euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

150 bat lagun partaide Buenos Airesko Eusketxe-Eusko Kultur Etxeak bere egoitzan gauzatutako kultur ekitaldian

2009/07/01

Maria Elena Etcheverry Eusketxeko lehendakariaren hitzek abiatu zuten kultur ekitaldiari joan den asteazkenean (argazkiak EuskalKultura.com)
Maria Elena Etcheverry Eusketxeko lehendakariaren hitzek abiatu zuten kultur ekitaldiari joan den asteazkenean (argazkiak EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

'Etxe hau, maitasunez eta errespetuz, euskaldun guztien aterpe izango da, inongo bereizkeriarik gabe'. Elkarte antolatzailearen ezaugarriei buruzko adierazpen honekin ekin zion María Elena Etcheverry Eusko Kultur Etxearen lehendakariak, joan den asteko asteazkenean, ekainaren 24ean egin zen euskal kultur ekitaldiari. Eusketxeren egoitza txikia geratu zen bertaratutako guztiak biltzeko, baina gonbidatuak zein antolatzaileak asmatu zuten moldatzen ikuskizuna eta oro har programa osoa ondo ikusteko, eta afaltzeko orduan zerbitzatu zen euskal menua dastatzeko. 'Jende berri asko etorri da. Batzuk lehenengoz zetozen gure egoitzara eta zeharo harritu dira bizi dugun giroa ikustean. Hori guretzat ezin da pozgarriagoa izan', aitortu dio Etcheverryk EuskalKultura.com-i.

Buenos Aires, Argentina. 'Jendez gainezka dago etxea' izan zen joan den asteko asteazkenean Buenos Airesko Mexiko kaleko euskal egoitzan gehien entzuten zen esaldia. Izan ere, 150etik gora lagunek baiezkoa eman zioten Eusketxek luzatutako gonbiteari eta arratsaldeko zazpiak aldera ez zegoen jadanik lekurik etxeko areto nagusian.

2009 Eusketxe Kultur Ekitaldia 04

[Jendeak Eusketxeren egoitza gainezkatu zuen (argazkia EuskalKultura.com)]

Egitarauari jarraituz, dantzariek eman zioten hasiera gauari. Dantza talde gisa ia sortu berria den Ekin Dantzari Taldeak hartu zien segida eta egin dituzten aurrerapenak erakustearen gain, euren jantzi berriak ere luzitu ahal izan zituzten.  Euskal kantak, berriz, Euskaltzaleak-eko Abesbatzaren eta Alkartasunaren Otxotearen eskutik etorri ziren. Koru bakoitzak bere errepertorioa eskaini zuen, baina hondarraldean elkarrekin abestu zuten Agur Jaunak kantu tradizionala.

'Florencio de Basaldúa, un vasco argentino' liburua

'Florencio de Basaldúa, euskal argentinarra' izeneko liburuaren aurkezpena ere gauzatu zen. Juan José Guaresti arduratu zen aurkezpenaz, eta Horacio Reggini liburuaren egileak berak ere hitz batzuk esan zituen. Biak bat etorri ziren esaterakoan Basaldúak historia argentinarrean leku garrantzitsua izan zuela eta bere lanak nazioa eraikitzen lagundu zuela. 'Izen batzuek monopolizatu egin izan dute gure historia', adierazi zuen Regginik, 'eta beste batzuk, ostera, ez dira hain ezagunak izan, baina azkarki eta jakitatez jokatu zuten iragana. Horietako bat da Florencio de Basaldúa euskal argentinarra'.

2009 Eusketxe Kultur Ekitaldia 02

[Juan Jose Guaresti Florencio de Basalduari buruzko liburua aurkezten (argazkia EuskalKultura.com)]

2009 Eusketxe Kultur Ekitaldia 03

[Horacio Reggini, Florencio de Basalduari buruzko liburuaren egilea bere obraren aurkezpenean (argazkia EuskalKultura.com)]

Ekitaldiaren balantzea egiteko garaian, María Elena Etcheverry, konforme eta asebete azaldu zen. 'Jende berri asko etorri da. Batzuk lehenengoz zetozen gure egoitzara eta zeharo harritu dira bizi dugun giroa ikustean. Daukagun giro ona eta abegikortasuna begi bistan geratzen direla esan didate, eta hori entzutea guretzat ezin da pozgarriagoa izan. Eusketxeko kide guztiek eta Buenos Airesko euskaltzale guztiek jakin behar dute zertan ari garen. Horrela jendea gehiago hurbilduko zaigu eta honelako ekintzak maizago egin ahal izango ditugu, lankidetzan. Hori da gure asmoa'.

Bukatzeko, Etcheverryk, Eusketxeren izenean, baliatu nahi EuskalKultura.com-ek eskaintzen dion aukera hau bere esker beroak emateko Euskal Ikasketen Institutu Amerikarreko lehendakari orde Juan José Guarestiri, eta baita Euskaltzaleak erakundeko kideei ere, emandako laguntza baliotsuagatik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia