euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

150 bat lagunek dastatu zituzten Gral Roca-n Marita Echavek prestatutako euskal baserrietako platerak

2011/11/03

Marita Echavek 'Euskal baserrietako sukaldaritza' liburua aurkeztu du urriaren 30ean Gral. Rocan
Marita Echavek 'Euskal baserrietako sukaldaritza' liburua aurkeztu du urriaren 30ean Gral. Rocan

PUBLIZITATEA

Bertoko Gure Etxea euskal etxeak gonbidaturik, Marita Echavek Rio Negro probintzia argentinarreko General Roca hiria bisitatu zuen joan den asteburuan, 'Rutas del Vino' (Ardoaren bideak) programan baitan aurkezteko 'Cocina campesina vasca' (Euskal baserrietako sukaldaritza) bere liburua. Agrestis Upeltegian egindako bazkarian, Euskal Herriko menu bat dastatzeaz gain, musika eta dantzaz ere gozatu ahal izan ziren 150 gonbidatu. Argentinako euskal etxe askotatik pasatutakoa den Marita Echavek agenda beteta du datozen asteetarako ere. Azaroan zehar eta FEVA eta Cnel. Moldeseko euskal etxearen izenean, Chivilcoy, Villa Mercedes, Suipacha, Rauch eta Arrecifesera eramango ditu bere errezetak.

Gral. Roca, Argentina. Daraman bisita egitarauarekin jarraituz, Coronel Moldeseko euskal etxeko lehendakaria den Marita Echavek 'Euskal baserrietako sukaldaritza' liburua aurkeztu zuen joan den igandean, urriaren 30ean, General Rocan. Bertako lehendakari Emma Trapagarekin eta Rocako euskal erakundeko beste kide batzuek laguntzaile, larunbatean zehar prestatu zituen Echavek aurkezpenerako gauzak.

Echave Gral. Rocan 2011 01

[Euskal etxeko sukaldariek lagundu zuten bazkaria prestatzera (argazkiaEE)]

Igandean, Ghirardelli familiaren Agrestis Upeltegian zen hitzordua eta 150 bat lagun bildu ziren aurkezpenera eta bazkarian parte hartzeko. Kanpoan muntatutako sukalde eta parrillan, Echavek eta bere laguntzaileek bokatak, txistorra piperradarekin, txerria, kroketak eta oilaskoa prestatu zituzten. Postreaz ere arduratu ziren sukaldariak. Goxuak eta Agrestis Upeltegiko ardoek osatu zuten menua.

Bazkalostean, euskal etxeko txikiek dantza batzuk eskaini zituzten eta bilbainadak kantatu zituzten euskal etxekoek. “Hau bezalako elkarretaratzetan, janariak jendearen bilgarri eta bateragile gisa daukan indarraz konturatzen naiz”, adierazi zigun Marita Echavek bisita bukatzean.

Echave Gral. Rocan 2011 02

[Txikiak dantzari zritu ziren eta jolasteko aukera ere izan zuten (argazkiaEE)]

Datozen asteetan beste konpromiso batzuk ditu Coronel Moldeseko andreak Argentinako euskal etxeekin. Azaroaren 4an -- bihar -- Chivilcoy-n, 5ean Suipachan eta 6an Villa Mercedes-en izango da. Ondoren, azaroaren 18an Rauch-era abiatuko da eta 25ean Arrecifesera.

Bitartean eta bidaiatzeaz aparte, beste betebehar bat ere badu 'Euskal baserrietako sukaldaritza' testuaren egileak, Marita Echavek sukaldaritzari buruzko zutabe bat idazten baitu El Moldense eta Rio Cuartoko Puntual egunkarietan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia