Cañuelas, Argentina. Urteko sasoi honetan Argentinako euskal gazteen egutegian goriz markatutako data zen. Eta jai berezia izan zitekeen, 15. ediziora iritsi behar zuelako. Baina "pandemiak sortutako osasun egoera hirian, ezta Argentina osoan ere oraindik normalizatu ez denez", Cañuelasko Denak Bat-ek erabaki berri du Aberri Eguna ospatzeko urtero egiten duen Dantzarien Topaketa ez deitzea aurten. Gogora dezagun iaz, itxialdia hasi zenean, bai antolatu eta egin zutela, modalitate birtualean. Ekintza erabat arrakastatsua izan zen eta nazio mailan egin zen lehenengo proposamen birtualetakoa izan zen.
Aurtengo Pazko igande honetan, berriz, ospatu, ospatuko du Aberri Eguna Cañuelasko Euskal Etxeak baina bestela, maila lokaleko topaketa txiki batekin. “Ikusi beharko dugu zer aukera dugun, beti ere hiriak eskatzen duen protokoloa errespetatuz”, jakinarazi dio EuskalKultura.eus-i Denak Bateko lehendakari Veronica Zulaicak.
2021eko ekintzak
2021ko urtealdiari begira, proposamen berri bat besapean dator Euskal Etxea: Sentsibilizazio Tailerrak eskainiko ditu, euskaraz. Tailerrak ‘Euskara Munduan’ programan trebatzen ari den Cecilia Olivera irakaslearen ardurapean egongo dira eta honako gai hauek jorratuko ditu: musika, artea, antzerkia, literatura eta historia. Aldi berean, laster berriro hasiko diren aurrez aurreko beste jardueren artean, euskal abesbatzaren entseguak ere aipatu behar dira.
Udako azken egunak ere ari dira aprobetxatzen cañuelastarrak eta joan den ostiral iluntzean, bat-bateko emanaldia eskaini zuten hirigunean. Fandango, ‘chacarera’, eta kalejirekin alaitu zuten kalean paseatzen ari zen jendea, irudiok islatzen dutenez.
[Denak Bateko dantzarien bat-bateko dantzak, Cañuelasko kaleetan]