New York, AEB. Estatu Batuetako euskal etxerik zaharrenak 111 urte beteko ditu eta asteburu honetan ospatuko du, elkartearen "iraganari, orainari eta etorkizunari aitortza eginez", ospatu ere igandean, azaroaren 17an, Euzko Etxearen Ecford Streeteko egoitzan. Mende bat pasatxo darama Etxeorratzen Hirian Euzko Etxeak bertara batera edo bestera iristen diren euskaldunen biltoki, eta euskal kulturaren suaren hauspo, eta efemeridea gogoratzeko egun osoko programa prestatu du, jarduera batzuk publiko orori irekiak, eta besteren bat berezia bazkideentzat.
Ospakizuna Dantza Tailer batekin hasiko da igandean, goizeko 10etan, publikoari irekia eta doan. Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman behar dute izena izena eman behar da aldez aurretik, hemen. Eguerdiko ordu batean, Urtebetetze Bazkaria eta barra irekia izango dira, kasu honetan Euzko Etxeko bazkide eta gonbidatuentzat bakarrik (Informazio gehiago, hemen). Bazkarirako izena emateko azken eguna azaroaren 13a da, hemen egin beharrekoa.
Euzko Etxearen areto nagusia, urrian bere egoitzan egindako neguko pintxo-potearen irudian
New Yorkeko Maratoiko euskal korrikalariak, Euskadiren Ordezkaritzak oparitutako elastikoak soinean
Egunari behar bezalako amaiera emateko, zer 'euskaldunago' musean aritzea baino. Horretarako euskal elkarte newyorktarrak Mus Txapelketa bat antolatu du, arratsaldeko 4etatik aurrera, publikoari irekia, doan; eta partidak neurriz ‘girotzeko’ patxaran dastaketa bat ere eskainiko dute. Izena hemen behar da eman.
Urte amaiera bertan EENY harro egon daiteke eta balantzea positiboa egiteko moduan dagoela esan, Zuzendaritza berriak estreinaldi polita izan baitu, guztiak laguntzaile. Gogora dezagun urrian neguko pintxo-potea arrakastatsu bururatu duela, 111 urte hauetan egin duen bezala ongietorria emanez hirian dauden edo epe baterako paseoan, edo lanak eraginda, biltzen diren euskaldun eta euskaltzaleei.
2024ko New Yorkeko Maratoia
Aurreko urteetan bezala, Eusko Jaurlaritzaren Estatu Batuetako Ordezkaritzak harrera-ekitaldia egin zien New York Hiriko Maratoian parte hartu zuten euskal korrikalariei eta euren familia edo laguntzaileei. Harrera azaroaren 2an, Maratoiaren bezperan, izan zen Euskadiren Ordezkaritzaren egoitzan, Manhattanen. Ekitaldia primeran joan zen eta korrikalari eta senitartekoak, baita antolatzaileak ere oso pozik gelditu ginen, esan dio EuskalKultura.eus-i Euskadiren AEBrako ordezkaria de Unai Telleria oñatiarrak.