2017an 140 urte beteko ditu Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeak. Ospakizunak ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaiarekin bat hasiko dira, martxoaren 18an, larunbata, eta asteburu berean jarraituko dute, instituzioko instalazioetan, beste hainbat euskal etxe partaide. Gonbite honekin batera, beste bat ere badu Euskal Etxeak baina hau asteburu honetarako: bihar larunbata Agirre lehendakariari buruzko hitzaldi bat antolatu du eta segidan Dantzari Eguna ospatuko da Belgrano etorbideko egoitzan.
Buenos Aires, Argentina. 140 urte beteko ditu 2017ko martxoaren 13an Laurak Bat Euskal Etxeak eta urteurren berezi hori behar bezala ospatzeko urte osoko programa garatuko du munduko euskal etxe aktibo zaharrenak. Urteurrena ospateko ekintzak Mayo Etorbidean urtero egiten den ‘Buenos Aires Celebra al País Vasco’ (Buenos Airesek EH ospagai) festan hasiko dira, martxoaren 18an, eguerdiko 12etatik arratsaldeko 18etarako odutegian. Behin kaleko aktibitateak bukatuta, taska bat egingo dute Laurak Batekoek elkartearen egoitzan..
Biharamunean, hau da, martxoaren 19an, goizeko 11:30etan, dantza erakustaldia egingo da Belgrano Etorbidean, Euskal Etxearen aurrean.Argentinako herri askotako euskal etxeetako dantza taldeek bat egingo dute hiriburutarrekin plaza dantzak eskainiz. Eguerdiko ordu batean, berriz, bazkaria - urteurren agapea eskainiko du Euskal Etxeak.
Urriko proposamenak
Biharko, larunbat honetarako, ostera, bi gonbite zabaldu ditu Laurak Bat Euskal Etxeak. Bihar, arratsaldeko 7:30etan, Jose Antonio Agirre Lehendakaria buru izan zuen gobernuaren 80. urteurrenari buruzko hitzaldi bat emango du Jose Gabriel Anitua abokatuak. Jarraian, gaueko 9etan, afaria egingo da euskal etxean Dantzari Eguna ospatzeko. Sarrerak 180 peso balio ditu (edariak aparte) eta antolatzaileen esanetan, datozenek “dantzatzeko prest etorri behar dute", "abarkak eskuetan”.
Urriaren 22an, berriz, Txikien Eguna ospatuko dute Laurak Bateko kideek. Hitzordua arratsaldeko 5etan da eta hainbat jolas egin ondoren Ixilik taldearen kontzertuarekin bukatuko da topaketa. Aktibitatea umeentzat ez ezik, familia osoa gogoan dago antolatuta.