euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

16-18 urteko Diasporako gazte euskalduna zara? Aste hau EuskarAbentura 2024n parte hartzeko azken epea, doan da

2024/03/07

Martxoaren 8ra arte dago zabalik Euskal Herriko eta Diasporako gazte euskaldunek EuskarAbentura 2024an izena emateko epea
Martxoaren 8ra arte dago zabalik Euskal Herriko eta Diasporako gazte euskaldunek EuskarAbentura 2024an izena emateko epea

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Marka uzten duten proposamen horietakoa da EuskarAbentura. Aurten bere 7. ediziora iritsiko da eta aukera eskainiko die gure gazteei —izena emateko epea martxoaren 8ra arte zabalik du Diasporako eta EH Iparraldeko 2007, 2008 eta 2009an jaioak diren gazteentzat— uda honetan, uztailaren 1etik 31era 125 espediziokide izango dituen ibilaldi bateko parte izan eta Euskal Herri osoa oinez zeharkatzeko, Euskal Herriko hainbat herri eta paraje bertatik bertara ezagutuz bertako biztanleen eskutik, euskal historia eta historian murgilduz, guztia euskaraz, euskalki guztietako adinkideak lagun, adinkide horiek adiskide bilakatuz hain segur. Eta doanik. Zer gehiago eska daiteke?

Gogoan hartu izena emateko azken epea aste honetan ostirala dela, martxoaren 8a. Diasporako partaideen kasuan, beka batzuk ere eskaintzen dira Diasporan bizi zaren lekutik Euskal Herrira etortzeko bidaia gastuen lagungarri. Beraz, erabakia hartzea eta aurkeztea baino ez zaizu geratzen. Aukera galtzen utzi behar al duzu?


Zeure adinekoekin elkarbizi eta EH osoan lagunak egiteko aukera da EuskarAbentura 2024


Diasporako iazko hiru partaideak: Belatz (AEB), Unai (Argentina) eta Haize(Valentzia)

Ahalegintzea merezi du. Gogoratu interesatuek minutu bateko aurkezpen bideo bat eta banakako proiektu bat bidali beharko dituztela, EuskarAbentura elkarteak proposatutako gaia eta formatuen artean bat aukeratuz. Oraingo edizioan, hauek dira hiru gaiak: 1.- Euskara batua eta euskalkiak, euskara batuak euskalkiak zapaltzen edota baztertzen dituela uste duzu? Edo alderantziz, euskalkiek prestigio gehiago dutela esango zenuke?; 2.- Emakumea eta kirola, egun, kirolaren esparruan parekotasunik ba al dago emakume eta gizonezkoen artean? Emakumeek mutilek adina kirol egiten dutela esango zenuke? Kasualitatea al da hori?; 3.- Utopia, Nola irudikatzen duzu etorkizuna? Mundu horretako zein elementu ditugu gaur egun eta zeintzuk aldatu dira?

Lanak sei formatu posibletan aurkeztu ahal izango dira: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta sormen digitalekoak. Espedizio taldea osatzerako hoberen baloratutako 125 lanak hartuko dira kontuan, baita hautagaien generoa, errealitate soziolinguistikoa eta jatorria ere, euskal gazteriaren aniztasuna jasoko duen espedizio talde bat osatzeko helburuarekin. Jasotako proiektuak ebaluatu ondoren, apirilaren 24an argitaratuko da parte hartuko duten 125 gazteen behin-behineko zerrenda. Irakurri oinarriak eta egin klik izena emateko formularioan. Informazio gehiago nahi izanez gero, jo euskarabentura.eus web orrialdera. Aukera bakarra eta ederra da! Zeuk ezin baduzu baliatu, egiozu mesedez oparia zure inguruko norbaiti honen berri emanez!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia