euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

110.000 bisitari izan ditu 2017ko Durangoko Azokak: Basque Global Network stand berezituz bertaratu da

2017/12/11

Xabier Irujo Ametzaga historialaria liburuak sinatzen 52. Durangoko Azokan (arg. EuskalKultura.com)
Xabier Irujo Ametzaga historialaria liburuak sinatzen 52. Durangoko Azokan (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Urtero bezala Azokako bost egunak di-da batean joan dira eta konturatu orduko ateak itxi ditu dagoeneko kultur hitzordu honen 52. edizioak. Diasporaren presentziak protagonista berezi bat izan du aurten, lehenengoz standa ipini baitu Basque Global Network ekimenak, munduko euskal komunitatea harremantzea helburu duen Eusko Jaurlaritzaren proposamenak. Diasporatik etorriak ikusi ditugunen artean, Nevada-Reno Unibertsitatetik, Xabier Irujo historialaria, bere azken liburuaren aleak sinatzen.

Durango, Bizkaia. Antolatzaileek zein erakusketariek balantze ona egin dute eta gustura agertu dira eguraldiak gehiegi lagundu ez duen Durangoko Azokaren 2017ko edizio honetan. Gerediagatik jakinarazitakoaren arabera, 110.000 jende gerturatu zaizkio azokari abenduaren 6tik 10era eta ekitaldiak 7,2 milioi euroko eragin ekonomikoa utzi du. Zortzi guneetako egitarauak pisua hartu du Azokan eta nonbait gero eta bisitari gehiagok egitaraua kontuan hartzen du bere plana egiterakoan. Diaspora alorrean, aurten euskal etxeek ez dute ezarri azkeneko bi urteetan bezala stand propioa Jaurlaritzaren eskutik, eta standa ipini duena, aldiz, Basque Global Network (BGN) izan da, Euskal Herria diasporizatu lelopean munduko euskaldunen webgunea bilakatu nahi duen ekimena, Eusko Jaurlaritza babesle.


Basque Global Network-en standa Durangoko Azokan, Mario eta Claudia gazteak esplikatzaile (arg. EuskalKultura.com)

Kanpoan den Euskal Komunitatearen Zuzendaritzatik jakinarazi denez, BGN sare sozialaren helburua "munduko euskal komunitatea harremanetan jartzea" da, bilduz besteak beste, "Euskaditik kanpo lan egiten duten euskal herritarrak, Euskadin bizi diren eta nazioarteko proiekzioa duten euskal herritarrak, euskal kultura eta tradizioak maite dituzten pertsonak eta munduan kontaktu berriak nahi dituzten edozein sektoretako profesionalak".

BGNren bitartez, "ideiak, dokumentuak edota multimedia edukiak parteka daitezke, Euskadiko gaurkotasunaren berri" izanez. Taldeak sortzeko aukera ere ematen du BGNek erabiltzaileen interesen arabera.

Azoka egunetan, Diasporarekin harremana daukaten pertsonak ikusi ahal izan dira bisitarien artean, eta liburu batzuk ere egon dira stand batzuetan, besteak beste Nevada-Renoko Unibertsitateko eta Buenos Airesko Ekin argitaletxeko izenburu batzuk.

Liburuak sinatzen, Xabier Irujo Ametzaga ikusi dugu --Caracasen jaioa berau eta familiaz zein lanbidez Diasporari lotua zeharo-- Gernikako sarraskiari buruzko bere azkeneko liburua sinatzen. Renotik atera eta Uruguaiko Diasporak zenbait lekuetan antolatutako ekitaldietan hitzaldiak eman ondoren etorria da Euskal Herrira. Standen atzean zeuden musikarien artean ere, erabat itxi gabe oraindik, baina 2018ko udako planetan Idaho-Nevada-Kaliforniarako bidaiarik aurreikusten duten sortzailerik topatu dugu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia