu dituzte a priori egon zitezkeeen arazoak. Lo egiteko lekuena, esaterako --herrian sei hotel besterik ez daude, eta urte hasieratik zeuden erreserbatuak--, herriko biztanleek euren etxeak eta etxeetako gelak doanik utzita soluzionatu dute, inguruko herrietako ostatuak ere bete egin baitira, 25-30 kilometrotara egonik ere. Ekitaldiaren balantzeaz galdetuta, "bertakoen jarrera arretatsua", "berotasuna", "hunkigarria", "oso abegikorra", "bikaina" eta "etxean bezala sentiarazi gaituzte" bezalako hitz eta iritziak eman dizkiote EuskalKultura.com-i.

Herriko Euskal Etxeak soilik antolatutako ekintza izatetik, herria bera eta bertako biztanleak lankide gauzatutako ekintza izatera pasatu da Euskal Astea. Joan den ostiralean buletin honek aurreratu bezala, herri sarreratik zegoen iragarria Euskal Astea, Ongi Etorri, euskaraz, zioen pankarta handi batetik hasitea eta kaleetako faroletan zintzilikatutako bandera argentinar eta euskaldunez. Herriko hainbat dendak, euskal jatorriko jabadunak izanik ala ez, bat egin dute euskal jaiarekin ikurrinak, Euskal Astearen logoa eta lauburuak edo kolore zuri-berde-gorriak ipinita.

Despistatu aurpegiz agertu ezkero edo konturatuta kanpotarra zinela, berehala inguratzen zitzaizkizun zeozer behar zenuen edo informazioa emateko prest. Herri osoak bat egin du Euskal Etxearekin, euskal jaiaren arrakastaren helburua 'bere' eginez, jarrera zinez abegikorrarekin. Antolatzaile taldekideen artean ere --guztiak elastiko berde urrutitik identifikagarri batez kantziak-- nabaria zen zerbitzu-jarrera hori, jendea eroso eta etxean bezala sentiaraztea helburu.

Honelako aurrekari eta testuinguruarekin eta programa landuarekin batera, erraz lortu ahal izan da giro berezi bat. Izan ere, herrialde osoko euskal etxeetatik bertaratzen direnei animoak eta poztasuna ematea, urtean zehar lanean segitzeko moduko indarra, kemena eta errekaia ematea izanik Euskal Aste Nazionalaren helburu nagusietako bat, antolatzaileek lortu dutela esan daiteke, bat bino gehiagok hunkiturik zeudela adierazi baitigute bertakoen eskuzabaltasunaren aurrean.

Urtero egin ohi dugunez, EuskalKultura.com-ek artikulu sorta emango du argitara bihartik aurrera Euskal Asteko asteburuak eman duena bereziki hainbat irudik --argazki zein bideen bidez-- lagunduta kontatzeko. Horretarako, besteak beste, Valeria Garcia Oyarzabal argazkilari profesional pampatarraren laguntza ederra ere baliatuko dugu eta eskerrak ematen dizkiogu aldez aurretik bere lankidetza ederragatik, galditu gabe ibili baita asteburu osoan ekitaldiz ekitaldi.

Hona, bestalde, aurrerapen gisa bideoei dagokienez, ostiral iluntzean Macahingo Independentzia plazan, Euzko Alkartasuna hotel eta konplexuaren aurrean eta  bertan errotuta dagoen Gernikako Arbolaren kimuak babestuta ezarritako bi mastetan, bandera argentinarra eta ikurriñaren igotzea b iltzen duen bideoa. Irudiek ikurriñaren mastaratzearen azken zatia erakusten dute, Agur Jaunak bozgorailuetatik entzuten ari dela. Bertan dauden agintarien artean, La Pampa probintziako gobernadore jauna eta gobernadoreorde andrea, Macachingo alkatea eta, euskal aldetik, Josu Erkoreka Jaurlaritzako Justizia sailburu eta Goberumo bozeramalea eta Iñaki Unamuno, Macachingo Euzko Alkarrtasuna Euskal Etxeko lehendakaria.

Protokolo ekitaldiekin batera, ostiralean garatu ziren proposamenen artean aipa daitezke: kultura eta turismo arloko ekintzak, hala nola Salinas Grandes-erako bisita; eta euskal ezaugarrie estuago lotuta, hitzaldi bat MIkel Ezkerrok emana, Argentinako euskara eta euskal errealitate historiko eta egungoaz; herrialde osotik etorritako zenbait euskal abesbatzen emanaldi bat; euskarari buruzko eta antigoaleko euskal jantziei buruzko erakusketa bi --azken hau Magdalena Mignaburu ikertzailearen eskutik-- eta erroemria Maral talde euskal-argentinarrarekin.

Larunbat goizean FEVAk Euskal Asteko bere ohiko bilera egin zuen eta haren amaieran Eusko Jaurlaritzako ordezkarien bisita jaso zuen. Josu Erkoreka buru. Bertaratu ziren eukal etxeen artean, honakoak: Anaitasuna (Maipú-koa), Beti Aurrera Aberri Etxea (Viedma eta Carmen de Patagones), Colectividad Vasca (Concordia), Denak Bat (Cañuelas), Denak Bat (Lomas de Zamora), Denak Bat (Mar del Plata), Etorritakoengatik (Puerto Madryn), Etxe-Alai (Pehuajó), Euskal Etxea (San Nicolás), Euskal Etxea (Villa Mercedes), Euskal Sustraiak (Trenque Lauquen), Euskal Txokoa (San Martín de los Andes), Euskalduna (Carlos Casares), Euskaldunak Denak Bat (Arrecifes), Euskaldunen Taldea (Salto), Euskel Biotza (Roldán), Eusketxe (Buenos Aires), Eusko Etxea (Villa María), Euskaltzaleak (Buenos Aires), Euzko Etxea (La Plata), Euzko Etxea (Necochea), Guillermo Larregui (Chacabuco), Gure Etxe Maitea (Olavarría), Gure Etxea (Tandil), Gure Txokoa (Azul), Gure Txokoa (Córdoba), Haize Hegoa (Montevideo), Iparraldeko Euskal Etxea (Buenos Aires), Itxaropen (Saladillo), Izatez Harro (Coronel Vidal), Lagun Onak (Pergamino), Lagunen Etxea (Laprida), Laurak Bat (Buenos Aires), Mendiko Eusko Etxea (San Carlos de Bariloche), Oroimenez (Los Toldos), Toki Eder (José C. Paz), Urrundik (Paraná), Unión Vasca de Socorros Mutuos (Bahía Blanca), Zazpirak Bat (Rosario), Zelaiko Euskal Etxea (Santa Rosa), Beti Aurrera (Chivilcoy), Hiru Erreka (Tres Arroyos), Eusko Aterpea (General Rodriguez), Gure Ametza (Río Cuarto), Euzko Txokoa (General Acha), Arbola Bat (Junín) eta Zazpirak Bat (General Las Heras).

Ordu berean dantza talde zuzendarien bilera egin zen eta ondoren eta atzera Euzko Etxea konplexuko Kultura Aretoan hitzaldia eman zuen Josu Erkorekak Euskal Herriaz eta bere diasporaz. Ondotik pala pilotako partidak jokatu ziren, 'destrezas criollas' izeneko erakustaldia egin zen Euzko Alkartasunak herriaren kanpo aldean daukan hipodromoan eta duela gutxi lege-nortasuna lortua duen Euskal Argentinar Enpresarien Ganberak bere buruaren aurkezpena egin zuen; Macachingo Gazteen Bandak musik-programa eskaini zuen, tartean euskal pieza batzuk, esaterako Agur Jaunak eta Gora ta Gora, eta danborrada donostiarraren txanda heldu zen, Rosana Entizne bahiatarra zuzendari.

Larunbateko egitaraua, Euskal Astero larunbat gauez egin ohi den gala artistikoarekin bukatu zen, euskal etxeetako hainbat dantza talde partaide. Aurtengoan, honako herri eta euskal etxeetakoak: Macachín, Villa María, José C. Paz, Arrecifes, Chacabuco, Bahía Blanca, Pergamino, Cañuelas, Bariloche, Laurak Bat, Mar del Plata, Laprida, Lomas de Zamora, Rosario, La Plata, Tandil, Trenque Lauquen, Paraná, Rosario, Maipú, Euskaltzaleak, Necochea, Ekin-Eusketxe, Concordia, Córdoba eta Roldán, Macachin bertako euskal taldeez gain.

Gaualdian zehar omenaldia eta tx akokada eman zitzaion  --asteburuan zehar beste zenbait aldiz bezala-- Iñaki Unamuno Macachingo Euskal Etxeko lehendakariari; izan ere, Josu Erkorekak berak Agurra  dantzatu zion ohoñtza gainean. Oroitzapen berezia eskaini zirzaion baita ere urteurren eta  jende-talde bati, izan ere aurten 25 urte bete baitira Argentinan Euskaraz ekimeneko lehenengo barnetegia egin zenetik Macachinen bertan. Talde hartatik bertan zeuden partaideak oholtzara deitu zituzten. Jaialdia bukatuta eta afaldu ostean erromeriaren txanda etorri zen, Maralen eskutik.

Azkenik, igandeatik azpimarra daitezke herri-kirol saioa eta aurreko gaueko jaialdian  parte hartutako dantzarien alardea, Independentzia Plazan, Euzko Alkartasuna hotelaren aurrean. Ohiko Itxiera-Bazkariarekin iritsi zen azken ekitaldia, eta Maralen emanaldi labur bat aire irekian, 2015eko Euskal Argentinar Aste Nazionaeko ekitaldiak bururatuz.

Euskal Asteko berri zehatzago egunez egun, eta argazki eta bideoen laguntzaz, bihartik aurrera EuskalKultura.com-en.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia