Donostia-San Sebastian. Proposamena Euskal Herriko 16-17 urteko gazteei zuzenduta dago, zazpi probintziakoei... eta baita Diasporakoei ere. 130 gaztek uztailaren 1etik 31ra Euskal Herria oinez zeharkatuko dute, Mauletik Getxoraino, euskara komunikabide. EuskarAbenturaren edizio berri honek, besteak beste, euskaldunen eta itsasoaren arteko harremana landuko du, Elkano Fundazioarekin elkarlanean, izan ere lehenengo mundubiraren 500 urteak beteko baitira 2022an. 16-17 urteko inor ezagutzen baduzu, pasa iezaiozu informazioa, aukera ez galtzeko modukoa baita.
2018an hasi zen antolatzen EuskarAbentura, Maulen (Zuberoa) hasiz eta Getxon (Bizkaia) amaituz. Doanik da. Hona parte hartzeko eskatzen diren baldintzak:
- 16-17 urte izatea
- Euskaraz komunikatzeko gai izatea
- Euskal Herria ezagutu, hilabete bat pasatzeko eta bertako lagun mordoa egiteko gogoa izatea
EuskarAbentura 2022ren sustapen bideoa
Parte hartu nahi dutenek minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte antolatzaileek proposatutako formatu bat eta hiru gaietako bat aukeratuz ('Gure aisiaren espazioa', 'Moda azkarra' edo 'Zer ginen, zer gara, zer izango gara?'). Ikus xehetasunak www.euskarabentura.eus helbidean. Proposatutako gai eta formatuekin gazteen hausnarketa eta sormena abian jarriko ditu elkarteak.
Uztail osoan zehar, gazteek Euskal Herria oinez zeharkatzearekin batera euskal kultura, geografia, hizkuntza eta gizartea ondo ezagutzeko aukera izango dute tokian tokiko jendeekin bilduz eta bisita, tailer, hitzaldi eta bisitak eginez, aditu gonbidatuen eskutik.
Aurreko edizioetan ere izan ditu EuskarAbenturak Diasporako partaideak, eta alimaleko esperientzia itzel gogoangarria izan dela esanez itzuli dira euren herrietara. Bi hilabeteko epea dago partaidetza eskabideak aurkezteko, horretarako epea martxoaren 4an bukatuko da-eta. Parte hartu nahi baduzu, ez utzi gerorako eta bidali zure lana lehenbailehen. Aukera aparta da EuskarAbentura, eta aukerak baliatzeko daude!