euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

13 urte bete ditu Cordobako Gerorak eta bideo batez bat egin du 'El Vasco'ren estreinuarekin gaur Argentinako zinemetan

2023/09/14

Gerora Euskal Elkarteko kideek 13. urteurrena ospatu zuten joan den asteburuan eta gaur "El Vasco" filmaren estreinaldira taldean joango dira, Cordobako Hoyts Patio Olmos aretora
Gerora Euskal Elkarteko kideek 13. urteurrena ospatu zuten joan den asteburuan eta gaur "El Vasco" filmaren estreinaldira taldean joango dira, Cordobako Hoyts Patio Olmos aretora

PUBLIZITATEA

Bere 13. urtebetetzea ospatu ostean, Cordobako Gerorak bat egin du bideo batez "El Vasco"ren estreinuarekin gaur Argentinako zinemetan. Ozen entzun daiteke oraindik elkartearen 13. urtebetetzeko ospakizunen oihartzuna eta Cordobako Gerora Euskal Elkarteko kideak pozteko eta ilusioari ekiteko beste arrazoi polit bat daukate gaur osteguna. Izan ere, irrikan daude, minutuak zenbatzen, ikusteko, eta, zenbaiten kasutan, haien buruak ikusteko, pantaila handian. Gaur osteguna, irailaren 14a baita, iaz Jabi Elortegik hemengo euskal komunitateetan grabatutako "El Vasco" filma estreinatzeko eguna, Cordoba hirian eta Argentinako hiri handietan.

“Elkarrekin joango gara ikustera, taldean”, azaldu dio Gerora Elkarteko presidente Elba Mocoroak EuskalKultura.eus-i. Izan ere, filmak Cordoba, Villa Maria edo Mendozakoa bezalako euskal etxeetako kideen artean piztu duen ilusioa handia baita oso. Horren adierazgarri, Gerorako kide diren eta filmean partaide izan ziren Agustina Madarietak eta Gaspar Jaurenak, filmaren  zabalkundea sustatzeko, bereziki estreinaldirako egindako bideoa.


Cordobako Gerorak “El Vasco” filma publizitatzeko bideo bat zabaldu du.

13. urtemuga euskara, jolasak eta musika lagun

Estreinaldia, Gerorak joan den larunbatean, irailaren 9an, bere urtebetetzea ospatu ostean dator, Goizetik iluntzera bitartean jarduerak antolatu zituen, bere urteurrena ospatu eta Diasporaren Egunarekin bat egiteko. Jaia "Mintza" batekin hasi zen, hau da, maila ezberdinetako euskara ikasleen arteko solasaldi batekin. Bukatutakoan, elkarteko beste kide batzuk batu zitzaizkien bazkaria partekartzeko eta ondoren musika, kantua, jolasak, berriketa, oroitzapenak eta barrearen unea izan zen. "Aspaldian ikusten ez genuen jendea ere etorri zen, eta oso hunkigarria izan zen", aitortu digu Elba Mocoroak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia