euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

116 urte bete dituen Iparraldeko Euskal Etxeak kultur ekintza zabala eskainiko dio aurten ere komunitateari

2011/04/05

Iparraldeko Euskal Etxeko Kultura Batzordeko kide eta lagunak
Iparraldeko Euskal Etxeko Kultura Batzordeko kide eta lagunak

PUBLIZITATEA

“Erkidegoko kideen arteko harremanak estutu eta sendotzeko asmoarekin” sortu zuen duela 116 urte Buenos Aireseko 'Centro Vasco Frances-Iparraldeko Euskal Etxea' Ipar Euskal Herritik Argentinara etorritako euskaltzale talde batek. Urteak pasa dira baina izpiritu hori ez da desagertu. Izan ere, erakundeko Kultura Azpibatzordeko kideek mota askotako ekintzak garatzen dituzte urtean zehar Euskal Herriko ohiturak eta Buenos Aires hiriburuko euskaldunen artean dauden loturei eutsi ahal izateko; hori dela eta, eta Jean Pierre Passicot etxeko Zuzendaritza Batzordeko lehenengo lehendakariarekin hitzekin bat eginez, “euskalduna naiz, euskaldun bizi naiz, euskaldun hilko naiz eta berpiztuko banintz euskalduna izango nintzateke”, esaldiari eusten diete irmo Iparraldeko euskaldunen ondorengoek.

Buenos Aires, Argentina. 116 urte bete ditu joan den apirilaren 1ean Buenos Aireseko 'Centro Vasco Frances-Iparraldeko Euskal Etxeak'. Mendean zehar eta garai bakoitzaren joerari egokituz, Ipar Euskal Herria eta Argentina elkarrengana hurbiltzea izan da euskal erakunde honen xedea. Helburu hau betetzen jarraitzeko asmoz eta aurreko urteetan bezala, 2011 honetan ere ospakizun, mintzaldi eta zine-zikloa gauzatuko dira 'Iparraldeko Euskal Etxean', bertako Kultura Azpibatzordearen eskutik.

Hitzaldiei dagokienez, hilean behin izango dira --beti asteazkenetan--, arratsaldeko 7:30etan. Lehenengoa, “Euskal Herriko baleontziak” izenburuarekin, datorren apirilaren 27an burutuko da, Emilio de Candido hizlari. Hurrengoa, maiatzaren 18an, Herri Urrats jaiari buruz izango da, eta Mariana Arlak eta Carlos Bordagaray-k izango dute informazioa emateko ardura. Ekainaren 22an Eduardo Torry-ren esku “Nortasun euskalduna Argentinan” hitzaldia entzun ahal izango da Iparraldeko Euskal Etxean, eta uztailaren 4ean “Emakume euskalduna” izango da Koldo Zabalondo eta Maite Oianguren-en aurkezpenaren gai nagusia. Jarraitzeko, abuztuaren 14, 17 eta 24ean, hiru eguneko “Euskal Herriaren Historia” izeneko ikastaroa eskainiko du Mikel Ezkerrok. Irailaren 24an, Norma Rios-ek “Euskal artzain txakurra”ri buruz hitz egingo du; urriaren 19an “Karaktereen bilakaera Japonen” izango da Rosa Misciagna-ren gaia eta azaroaren 23an, “Euskaldunen eragina tangoan” Mario Arragaren hitzaldiarekin bukatuko da zikloa.

Iparraldeko jai esanguratsuek ere bere lekua dute Buenos Aireseko euskaldunen egutegian. Sorgin Afaria, Herri Urrats, Biper Eguna, Baionako Pestak eta Olentzero Gaua ospatuko dira Moreno kalea helbide duen etxean.

Kultur ekintzen artean, hileko lehenengo eta hirugarren asteazkenetan nazioarteko pelikulak botako direla zinemazaleentzat, jakinarazi digute Iparraldeko Euskal Etxeko Kultura Azpibatzordeko kideek.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia