euskal diaspora eta kultura
2010/01/06
PUBLIZITATEA
Chascomus, Argentina. Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordetik ohar baten bidez adierazi denez, Udalekuren lehenengo egunean, jendeak bere burua akreditatu eta gero, ezagutza jokoak egin ziren eta Euskal Herritik etorritako bost begiraleen aurkezpena egin zen. Eziko Udalekua elkarteko kideak dira eta hauek dira euren izenak eta herriak: Laura Mendizabal (Urretxu), Irene Larrañaga (Zizurkil), Maialen Costa (Hernani), Joseba Yarza (Donostia-San Sebastián) eta Eneko Lizarra (Lasarte).
Ondoren begiraleek, bideo bat baliatuz, Euskal Herriari buruzko begirada orokor bat eskaini zuten, tradizioak, kirolak eta kultura azpimarrartuz, eta Euskal Herriko udalekuen ezaugarri eta jakingarriak adieraziz. Ekitaldi hauek Euskal Etxearen egoitzan gauzatu ziren.
[Udalekuko partaideak Chascomuseko euskal etxearen egoitzan]
[Begirale, arduradun eta kolaboratzaileak Zingirako Euskaldunak-en egoitzan]
Bazkaria Chascomuseko Pilota Klubean egin zen eta gero mus saio bati ekin zitzaion, teoria zein praktika alorretako eskolak emanez. Arratsaldera pasaturik, taldekako ezagutza jokoek segitu zuten 1 zenbakidun udal eskolako SUM delakoan. Askaltzeko etena eginik, hau euskal etxean, egoitzan aurrean jarraitu zuten ekitaldiek, ondoren afaria Kirol Elkartean egiteko.
Bigarren Udaleku egunari dagokionez, atzo asteartea, Euskal Etxean gosaldu ostean, udalekukideek Estropada Klubera joan ziren, bertan Herri Kirolak egiteko, tartean arraunean, hori eguerdira arte, Pilota Elkartearen eskutik. Arratsaldez, Herri Kirolek 1 zenbakidun Udal Eskolan eta Plaza Goualliard-en segitu zuten, afaltzeko ordua irsitsi arte, Chascomuseko Kirol Elkartean.
[Udalekuk garatzen duen ekimenetako bat, kasu honetan Pilota Elkartearen egoitzan, museko teoria eta praktika arloko eskolak dira. Hona hemendik gutxirako txapeldunak]
[2010eko Chasmuseko Udalekuko taldearen argazkia]
Gaur asteazkenerako, joko, jolas eta ekimenak 'Libres del Sur' Parkean egingo dira, goizez, eta arratsaldez, berriz, hiriko Athletic Elkartean.
Antolatzaileek esker bereziak eman nahi dizkiete: Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta bertako Kirol eta Kanpo Harremanetarako diputatu Iñaki Galdosi; Tomas Michelini jaunari; Pilota eta Kirol Klub edo Elkarteetako Zuzendaritza Batzordeei; Udal buruzagiei, bereziki Kirol zuzendari Gustavo Armendariz-i; Turismo idazkari Jorge Brucetta ingeniariari; eta Gizarte Garapen Idazkari Teresa Astudillo abokatuari.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus