euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

12 euskal etxetako 30etik gora zuzendari bildu ditu joan den asteburuan Pergaminoko Lagun Onak-en FEVAk eginiko Topaketak

2017/10/05

Pergaminon egin zen FEVAren tailerra danborrada jotzen ikasteko tailer bat eskaini zen
Pergaminon egin zen FEVAren tailerra danborrada jotzen ikasteko tailer bat eskaini zen

PUBLIZITATEA

FEVAk deituta, 30etik gora lagun bildu ziren joan den asteburuan Pergaminon, Euskal Etxeen Topaketan parte hartzeko. Elkarretaratzean, elkarteetako zuzendarientzako formakuntza eta oro har erakundeetako kide ela lagunentzako tailerrak eskaini ziren. Pergaminoko Lagun Onak Euskal Etxeak antolatzen zuen mota honetako lehenengo saioa izan da eta balantze ezin hobea egin dute anfitrioiek eta bisitariek. “Aurrez aurreko kontaktu hau estimatzen dut bereziki”, aitortu dio Lagun Onak-eko lehendakari Carlos Miguelenak EuskalKultura.com-i.

 

Pergamino, Argentina. FEVAren Topaketa irailaren 30ean eta urriaren 1ean --joan den larunbat-igandean-- egin da Pergaminoko Lagun Onak-en instalazioetan. Partaide aldetik, deialdia arrakastatsua izan da oso, hamabi elkarteko hogeita hamarretik gora lagun aritu baitira. Euskal Etxeen artean, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat, Buenos Airesko Laurak Bat, Jose C. Pazeko Toki Eder, Cordobako Gerora, Juningo Arbola Bat, Rosarioko Zazpirak Bat, Posadaseko Euskal Jatorri, Bahia Blancako Unión Vasca, Chivilcoyko Beti Aurrera, Necocheako Euzko Etxea, Mar del Platako Denak Bat eta San Nicolaseko Euzkal Etxea.

Aktibitateak larunbat goizean hasi ziren FEVAko agintarien agurrarekin eta horren ostean, Mariana Satostegui Euskadiko Ordezkaritzako teknikoak “Eusko Jaurlaritzari diru laguntza eskatzeko gomendio eta aholkuak” izeneko hitzaldia eskaini zuen. Arratsaldean, eta elkarteetako agintariei zuzenduta, “Zeintzuk dira euskal etxeen arazoak eta arazoen irtenbideak?” hausnartzeko tailerraz arduratu zen Arrecifeseko Ana Idigoras.

Jarraian, hiru tailer burutu ziren arratsaldeko 6:30etatik aurrera, hauek bai komunitate osoari begira. Sukaldaritza Tailerra San Nicolasko Euzkal Etxeko lagunek eman zuten; Musekoa, berriz, Necocheako Patxi Soraluce eta Juningo Hugo Andiazabalen esku egon zen. Eta danborrada Tailerra anfitrioiek zuzendu zuten. “Jende ugari bertaratu zen Euskal Etxera tailerretan parte hartzera” aitortu dio Carlos Miguelenak EuskalKultura.com-i. “Hiru talde jendetsu osatu genituen eta hiruretan asko ikasi zen, giro ederrean gainera”. Topaketaren lehenengo eguna afari batekin bukatu zen.

Igande goizean, elkarretaratzearen bigarren saioan, hausnartzeko tailerra itxi zuen Idigorasek eta agur bazkaria partekatu zuten anfitrioi eta gonbidatuek. “Partaidetza nabariaz gain”, adierazi digu Miguelenak “Topaketa hauek aurrez aurreko eztabaidak sortzeko ematen duten aukera azpimarratu nahiko nuke. Euskal Etxeok behar dugu aurrez aurreko kontaktu hori, komunikazio hori, gure esperientziak konpartitzeko”.

FEVAren hurrengo ekitaldia Txikien Topaketa izango da, urriaren 7an, Llavallolgo Euskal Echea Ikastetxean. Azaroan, berriz, Euskal Astearen baitan, Euskal Etxeen bilera egingo da, azaroaren 11an, San Nicolasen.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia