Donostia-San Sebastian. Gogoratu EuskarAbentura, Euskal Herriko eta Diasporako 120 gazteri udan eta oinez Euskal Herria zeharkatu eta geure kultura, geografia, ohiturak-eta bertatik bertara eta euskaraz ezagutzeko aukera ematen dien ekimena dela. Elkarbizitzarako eta lagunak egiteko aukera berezia ere bada, eta herriz herri ibiltzerakoan tokiko gidari eta azaltzaileen eskutik lortzen dute partaideek leku bakoitzeko berri, zuzeneko ikuspegi eta esperientzia ezberdin eta apartak bilduz. Iazko edizioa koronabirusak galerazi bazuen ere, 2021ean indar erabarrituz plazaratu dira antolatzaileak, oraingoan ere garrantzia emanez Diasporako gazteen partaidetzari.
2018an hasi zen antolatzen EuskarAbentura, Maulen (Zuberoa) hasiz eta Getxon (Bizkaia) amaituz. Doanik da. Hona parte hartzeko eskatzen diren baldintzak:
- 15-16-17 urte izatea
- Euskaraz komunikatzeko gai izatea
- Euskal Herria ezagutu, hilabete bat pasatzeko eta bertako lagun mordoa egiteko gogoa izatea
2021eko erakarpen bideoa ( egileak Iker Maguregi eta Andrea Martinez; musika, Zetak)
Aurreko edizioetan, Argentinatik (Viedma), Washington hiritik eta Suediatik etorri dira Diasporako partaideak.
Izena emateko epea martxoaren 12ra arte dago zabalik. Parte hartzeko, minutu bateko aurkezpen bideo bat bidali behar da eta banakako proiektu bat aurkeztu. Oraingo hautaketa prozesuan, egin ez zen 2020ko espediziorako aurkeztutako hautagaitzak ere hartuko dira kontuan.
Aurkeztu beharreko proiektuari dagokionez, gazteak gaurkotasuneko gaien inguruan hausnartzea dauka helburu. Aurten aukeran dauden gaiak honakoak dira: Baserritik Sardexkara, gizakion elikaduraren kontsumo ereduak gure eta ingurumenaren osasunean duen eraginaren inguruan; Klik eta post, gure gizartean irudiari ematen zaion garrantziaz; eta Adina, jakintzaren iturri, edadeko pertsonen esperientzia haintzakotzat hartzeak daukan garrantziaz.
Informazio gehiago:
- Webgunea: https://euskarabentura.eus
- Instagram: https://www.instagram.com/euskarabentura
- Facebook: https://www.facebook.com/EuskarAbentura
- Twitter: https://twitter.com/euskarAbentura