euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

117. urtemugan ‘Jean Pierre Passicot’ jarri diote bertako liburutegiari Iparraldeko Euskal Etxeko lagunek

2012/05/21

Iparraldeko Euskal Etxearen 117. urtemugaren irudiak (argazkiak EE)
Iparraldeko Euskal Etxearen 117. urtemugaren irudiak (argazkiak EE)

PUBLIZITATEA

Joan den ostegunean ospatu zuten erakundearen 117. urteurrena Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxean. Ekimena famili giro bildu eta hautu batean gauzatu zen elkartearen egoitzako kultur aretoan, eta hiriko zenbait euskal erakundetako ordezkariak batu zituen. Ekimenaren baitan, Jean Pierre Passicot izenarekin bataiatu zen etxeko liburutegia. Euskaltzale handia eta erakundeko lehendakari eta fundatzaileetakoa izan zen Passicot-en jardunbidea laburbildu ondoren haren omenezko plaka desestali zen eta Euskaltzaleak-eko abesbatzak euskarazko doinu batzuk kantatu zituen. Zeremonia bukatzeko, topa egin zuten bildutakoek erakunde anfitrioiaren alde.

Buenos Aires, Argentina. “Aurreko urteetan ez bezala, 2012 honetan ez dugu afari handirik egin; horren ordez, etxekoen arteko mahai baten inguruko elkarretaratze bildua egin dugu. Erakundeko kideetako batzuk adinean gora etoriak daude eta asmoa zen bilkura sinpleagoa egitea baina beti euskal izpiritua atxikiz”, azaldu dio EuskalKultura.com-i Kultur Azpibatzordeko kide eta elkarte antolatzaileko idazkaria den Norma Rios-ek.

Buenos Aireseko euskal komunitateko beste erakunde historiko batzuetako ordezkariak deitu ziren Moreno kalean dagoen eraikuntzara zeremonian presente egotera, tartean, Laurak Bat euskal etxeko lehendakari eta FEVAko lehendakari ordea den Arantxa Anitua, Crisanto Ayanz Nafar Etxeko lehendakaria eta Enrique Fagoaga Iparraldeko Euskal Etxeko lehendakariorde eta Euskal Echea elkarteko lehendakaria dena. Euskaltzaleak euskaltegiko abesbatzak ere hartu zuen parte urtebetetze topaketan, abesti batzuk eskainiz.

Elkarretaratzea Iparraldeko Euskal Etxeko lehendakaria den Ernesto Cornejo Saraviaren ongietorri hitzekin hasi zen. Segidan, Juan Carlos Ibarrolak, aurkezle gisa, esker beroak eman zizkien bildutako lagunei eta Mikel Ezkerrori pasatu zion lekukoa honek Iparraldeko Euskal Etxearen historiaz eta bertoko Kultur Azpibatzordeak egiten duen lanaz egin zezan. Mikel Garikoitz, euskal etxeak bere zaindari edo patroi hautatu zuen euskal santua ere aipatu zuen Ezkerrok bere mintzaldian.

‘Jean Pierre Passicot’ liburutegia

Etxe anfitrioiko lagunek azaldu zieten bildutakoei Iparraldeko Euskal Etxearen erabakiz Jean Pierre Passicot-en izena ipini zitzaiola etxeko liburutegiari, eta delibero hori ofizialki gauzatzeko plaka bat estreinatu behar zela. “Jean Pierre Passicot, Donibane Lohizune-n jaioa, 1880. urtean heldu zen Argentinara. Hemen Iparraldeko euskal etxeko sortzailetako bat izan zen, eta elkarteko lehendakaria 1895-1920ko eta 1922-1927ko tarteetan. Horretaz gain, Banco Frances del Rio de la Plata bankuko eta ospitale eta ostatu frantziarren lehendakaria, eta Arkitekto eta Kontratisten elkarteko sortzailea izan zen. Euskal kulturaren aldeko bere babesa ere ikus daiteke Baskonia, Euskal Herria, Haritza eta Euskaria proiektuei emandako sostengu eta diru-laguntzetan. Azpimarratzekoa da ere Juan Simon Jaca eta Martin Errecaborderekin batera, Euskal Echea Institutua sortu zuela. Passicot auto istripu batean hil zen 1937an, Baionan”, azaldu zuen Ibarrolak.

Arantxa Anituak eta Cornejo Saraviak izan zuten Passicot-en omenezko plaka desestaltzeko ardura eta Euskaltzaleak-eko abesbatzak jarri zion musika momentu hunkigarriari. Topaketa bukatzeko, bildutakoek topa  egin zioten erakundearen etorkizunari. “Ondo baino hobeto atera zen ospakizuna, giro ederrean eta lagun artean, primeran”, laburbildu du Norma Rios-ek.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia