euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

1.500 bat lagun bildu zituen Colomiers-en Tolosako Denak Bat Euskal Etxearen 70. urteurrenaren ospakizun publikoak

2024/10/07

Okzitaniako Tolosako joaldunak (ezkerreko irudian) eta eskuinean Euskal Herriko mozkinen erakustaldi eta salmenta
Okzitaniako Tolosako joaldunak (ezkerreko irudian) eta eskuinean Euskal Herriko mozkinen erakustaldi eta salmenta

PUBLIZITATEA

Tolosa-Colomiers, Frantzia. Denak Bat euskal elkartea 1954an sortu zuen Tolosan (Toulouse) euskaldun eta euskal familia talde batek, hirian eta eskualdean euskal kultura landu eta egonkortzeko xedez. Hasiera-hasieratik euskal dantzak eta musika tradizionala izan zituen ardatz eta halaxe zen 1974an Colomiers-en (Tolosa inguru metropoli) Euskal Etxearen egoitza ireki zutenean. Denborarekin, kultura eskaintza zabalduz joan zen eta gaur egun euskara ere ikas eta landu daiteke, baita ere pilota, sukaldaritza, kantua, txalaparta, euskal jaiak... eta, areago, joaldun taldea ere erakuts dezakete. Eta jarduera horietako bakoitza plazaratu eta harro jendaurretu zuten 70. urteurrena ospatzeko programapean.

Elkarretaratzea, partekatzea eta erakuslehio izatea helburu, irailaren 28an egin zen, aire zabaleanColomiers-eko Alex Raymond parkean. 10:30etatik aurrera joaldunen ibilaldia eta euskara eskolak izan ziren. Jaiaren hasiera ofiziala eta gero, ‘Kantu Aperitifa’ etorri zen eta horren ostean, dantza ikastaroa hasi berrientzat. Arratsaldeko programarekin jarraituz, pilota erakustaldia, lehiaketak, txalaparta, jantzi tradizionalen erakusketa eta gastronomia eta eskulangintza produktu tipikoen salmenta antolatu ziren. Gauean Gasconne Aretora bertaratu zirenek pintxoak eta edariak partekatu zituzten. Les Gourmands bikotearen eta Anphoraren kontzertuak amaiera jarri zioten jaiari.


Jantzi tradizionalen erakusketa eta harbelaren itxura, kalean eman zuten euskara eskolaren ondoren

Denak Bat-etik, Christophe Cassouk ekitaldiaren arrakasta baieztatu dio EuskalKultura.eus-i, "zinez emankorra izan baitzen", "orotara 1.500 bat lagun bildurik egunean zehar eskaini genituen jarduera guztietan, dastatu eta esperimentatu ahal izan zituztela gure elkarteak herritarren esku jartzen duen proposamen eskaintza zabala", azaldu digu. Esker biziak eman nahi izan dizkie "bisitarei, Zuzendaritza Batzordeko kideei, elkartetik laguntzaile izan ziren 30 bat bolondresei, elkarte eta erakunde babesleei, musikari, dantzari, joaldun, pilotari eta protagonista eta lagun guzti-guztiei".

Ikasturte berria abian

Urteko jai nagusia pasa eta gero, Denak Bat Euskal Etxeak gogorarazi nahi die Tolosaldeko herritarrei dantza ikastaroa eta euskara eskolak aban diela berriro ere. Bi proposamen hauei buruzko informazio gehiago, hemen.

- Tolosako Denak Bat Instagram-en



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia