Santiago, Txile. Bizitza luze eta oparoa bizi izan zuen Antonio Andres Urbieta plentziarrak. 1918ko irailaren 22an jaioa, Francok estatu-kolpea eman zuenean 17 urte egiteko zegoen eta irail hartan Bilbon, Molaren hegazkinen bonbardaketa batean zauritu zuten. 1937ko apirilean Irrintzi bataloi jeltzalera batu zen gudari. Preso hartu zuten Urduñan, Konzentraziogunea Burgosen, "langileen bataloia" trintxerak egiten, berriz ere zauritua, 14 hilabetez preso, eta 1941an ontzi batean sartu eta Buenos Aireseraino iritsita, ihes egin eta bost urte emango zituen Argentinan. Ondoren kamioiz Txilera pasatu eta bertan ezkondu eta egin zuen bizitza. Santiagon bizi izan da 1948tik 2020ko otsailean hil den arte.
Hau laburpena besterik ez da. Bere bizitza Antonio Andres Urbietak berak kontatua irakurri nahi baduzu --erraz eta arin irakurtzen da-- hemen klik eginez egin dezakezu. Santiagon egon den urteetan, hiriburuko Euzko Etxeko kide aktibo --bera eta familia-- izan da, bertako Euskal Abesbatza famatuko partaide eta oro har pertsona aktiboa euskal komunitatearen ekimenetan. Orain dela 17 bat urte Euzko Etxeko liburuzain Pedro Oyanguren-entzat idatzi eta honek, Antonioren heriotzaren karietara, atera ditu. EuskalKultura.eus-ek, EEko Berriketari aldizkariko María Angélica Carrasco eta Luis Ignacio Bastarricaren politesiaz eskuratu ditu. Mila esker eurei eta oroitzapen berezi eta hunkitua Antonio Andres Urbietari. GB.
-Bigarren esteka bat Antonio Andrés Urbietaren bizitza-ra, berak kontatu legez